Navarra

Alokairu sozialera bideraturiko bizitegiak Elizondoko Herriko Etxean

Herria, Nasuvinsa eta Baztango Udalarekin lantzen ari den proiektuak 11 bizitegi aurreikusten ditu
Aitor Bazterrika Elizondoko alkatea, Aitor Jaen eta Jaime Fagoaga kargodunen artean.

Elizondoko Herria, Nasuvinsarekin eta Baztango Udalarekin elkarlanean, Herriko Etxean alokairu sozialera bideraturiko etxebizitzak eraikitzeko proiektu bat lantzen hasia da. Azken hilabeteetan egindako lanketaren ondorioz, Elizondoko Herriko Etxean 11 bizitegi sortzeko asmoa dago. Elizondoko batzarrean herriko alkate Aitor Bazterrikak azaldutakoaren arabera 900.000€ inguruko inbertsioa suposatuko luke proiektuak, eta Baztango Udalak 132.000 € hartuko lituzke bere gain.

“Kanpoan entzundako hainbat kritikari erantzun nahian”. alkateak argi utzi nahi izan zuen proiektu hau gaur egun Herriko etxean bizi diren familiekin solastatu eta ahalik eta sentsibilitate handienarekin lantzen ari direla.

Proiektu honen lanketa aitzinatu xamarra omen dago, eta hilabete gutxiren buruan aurkeztea aurreikusten da. Dena den, aitzinetik Baztango Udalak herritarren artean dagoen etxebizitza beharra zenbaterainokoa den jakin nahi du. Bide horretan, etxebizitza eskaerari buruzko inkesta bat jarri du martxan Udalak. Sare sozialen bidez eta baztan.eus webgunearen bidez zabaldutako inkesta anonimoa da eta hainbat galdera proposatzen dira parte hartzaileen behar eta nahiak zeintzuk diren jakiteko. Ilbeltzaren 21era arteko epea jarri dute inkesta betetzeko.

ERRALDOIAK Bertzalde, Elizondoko Herriak Fernando eta Isabel, Elizondoko Konpartsaren erraldoien gomazko miniaturak eginen ditu. Iaz 75 urte bete zuten konpartsako erraldoi beteranoenek, eta horren harira konpartsak Elizondoko Herriari gomazko miniaturak egiteko proposamena helarazi zion, honek, batzarrean gaia azaldu ondotik, proposamena onartzea adostu zuen.

Gigantes Platero S.L. enpresarekin solastatu ondotik, erraldoien 450 bikote egitea aurreikusi da, eta moldeak prestatu eta gomazko erraldoiak egiteak 14.698 euroko aurrekontua izanen du. Mailegu gisako inbertsioa izanen da, dirua aitzinatuko da, eta inbertsioa osatzerakoan (416 bikote salduta), irabaziak Elizondoko Konpartsarendako eta Fantxike dendarendako izanen dira. Izan ere, udara begira eginen dituzte gomazko erraldoiak, eta Santio bestetan salgai jarriko ditu konpartsak, urtean zehar Fantxiken eskuratu ahal izanen dira, bikotea 36 euroan.

KONTUAK Elizondoko herriko batzarreak 2022ko kontuak ere onartu zituen. Jaime Fagoaga kargodunak eman zituen xehetasunak. Akitu berri den urtea 2.485,79 €ko superabitarekin hetsi du herriak, diru sarrerak 164.717,67 €koak izan dira eta gastuak, 162.231,88 €.

Sarrera eta gastu handienak aipatzearren, erran, diru sarrera handiena etxesariari esker bildutakoa izan da, 52.175,53 €. Bertzalde, Santio bestetako sarrerak 33.575,70 €koak izan dira, eta gastuak berriz 81.262,43 €koak. Udazkeneko feriei dagokienean, 27.660 €ko diru sarrerak eta 8,750 €ko gastuak izan ziren.

12/01/2023