DONOStIA – Pandemiak baldintzatutako bi urteren ondoren, Donostiako Musika Hamabostaldiaren 83. edizioa normaltasunez ospatu ahal izan da, eta oso “balantze positiboarekin” amaituko da gaur, programatutako 75 kontzertuetan %74ko batez besteko okupazioa lortu baita, guztira 28.200 ikusle bilduz.
Musika jaialdiaren zuzendari Patrick Alfayak atzo eskaini zuen aurtengo edizioaren balantzea. Hamabostaldia Kursaalen amaituko da Txekiako Orkestra Filarmonikoaren emanaldiarekin; Semyon Bychkov izango da zuzendari lanetan, eta zenbait bakarlari eta Donostiako Orfeoia ere lagun izango dituzte. Alfayak gogora ekarri duenez, Hamabostaldiak areto guztietan edukiera osoa berreskuratu dueneko edizioari emango zaio itxiera errezitaldi horrekin.
Balantzea egiterakoan aurreikuspenak gainditu egin direla aipatu zuen: izan ere, 28.200 pertsona bertaratu baitira programatutako 75 musika-emanaldietara, eta sarrerekin bildutako diru-kopuru osoa 669.000 euro gordinekoa izan da, aurreikusitakoa baino %40-50 gehiago.
Kopuru horrek nabarmen gaindi-tzen du 2021ean bildutakoa, artean aretoen edukiera mugatua zelarik 385.000 euro inguru izan baitziren; halere, urrun dago oraindik 2019an lortutako 942.000 euroetatik, orduan kontzertu gehiago izan baziren ere.
Alfayak zehaztu zuenez, diru-bilketa gehiena eragiten duen Kursaal auditoriumeko okupazioa, 2019an eta 2018an %90ekoa izan zena, %80raino iritsi omen da 2022an.
Hala eta guztiz ere, kopuru hori bera ere, aurreikusitakoa baino hobea izan omen da; antolatzaileek %20ko beherakada kalkulatu zuten musikaldiaren bihotza den agertoki horretarako, aurten 14.481 pertsona bildu direlarik.
Auditorio hori operaren itzuleraren lekuko ere izan da aurten, Gaetano Donizettiren La fille du régiment antzezlanaren “muntaia euskaldunarekin”, nazioartean proiekziorik eta izenik handienekoa duten bi ahots donostiarrak elkartuz, Xabier Anduaga tenorea eta Elena Sancho-Pereg sopranoa.
Ohikoa denez, nazioarteko hainbat talde entzutetsu pasa dira Kursaaleko agertokitik, besteak beste, Monteverdi Choir eta English Baroque Soloists, Frankfurteko Irratiko Orkestra Sinfonikoa, Collegium 1704, baita aurrez aipaturiko Txekiar Orkestra Filarmonikoa ere.
Victoria Eugenia antzokian ere hainbat emanaldi aipagarri eskaini dira, zenbaitetan sarrerak agortuta, esate baterako El maleficio de la mariposa ikuskizuna aurkeztu zuen Andaluziako Flamenko Balletarena.
Zuzendariak adierazi zuenez, dagoeneko hurrengo edizioa prestatzen dabiltza, eta “nahikoa egituratuta” omen daukate.
Alfayak ez zuen askorik argitu 84. Musika Hamabostaldiaren inguruan, baina jakina denez egitarauko lehen egunetan Ballet Preljocaj frantziar konpainiarekin balleta itzuliko da Kursaalera, eta Rotterdameko Orkestra Filarmonikoak ere baieztatu du Donostian izango dela. l