Buscar
Gipuzkoa

Amaitu dute Anoetako herriko plazako proiektuaren lehen fasea

Herriko plazak gaur egun hartu duen itxura. Argazkia: N.G.
Herriko plazak gaur egun hartu duen itxura. Argazkia: N.G.

Anoeta – Martxoan hasi zituzten Anoetako herriko plaza berritzeko lanak, eta aste honetan amaitu dute lehen fasea. Horrela, atonduta geratu da espazio berria eta dagoeneko erabilgarri dute herritarrek. Pello Estanga alkatearen hitzetan, "inaugurazio ekitaldi ofizialik ez dugu egingo; egitasmoa herritik sortu zenez, herriak erabiltzea da inauguraziorik egokiena".

Eremu berriak aukera emango du denetariko ekitaldiak egiteko, besteak beste, plazako bi eremuen arteko irisgarritasuna bermatzen baitu. Gainera, komun publikoak ere berritu egin dira genero ikuspegia kontuan hartuta; horiek ere dagoeneko zabalik eta erabilgarri dituzte anoetarrek. Hori horrela, aurrez ezarritako helburuak betetzen ari da obra: irisgarritasuna bermatzea eta espazio publikoak genero ikuspegia txertatuta izatea. Pello Estanga alkatea gogobeteta azaldu da obrarekin: "Parte-hartze publiko bidez erabaki genuen plaza berritzea eta, orain, amaitu da lehen fasea".

Lehen lanak amaitu badira ere, plaza oraindik ez dago bukatuta. Bigarren epean estalki berdea jarriko diote, eta baita landaredia ere, izan ere, gaur egun lur-eremuak diren tokietan zuhaitzak eta bestelako landareak jarriko dituzte. Estalkia jartzeari dagokionez, ezinbestean datorren urtean egitea aurreikusten dute; asmoa urte bukaeran egitea zen, baina tramiteak luzatu direla-eta, zertxobait geroago jarriko dute estalkia.

Tolosan kokatua dagoen ZÜR studiok egin du herriko plazaren diseinu berria. Herriko plazak zituen beharrak asetzea izan da Isaura Rodriguez Azpirozek, Leire Malcorra Renovalesek eta Nahikari Calleja Morenok osatzen duten taldearen helburua. "Diseinuaren abiapuntuan genero ikuspegia izan dugu uneoro; garrantzia handia eman diogu plazaren irisgarritasuna hobe-tzeari ere, esaterako, hainbat ibilbide ditu zati berriak (eskailerak, arrapalak...), zeinak egokiak izango diren adin eta genero guztietako herritarrentzat", azaldu dute.

Muga bisualak kentzea zen beste xede bat izan da, horrela, bi espazioen arteko lotura garbiagoa baita. "Estetika aldetik harmaila-egitura mantendu dugu; Anoetako plazako ezaugarri bereizgarria dira harmailak, eta oso esanguratsuak dira diseinuan. Bi zatien arteko sintonia mantentzeko eta kotak berdintzeko ere balio du", gaineratu dute.

ZÜR studio bezalako talde txiki batentzat horrelako proiektu bat sortzea esperientzia bikaina izan dela onartu dute: "Guretzat oso pozgarria da, proiektu publikoek gu ezagutarazteko ere balio baitute. Gainera, oso gustura aritu gara lanean udaleko lantaldearekin; eta ondo moldatu gara, baita ere, beste enpresekin eta obra-nagusiarekin".

2021-10-03T14:35:02+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo