Larunbat honetan, otsailak 11, Bizkaiko Foru Aldundiaren baso-suteak itzaltzeko dispositiboa saritu egin dute 'Larrialdietako eta Babes Zibileko Merezimendua"-rekin. Saria Baso Zerbitzuko teknikariek, basozainek, Basalan foru enpresa publikoko langileek eta Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuko suhiltzaileek jaso dute.
Sari horiek gaur eman ditu Eusko Jaurlaritzak, 112 Zenbakiko Europako Eguna ospatzearekin bat. Saria Arabako, Gipuzkoako eta Arabako Baso eta Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuekin eta Bilboko, Donostiako eta Gasteizko suhiltzaileen zerbitzuekin partekatzen da eta EAEko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuek iaz Nafarroan eta Euskadin gertatu ziren baso-suteak itzaltzeko lanetan egindako lana aintzatesten du.
Etxanobe Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak eta Amaia Antxustegi Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko foru diputatuak Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian otsailaren 11n egindako ekitaldian izan dira.
Eusko Jaurlaritzak 2017an sortu zituen larrialdietako eta babes zibileko sariak, ohorezko izaera hutsa dute eta euren helburua esku hartzeko zerbitzu guztietako langileek egiten dituzten jarduketa azpimarragarriak eta, era berean, arrisku larriko, hondamendiko eta lazeria publikoko egoeretan herritarrak eta haien ondasunak eta ondare kolektiboa babesteko lanetan zerbitzu hauek duten inplikazioa eta eskaintzen duten laguntza jendaurrean aitortzea da.
Nafarroako baso-suteetan parte hartzea
Bizkaiko efektiboek bat egin zuten ekainaren 19ko, igandea, lehen orduetatik hedatu zen sute-oldea itzaltzeko lanekin. Sute horiek Nafarroako Foru Komunitateko hainbat tokitan gertatu ziren eta 15.000 hektarea inguru erre ziren baso-masaren (12.700 ha) eta laboreen (2.300 ha) artean, eta 700 pertsona baino gehiago atera behar izan zituzten leku horietatik.
Bizkaiko Foru Aldundiari dagokionez Basalan enpresako hiru talde (36 pertsona), Baso Zerbitzuko bi teknikari eta Prebentzio, Suteen Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko 41 kide joan ziren Nafarroara. Lan horiek burutzeko ponpa ama astun bat, baso-ponpa astun bat, zisterna astun bat, lur orotako hiru ibilgailu eta erremintak eramateko 3 pickup mobilizatu ziren.
Baso-suteak Bizkaian
Urriaren 23an, 24an eta 25ean Foru Aldundiko sua itzaltzeko zerbitzuek gogor egin behar izan zioten aurre Balmasedako eta Zallako lurretan piztutako suari, Bizkaian duela hiru hamarkada baino gehiagotik izan den handiena izan zena eta 498,50 hektarea kaltetu zituena. Sua itzaltzeko lanak hiru egunez luzatu ziren eta ehun langile baino gehiagok (Baso Zerbitzuko teknikariak, basozainak, Basalan foru enpresa publikoko langileak eta Suhiltzaile Zerbitzuko kideak) eta hogeita hamar bat ibilgailuk parte hartu zuten. Aste horretan bertan, urriaren 28an, Berangon, Zugaztietan eta Sondikan aldi berean piztu ziren suteei ere aurre egin zieten.