Buscar
Cultura

Alaia Martin, nagusi Elizondoko finalaurrekoan

Bertsolari oiartzuarrak Bertsolari Txapelketa Nagusiko bere bigarren garaipena eskuratu zuen eta zuzenean igaroko da Amurrioko finalaurrekora
1.400 bertsozale bildu ziren atzo Elizondoko Baztan Pilotalekuan.
1.400 bertsozale bildu ziren atzo Elizondoko Baztan Pilotalekuan.

Alaia Martin nagusitu zen atzo Elizondon ospatutako Bertsolari Txapelketa Nagusiaren lehenengo finalaurrekoan. Oiartzuarra alde nabarmenarekin nagusitu zen txapelketako bigarren fase honetako lehenengo itzulian, 729,5 punturekin, eta finalerako bidean urrats sendoak ematen ari dela erakutsi zuen. Izan ere, jokatutako bi saioetan garaipen bana eskuratu du, eta puntuazioetan ere gorenean mantendu da orain arte.

Bertsolari guztiek eman zuten beretik Amaia Kastorenek gidatutako saioan. Joanes Illarregik bigarren egin zuen, 711 punturekin. Bertsolari nafarra txapelketa ederra osatzen ari da, lehenengoa izanagatik ere. Agin Laburuk, bere aldetik, 677 puntu eskuratu zituen, eta haren atzetik gelditu ziren Unai Agirre (652,5 puntu), Onintza Enbeita (639,5 puntu) eta Iñaki Apalategi (623 puntu). Baztan pilotalekua bete zuten 1.400 bertsozaleek taula gainekoek eskainitako saioa gozatzeko parada izan zuten.

Garaipen honekin, Martinek datorren azaroaren 19an Amurrion jokatuko den finalaurrekoetako bigarren itzuliko lehenengo finalaurrekorako pase zuzena eskuratu du. Bertan, Datorren larunbateko Donibane Garaziko saioko irabazlearekin eginen du topo, eta puntuazioz sailkatuko diren beste lau bertsolariek osatuko dute saioa.

Illarregik, Laburuk, Agirrek, Enbeitak eta Apalategik finalaurrekoetako gainontzeko saioen emaitzei itxaron beharko diete, eskuratutako puntuekin txapelketaren hurrengo fasera igaroko diren jakiteko.

Ainhoa Arregi Elosua, Bakarne Urreaga Etxeberria, Ekaitz Elorriaga Anduaga, Eneritz Azkue Basurko, Joseba Beltza Bengoetxea, Joseba Santxo Uriarte eta Maialen Berra Zubieta izan dira bertsolarien lana baloratu duten epaimahaiko kideak.

Bertsolariek egin beharreko lanak aldatu egin dira aurreko fasetik. Lehen bezala, binaka aritu ziren zortziko handian eta txikian lehenengo. Gero, berriz, puntuka egin zuten zortzi bertso osatu arte eta seiko motzean hiruna bertso bota zituzten gero. Azkenean, ganbarako lana egin zuen seikoteak: “Eskua hartu dizu. Indartsuago sentitu zara”. Guztiek eman zuten bere onena azken ariketan, baina Enbeitak une bereziki hunkigarria eskaini zuen, azken bertsoa abesten ari zela negarrari eutsi behar izan zionean.

Urriaren 29an izango da hurrengo finalaurrekoa, datorren larunbatean, Donibane Garazin. Bertan kantatuko dute Aitor Etxebarriazarraga Gabiolak, Amets Arzallus Antiak, Asier Azpiroz Iztuetak, Haritz Mujika Lasak, Nerea Elustondo Plazaolak eta Oihana Iguaran Barandiaranek. Saioa 17:00etan hasiko da Jai Alain.

Finalaurrekoetarako sarrerak dagoeneko eskuratu daitezke www.bertsosarrerak.eus atarian.

Etiquetas
2022-10-24T07:00:03+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo