Fant Bilboko fantasiazko zinema jaialdiaren 31. edizioak Alice Loweri emango dio Fantasiazko Izarra saria eta Daniel Monzon eta Saturnino Garcia aitortuko ditu Ohorezko Fant sari banarekin.
Bilboko Udalak antolatzen duen Fant zinemaldiaren 31. aldia maiatzaren 2tik 10era egingo da, eta hiru saritu berriak Enrique Buleori gehitu zaizkie, zuzendari espainiarrak Fantrobia saria jasoko baitu.
Bada, Fantek Alice Lowe aktore, zuzendari eta gidoilari britainiarrari emango dio Fantasiazko Izarra saria, zinemaldiaren sari nagusia, hain zuzen ere. Gaur egungo fantasiazko zinemaren emakume ospetsuenetako bat da Lowe.
Bere azken film luzea Timestalker da, Sitgesko Zinemaldian estreinatua. Publikoak Black Mirror eta Darkplace telesailetan egindako lanagatik ezagutzen du berezik. Prevenge (2016) komedia beltz txalotua idatzi, zuzendu eta protagonizatu zuen, eta Sightseers (2012) ere protagonizatu eta idatzi zuen. Aktore gisa ibilbide luzea egin du zineman eta telebistan.
Bestalde, Fant zinemaldiak ibilbide luzea duten bi profesional omenduko ditu Ohorezko Fant sari banarekin: Daniel Monzon eta Saturnino García.
Daniel Monzon mallorcarra kazetaria eta zinema kritikaria izan zen zuzendari lanean hasi aurretik, eta zazpi film zuzendu ditu orain arte.
1999an egin zuen debuta 'El corazón del guerrero' filmarekin, Amsterdamgo Fantasiazko Zinema Jaialdian bi sari, Montrealgo Fant-Asia Zinemaldian Nazioarteko Film Onenaren Saria eta Portugaleko Fantasporto Zinemaldian Fantasiazko Film Onenaren Saria eskuratuz. Film horren emanaldi berezia eskainiko da Fant jaialdian.
2009an 'Celda 211' zuzendu zuen, beharbada bere lanik ezagunena, eta zortzi Goya sari irabazi zituen, film, zuzendari eta gidoi egokitu onenarenak barne. 'El niño' filmarekin Goya sarietarako 16 izendapen jaso zituen, eta 'Las leyes de la frontera' bere azken lana sei ataletan izendatuta egon zen Espainiako zinemaren sari nagusietan.