Alaia Martin nagusitu da Amurrion jokatu den Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetako bigarren itzuliko lehenengo saioan, 676 puntu eskuratuta. Bertsolari oiartzuarra sailkapen orokorraren buru zegoen lehenengo itzulitik eta bere markari eustea lortu du gaur ere. Finalerako bidea, beraz, zabalik dauka momentuz, eta dagoeneko esan daiteke Iruñeko oholtzako aulkietako batek bere izena daramala.
Eguraldia hotz eta saioa ere tankera berean joan da gaurkoan, dizdira handiko unerik gabe, baina bertsolariak oso zuzen ibilbi diren Beñat Vidalek proposatu dizkien gaiei erantzuten. Martinen atzetik sailkatu dira Aitor Bizkarra (651,5 puntu), Oihana Iguaran (632,5 puntu), Onintza Enbeita (632,5 puntu), Agin Laburu (624 puntu) eta Miren Artetxe (595,5 puntu).
1250 bertsozalek bete dute Bañueta kiroldegia saioa bertatik-bertara jarraitzeko. Ariketa puntuagarriak aurrera joan ahala berotzen joan den giroa eta akaso ale ederrenak bakarkako ariketetan josi zuten bertsolariek. Martinek ariketa honetan eskuratu ditu puntu gehien. “Gaur arte ez zara ausartu, oraingoan erantzun egin duzu” izan da bertsolari bakoitzak erabakitako doinu eta neurrian erantzuteko ariketaren gaia eta Martinek edoskitzea hartu du mintzagai. Parke batean bere haurrari titia ematen ari zaion ama baten paperetik abestu du.
Finalaurrekoetako lehenengo itzulian eskuratutako puntuei atzokoak batuta, bertsolari oiartzuarra sailkapenaren lehenengo postuan mantendu da, denetara 1405,5 puntu bilduz. Bertsolariek datozen asteburuetan jokatuko diren bi saioetako emaitzei itxaron beharko dute, hala ere, finalera sailkatu diren jakiteko. Izan ere, sailkapen orokorreko lehenengo zazpiak izango dira datorren abenduaren 18an Iruñeko Nafarroa Arenan ospatuko den finalera iritsiko direnak, aurreko edizioko txapeldun Maialen Lujanbiorekin batera.
Azkeneko bi finalaurrekoek erabakiko dute Iruñeko oholtza. Hala, datorren astean Baionako finalaurrekoaren txanda izango da. Bertan arituko dira Beñat Gaztelumendi, Eñaut Martikorena, Julio Soto, Nerea Ibarzabal, Sustrai Colina eta Unai Agirre. Hurrengo asteburuan, abenduaren 3an, Bilbon ospatuko da azken finalaurrekoa. Kasu honetan, Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Joanes Illarregi, Jone Uria, Maddalen Arzallus eta Saioa Alkaiza ariko dira bertsotan.
Sarrerak www.bertsosarrerak.eus helbidean eskuratu daitezke dagoeneko.