Artxandako BilboGarbi finkoak itxura berria du. Bilboko Udalak amaitutzat eman ditu berritze-lanak. Gaur goizean Bilboko alkate Juan Mari Aburto izan da bertan, Kepa Odriozola, Zerbitzuen eta Bizi Kalitatearen Saileko zinegotzia, eta baita udal korporazioko beste kide batzuekin batera.
Hala, bada, iragan martxoan Kobetamendiko instalazio berriak inauguraturik, Udalak Artxandako BilboGarbia berritu eta modernizatzeko lanak bururatu berri ditu. 342.335,96 euroko aurrekontua baliatuko da horretarako.
Artxandako BilboGarbi finkoa Egirletako gainean dago, eta BI-3741 errepidetik du zuzeneko sarrera. Lursaila bi plataforma horizontaletan dago egituratuta, gutxi gorabehera 350 metro koadrokoa da goikoa, eta 420 metro koadrokoa behekoa, eta biak lotzen dituen arrapala bat ere badu.
Zehazki, lursail horretan egin diren lanak hauek izan dira: eremua osoki hobetu da, herritarrek aisago utz ditzaten etxe-berritzeetako eraikuntza eta eraiste lanetako hondakinak, zurak, altzariak, tresnak, lorezaintzako hondakinak eta paperak eta kartoiak.
Hala, hauek egin dira, besteak beste: sarbideen kontrola eta espazioaren urbanizazio osoa burutu da, lursailean sastrak kendu dira eta garbitu egin da eremua, eta zoladura berria jarri, eta kotak aldatu, eta inguruaren itxitura eta metal-arotzeria berritu, eta hornidura-, saneamendu-, argiteria- eta telekomunikazio-sareetan dagozkion aldaketak egin dira.
Gainera, instalazioan seinaleak jarri dira, horizontalak nahiz zutikoak, eta aldatu egin dira apur bat kotak, arrapalaren malda ez dadin handiegia izan. Maldari buruzko lan hori, bestalde, erabiltzaileek nahiz profesional taldeek azpiegitura erosoago erabiltzeko izan da.
Ekipamendua
Artxandako BilboGarbian, metalezko hiru edukiontzi daude, 30 metro kubikokoak, eta i metalezko beste bi edukiontzi ireki, 20 metro kubikokoak; halaber, metalezko edukiontzi itxi bat, 10 metro kubikokoa, papera eta kartoia trinkotzeko metalezko edukiontzi bat, eta egurrezko arrabol birrintzaile bat.
Bestalde, instalazio horretarako ekarpen handi baten gisa, udalak auzo-konposta egiteko instalazio bat ipini du, 6 metro kubikoko edukiera duena, hondakin organikoendako, herritarrek erabil dezaten.
Auzo-konposta egiteko instalazio hori datozen hilabeteetan hasiko da lanean. Udalak, lehenik, argibideak emateko jardunaldi batzuk egingo ditu, interesa duten bizilagunen artean, nola dabilen jakin dezaten.
Kontuan izatekoa da era horretako instalazio batek 2.500 kg konpost sor ditzakeela urtebetean, 10.000 kg bio-hondakinekin.
Auzo-konposta egiteko instalazioak 20.896,50 euroko inbertsioa behar izan du. Horietatik, 16.248,74 Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu ditu, Bizkaiko lurralde historikoko hondakinak modu eraginkor eta jasangarri batean kudea daitezen sustatzeko Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak ematen dituen dirulaguntzetarako deialdiaren barruan.
Instalazioak eta ordutegiak
Instalazioak honela berriro irekita, itxi egingo da Elorrietako Bilbogarbia, osoki berritzeko lanak egingo dira-eta datozen bost hilabeteetan.
Hala, bada, irekita egongo dira Artxanda, Kobetamendi eta Larraskitu, ordutegi haukin:
- Artxandako BilboGarbia, astelehenetik barikura, goizetan (7:30etik 13:30era eta 14:00etatik 20:30era), eta zapatuetan (7:30etik 12:30era eta 14:00etatik 19:30era).
- Kobetamendiko BilboGarbi, goizeko eta arratsaldeko ordutegiarekin, astelehenetik barikura (7:00etatik 20:30era), eta zapatuetan (7:30etik 19:30era), eta domeketan (8:00etatik 13:00etara).
- Larraskituko BilboGarbi, astelehenetik barikura, goizez (7:30etik 13:30era), eta zapatuetan goizez (7:30etik 12:30era).
BilboGarbi batzuen eta besteen ordutegiak jakin nahi izanez gero, deitu 900 456 888 telefonora, edo sartu Udalaren web-orrian, edo idatzi posta elektronikoko mezu bat limpiezapublica@bilbaol.eus helbidera.
Helburuak
BilboGarbien sarearen xedea da herritarrei baliabide bat eskaintzea bide publikoan edukiontzirik ez daukaten hondakinak birziklatzeko eta berrerabiltzeko. Eta, horren bidez:
- Errefusaren zatian birzikla eta berrerabili daitezkeen hondakinen kopurua murriztea.
- Konponbide egoki eta berritzaile bat bilatzea gaikako bilketako zerbitzuetan aurrera egiteko.
- Herritarrak jabe daitezela zeinen ardura handiko kontua den hondakinak jatorrian bereiztea, ondoren kudeatu, tratatu eta baloratzeko.
Izan ere, zerbitzu horiek laguntasun handia eman dute Bilbon gaikako bilketako ratioak hobetzeko orduan. Hainbeste, non 2021ean, Bilbon gaika bildutakoaren % 25,2 BilboGarbin bildu baitzen.
GarbiGunean gehien botatzen diren hondakinak, alde handiarekin, eraikuntza- eta eraisketa-hondakinak dira, eta zura ere bai; ondoren datoz etxeko tresna elektrikoak, telebistak, monitoreak eta CDak, DVDak edo CPUak, besteak beste.