Buscar
Navarra

Alokairu sozialera bideratzeko etxebizitza erosketa onartu du Baztango Udalak

Lurra erosiko du Baztanek eta Nasuvinsak eraikina. Enpresa publikoak 10 etxebizitza gaitzeko inbertsioa eginen du
Iruritako sarreran dago alokairu sozialeko bizitzak hartuko dituen eraikina.
Iruritako sarreran dago alokairu sozialeko bizitzak hartuko dituen eraikina.

Baztango Udalak, azaroko osoko bilkuran, Nasuvinsa, Nafarroako Gobernuaren enpresa publikoarekin batera Iruritan bizitegien bloke bat erosi, eta alokairuan emateko hamar babes ofizialeko bizitza egin ahal izateko hitzarmena onartu zuen.

Horren aitzinetik, urriko osoko bilkuran aurrekontu moldaketa bat onartu zuen Udalbatzak, eta azarokoan bertze pausu bat eman zuen, hitzarmena onartuz.

Onartutako hitzarmenaren arabera, 2009tik hutsik dagoen blokea erosiko dute bi erakundek. Baztango Udalak eraikinaren zolari dagokion zatia erosiko du eta Nasuvinsak, eraikina. Ondotik, elkarte publikoak barneko lanak akituko ditu.

Nasuvinsako teknikariek zolaren gehienezko prezioa 252,891,82 euroan finkatua zuten, BEZ aparte, eta azkenik 170.000 eurotan erosiko du Baztango Udalak, BEZ aparte. Zolaren zatia erosirik, Nasuvinsari hitzarmen bidez urririk utziko dio udalak.

Bertzalde, eraikina Nasuvinsak erosiko du, 260.000 euroan, BEZ aparte. Ondotik, eraikina barnetik akitu eta hamar bizitegiak gaitzeko 1.262.926,82 euroko inbertsioa eginen du enpresa publikoak.

Baztango Udalaren erranetan, bereziki aipagarria da akitu gabeko eraikina berrerabiliko dela, dagoeneko dagoena aprobetxatuz, nekazaritzako lurrik ukitu gabe. Kontuan hartuta Baztanen 860 etxetik goiti daudela, horrek behar du izan lehentasunezko bidea udalaren ustez.

PUNTU GARBIA Baztanen Garbigune bat eraiki ahal izateko aurrekontu moldaketa onartu zuen Udalbatzak aldeko 10 bozekin eta 2 abstentziorekin.

Baztango Udalak Nafarroako Hondakinen 2017-2027 urteetarako Planean ageri den moduan eta 14/2018 Foru Legeak eskatzen dituen helburuak bete ahal izateko etxe eta komertzioetako bilketa zerbitzuaren baitan bildutako hondakin arriskutsuak eta traste handiak bildu eta kudeatzeko eta herritarrei hauen depositurako espazio bat eskaini ahal izateko garbigune baten beharra duela azaldu zuen Udalak. Hondakin hauetako batzuen berrerabilpena eta zirkularitatea ahalbidetuko duen espazio baten beharra ere ikusi da.

Gaur egun Udalarekin bilketa hauek era bateratuan egiten dituzten Malerrekako eta Bortzirietako Mankomunitateek beren garbiguneak martxan dituzten honetan, edo ia martxan Malerrekaren kasuan, Baztanen hondakin mota hauen bilketa eta sailkapenerako espazio baten beharra ezinbertzekoa egiten da. 2023ko otsailean traste handiak eta birziklapen etxola txikietan bildutako hondakinak pilatu eta sailkatzeko gunerik gabe geratzeko arriskuan omen dago Baztan, izan ere, Malerrekarekin elkarbanatzen duen alokairuko nabean Baztan bakarrik jarraitzeko aukera ez da ziurra.

Honi gehitu behar omen zaio, Nafarroa mailan garbigunerik gabeko entitate bakarra izateko bidean dagoela Baztan, gaur egun Mankomunitate guztiek baitute beren garbigunea edota hau eraikitzeko proiektua martxan.

Egitura honen beharrak Baztanen aukera ezberdinak aztertzera eraman du Udala eta gaur egun bideragarria den aukera bakarra Iruritako Zaldubi Poligonoan omen dago. Aukera hau baliatu ahal izateko Baztango Udal Planaren aldaketa beharrezkoa da eta honekin batera lur eremu baten desjabetza.

Egin beharreko Udal Planaren aldaketarako eta beharrezko lur eremuaren desjabetza gauzatu ahal izateko aurrekontu moldaketa bat onartu zuen Udalbatzak, 29.208,75 euroko diru saila sortuz, zeina diruzaintzako gerakinarekin finantzatuko den.

2022-11-26T17:15:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo