Gipuzkoa

Aldiri kiroldegira telefono mugikorraren bitartez sartzeko aukera

Urretxuko Udalak Eusko Jaurlaritzaren Nik Patrika Digitala ekimenarekin bat egin du
Urretxuar bat kiroldegira mugikorraren bitartez sartzen. / Asier Zaldua

Urretxuko Udalak Nik Patrika Digitala ekimenarekin bat egin du. Nik Patrika Digitala Eusko Jaurlaritzak garatu duen aplikazio bat da. Bere eskutik, urretxuarrak telefono mugikorraren bitartez sartu ahal izango dira Aldiri kiroldegira. Liburutegiko liburuak hartzeko ere telefonoa erabili ahal izango dute. Ez dituzte kiroldegiko eta liburutegiko txartelak patrikatik atera beharko.

Nik Patrika Digitala erremintak datu pertsonalak telefono mugikorrean gordetzen ditu, modu seguruan. Aplikazioak hainbat egiaztagiri telefonoan gordetzeko aukera ematen du: Osakidetzako txartela, liburutegikoa edo Aldiri kiroldegikoa, kasu.

Hemendik aurrera, Aldiriko bazkideak, bertako ikastaroetan parte hartzen dutenak edo Goierri kirol elkartearen talderen batean jokatzen dutenak txartel digitalaren bitartez sartu ahal izango dira kiroldegira. Txartel digitala erabili ahal izateko 16 urte beteak izan behar dira.

Nik Patrika Digitala aktibatzeko hiru pauso eman behar dira: aplikazioa deskargatu, aplikazioko txartel bilatzailera jo eta Urretxu: Kiroldegiko txartela hautatu eta txartela deskargatu. Txartela aktibatzeko beharrezkoa da BakQ identifikazio sistema elektronikoa izatea. BakQ ez dutenek, doan eskura dezakete Urretxuko Udalaren herritarren arreta zerbitzuan.

Aplikazio horri esker, erabiltzaileek beraien egiaztagiriak formatu digitalean izango dituzte eta azkar eta modu seguruan erabili ahal izango dituzte, mugikorra aterata. Zerbitzu presentzialetarako zein telematikoetarako balio du.

Nik Patrika Digitala Eusko Jaurlaritzaren Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailak garatu du. Osakidetzako, liburutegiko eta kiroldegiko txartelez gain, familia ugariena eta Gazte Txartela ditu. “Ekimen honen eskutik, Urretxuko Udalak pauso bat gehiago eman du bere zerbitzuen modernizaziorantz, herritarrei egunerokoa erraztuz eta udal instalazioetara sarrera eraginkorragoa eta seguruagoa eginez”, esan du Udalak.

Urretxuko Udalak azken osoko bilkuran onartu zuen Nik Patrika Digitala egitasmoarekin bat egitea, alderdi guztien aldeko botoarekin.

Urretxuko Aldiri kiroldegian ikastaro asko antolatzen dira. Haurrek eta nerabeek gimnastika erritmiko eta Gaztefit ikastaroean parte har dezakete. Adinekoek, berriz, hirugarren adinekoentzako gimnasia eta +60 pilates ikastaroak dituzte.

Entrenamendu intentsoagoak nahi dituztenek, Total Body, HIIT, Total Training, Cycling, Zumba Fitness, Ciclopower, TRX, Power Gap eta Ciclo TRX saioetan parte har dezakete. Eskaintza zabalari esker, herritar guztiek beraien nahi eta beharretara egokitzen den ikastaroa egin dezakete.

Ordutegia ere zabala da: ikastaroak 7.00etatik 20.00etara ematen dira, herritar guztiek kirola egiteko aukera izan dezaten. Baina kiroldegiko gimnasioa erabiltzeko ez dago ikastaro batean izena eman beharrik. Gimnasioa 7.00etatik 22.00etara irekitzen da, nahi duten guztientzat.

11/02/2025