Buscar
Araba

Alzheimerraren aurkako urratsak

Gaixotasunen aurka, garrantzitsua da hainbat elkartek elkarri laguntzea eta indarra batzea
Lerro hauekin batera agertzen den irudian, Elisabeth Rackles eta Juanma Falcón. | ARGAZKIA: UTZITA
Lerro hauekin batera agertzen den irudian, Elisabeth Rackles eta Juanma Falcón. | ARGAZKIA: UTZITA

Gaixotasunen aurka, garrantzitsua da hainbat elkartek elkarri laguntzea eta indarra batzea. Eta horixe gertatu da, hain zuzen, Alzheimerren aurkako borrokan diharduten bi elkarteren artean. Hala, nabarmentzekoa da Estatu Batuetako Alzheimer Elkarteak CIC Bioguneren ikerketa bat finantzatuko duela datozen hiru urteetan. Ikerketa horren helburua da gaixotasun neurodegeneratibo horren diagnostiko goiztiarra egiteko modu berri bat identifikatzea.

Proiektua elkarte honen nazioarteko ikerketarako diru-laguntzen programaren esparruan onartzen ari da. Eta hipotesia planteatzen du nerbio-sistema zentraletik eratorritako exosomen metaboloma tresna ahaltsua izan daitekeela patologia horren biomarkatzaile berriak deskribatzeko eta Alzheimerraren gaixotasunaren azpian dauden aldaketa metabolikoak ulertzeko. “Ikerketa honek Alzheimer gaixotasunaren diagnostiko goiztiarrerako modu berri bat identifika dezakeela uste dugu. Gainera, proiektuak gaixotasunaren bilakaera ulertzen laguntzen du, eta horrek terapiak garatzeko aukera berriak sor ditzake”, azaldu zuen Juanma Falcónek, Ikesbasque ikertzaileak Cic Bioguneko Exosoma Laborategian eta proiektuaren ikertzaile nagusiak.

“Alzheimerraren gaixotasunerako biomarkatzaileek eskaera handia dute, diagnostiko goiztiarra eta, hala badagokio, terapia baten jarraipena egin baitezakete. Inbasio txikiko biomarkatzaile goiztiarrak identifikatzeko, pazienteen exosomak karakterizatuko ditugu metabolimia-metodoak erabiliz. Gure bigarren helburua exosomek gaixotasuna zabaltzeko duten eginkizuna ikertzea da. Beraz, Alzheimer gaixotasunaren exosomek neuronen metaboloman duten eragina aztertuko dugu in vitro eredua erabiliz”, gaineratu zuen. Alzheimer Elkarteak AEBn du egoitza San Diegon, eta haren diru-laguntzen programaren helburua da gaixotasun horrekin zerikusia duten ikerlari berritzaileak finantzatzea. Azaldu zutenez, orain arte, exosometan Alzheimer gaixotasunaren biomarkatzaileak aurkitzeko ikerketak batez ere proteomika eta transkriptomika metodoak izan zituen ardatz. Elisabeth Rackles proiektuaren ikertzaile nagusiak egingo du ikerketa. Duela gutxi, Alemaniako Walter Benjamin programaren doktoretza ondoko laguntza ospetsua jaso du. Halaber, Cic Bioguneko Exosomas laborategiko doktoratu ondoko ikertzaile-lanpostua betetzen du. Gainera, diru-laguntzaren bidez pertsona berri bat kontratatu ahal izango da, bere doktoretza egiteko hautagaia, proiektuan lan egiteko.

Zein da exosomen eta Alzheimerren arteko erlazioa? Exosomak zelulek askatzen dituzten besikula txikiak dira, eta zelularen egoera biologikoaren arabera aldatzen den molekula-karga bat dute. Beraz, exosomen konposizioa biomarkatzaile fidagarri eta ez oso inbaditzaileen iturri potentzialtzat hartzen da. Berriki egindako ikerketen arabera, lotura bat dago bide metaboliko espezifikoen bitartekariak zelulan egotearen eta Alzheimer gaixotasunaren garapenaren artean.

Nazioarteko eguna

Duela gutxi egin da Alzheimerraren Nazioarteko Eguna, eta Araban, Euskadin bezala, hainbat ekitaldi eta jardunaldi egin dira gaixotasun horri buruz kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko. Araban hainbat jarduera egin ziren, eta horietako asko Arabako Afaraba elkarteak sustatu zituen. Izan ere, garrantzitsua da gaixotasun hori ikusaraztea eta lehen sintomak ezagutzea garaiz antzemateko.

Lehen sintomen artean, adibidez, lehen ahanzturak daude, oro har garrantzirik ematen ez zaien ohiko deskuiduak. “Pixkanaka gaixotasunak aurrera egiten du, eta oroimenean gertatzen diren akatsei beste arazo degeneratibo batzuk gehitzen zaizkie, gaixoaren eta bere familiaren bizitza betiko aldatuko dutenak”, ohartarazi zuten Nazioarteko egunean Afarabatik. Horregatik, aurten, Afarabak patologia horren sentsibilizazioan eta prebentzioan oinarritutako jarduera-programa zabala antolatu du. Nor garen ez ahazteko lelopean, printzipioetan oinarritutako programazioa da, eta urrira arte egon da martxan, hezkuntza jardunaldi ezberdinekin eta argazki maratoi batekin. “Landa-eremuarekiko konpromisoa indartu nahi dugu, herritarrak prebentzio-neurriez sentsibilizatu, patologia horren eta haren ondorio soziosanitarioen berri eman eta alzheimerra agenda politikoan eta sozialean jarri.

Araban 6.000 pertsona inguruk pairatzen dute gaixotasun hori; familiak kontuan hartuta, esan ohi da alzheimerrak modu desberdinean eragiten diela 35.000 eta 40.000 pertsonari”, nabarmendu zuen elkarteko lehendakari Miguel Ángel Echevarríak.

Orain, ikerketa berri honekin, beste urrats bat emango da gaixotasun hori garaiz detektatzeko borrokan. Izan ere, batzuetan zaila da gaixotasun hori detektatzea, baina garrantzitsua da lehenbailehen egitea. Hala, Estatu Batuetako Alzheimer Elkarteak CIC Bioguneren ikerketa bat finantzatuko du datozen hiru urteetan Alzheimerraren gaixotasunean beste urrats sendo eta garrantzitsu bat emanez.

2022-10-10T07:44:03+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo