Gipuzkoa

Altzibar auzoko lanak hil honetan amaituko dira

Mugikortasuna, azpiegiturak eta oinezkoen segurtasuna hobetu dira
Auzoko gune historikoa itxuraldatuta. | ARGAZKIA: N.G.

Altzibar auzoko erdigunea biziberritzea izan da legegin-tzaldi honetako erronka nagusietako bat Oiartzungo Udalarentzat. Horretarako urbanizazio lan integrala garatzeko proiektua abian jarri zuen duela urtebete. Lanak hil honetan bukatzea aurreikusten da eta 1,7 milioiko inbertsioa egin da.

Altzibar herriko bigarren auzo handiena da eta azken urte hauetan asko hazi da. Ondorioz, lan hauekin auzoa berritu eta bizitzeko toki erosoagoa izateaz gain, mugikortasuna hobetu eta oinezkoen irisgarritasuna eta segurtasuna handitu dira.

Agustin Lekuonak, Hirigintza zinegotziak, azpimarratu duenez, “legealdi honetako helburu nagusietako bat izan da Altzibar biziberri-tzea. Gune historikoa zaharkituta zegoen eta bagenuen auzoaren beharrei erantzungo zien proiektu garrantzitsua martxan jartzeko gogoa”.

Esan bezala, datozen asteetan bukatuko dute lanekin, “auzo atseginagoa eta irisgarriagoa izango da Altzibar eta behar dituen azpiegiturak izango ditu”, aipatu du.

Gainera, hasieran aurreikusita ez zeuden bi gune gehiago ere berritu dituzte: Mikelete eta Done Petri kaleen artean dagoen plaza eta Mikelete 10eko aparkalekua, azken hau bertako bizilagunekin elkarlanean gauzatua.

“Obrek bertako bizilagunei ahalik eta eragin gutxien sortzeko koordinazio lan handia egin behar izan dugu. Azken urte hauetan inbertsio garrantzitsua egin dugu auzoan itxura polita hartzen ari da Altzibar. Aurrera begira, frontoi estalia egiteko asmoa ere badugu eskuartean. Horrela, auzoaren behar nagusiei erantzuna ematea lortuko dugu”, ziurtatu du Lekuonak.

Biziberritze lanek bi fase izan dituzte. Hiru izan ziren lehenengo fasean egindako lan nagusiak: Aingeru-Zelai etxadiaren eremuan 105 plazako aparkaleku berria sortu zen eta aparkalekutik Agerrealdera joateko oinezko bide berria ere egin zen (horrela, Agerrealde eta Olalde oinez lotzeko bide zuzenagoa egin da). Bestalde, Olalderako sarreran biribilgunea egin zen, errepidearen segurtasuna hobetzeko. Amaitzeko Altzibartik Elizaldera igotzeko bidea ere berritu zuen Udalak.

Bigarren fasean, Altzibarko plaza eta Klarene, Martintxo, Mikelete eta Donepetri kaleko azpiegiturak berritu zituen, ur-hartuneak eta saneamendu sarea aldatu eta argiteria lurperatu zituen, eta orain Udala oinezkoentzat bideak egokitu eta errepide guztia asfaltatzen ari da.

10/10/2022