Navarra

Amaiur: iraganetik etorkizunera

Jon Maiak zuzendutako ‘Amaiur 2022-2522. Aurkituko gaituzuenoi’ ikuskizun hunkigarrian duela 500 urtekoak oinarri hartuta, orainaz hausnartu eta etorkizunari begira jarri ziren
Gorriz argiztatutako monolitoaren magaleko anfiteatro naturalean jendetza bildu zen ikuskizun ederraz gozatzera.

1522an Amaiurko Gazteluan gotortu ziren 200 nafar inguruek ideiak argi zituzten, halabeharrez, bertzenaz ez da erreza ulertzen gaztelua konkistatzera zetorren milaka soldaduz osaturiko gudarosteari aitzin egiteko hartutako erabakia, jakinik esponentzialki aunitzez handiagoa eta prestatuagoa zegoen armada baten aitzinean gaztelua defendatzea ia ezinezkoa izanen zela.

Gazteluan gotorturikoak nafarrak ziren, eta nafarrak izaten jarraitu nahi zuten bertze edozein gauzaren gainetik, Nafarroako Erresumari leialak izaki, bere alde bizia emateko prest zeuden, nahiago baitzuten bizia galdu, Nafarroa baino. Nafarroaren etorkizuna bermatu nahi zuten, horrek erran nahi zuen guztiarekin.

Gernika gogoan haritz kimu bat landatu zuten. Ondikol

Suinki defendatu zuten Amaiurko gaztelua, gau eta egun, espainiarren gudarostearen harridurarako, harik eta dorre nagusia lur azpitik zartarazi eta gazteluaren defentsa ezinezkoa suertatu zen arte. Nafar gudari gutti batzuk iraun zuten bizirik, eta gaztelua bera zartarazi zuten espainiarrek handik egun batzuetara. Nafarroa desagerrarazi nahirik.

Denak den, usteak erdiak ustel suertatzen dira batzuetan, eta Nafarroako Erresuma zokoratua izan bazen ere, bere funtsak bizirik iraun zuen, hala nola, urteetan zehar, mendeetan zehar.

Gaur den egunean, 500 urteren ondotik, hemen da Nafarroa, hemen gara nafarrok, duela bortz mende bezala, gure lurraren defentsan, gure hizkuntza eta kultura aldarrikatzen. 2022. urtean Amaiurren duela bortz mendeko gertakariak gogoan dituzte, eta urte osoan zehar ekimen ugari ari dira antolatzen horren harira. Urteko ekimen garrantzitsuenetariko bat larunbatean izan zen Amaiurko gazteluaren azpiko belardi batean. Anfiteatro natural moduko batean Jon Maia bertsolari eta idazleak zuzenduriko Amaiur 2022-2522. Aurkituko gaituzuenoi izeneko ikuskizuna eman zuten.

Oinkari dantza taldeak dantza ederrak eskaini zituen Ondikol

Duela hilabete batzuk ekin zion Maiak ikuskizuna pentsatu eta prestatzeari. Iraganera begira jarri zen, noski, duela 500 urteko gertakariak aztertu zituen, dokumentatu eta ikuskizunaren nondik norakoak aletzen hasi zen.

Argi zuen ez zela iraganean soilik geldituko, etorkizunera begira jarri nahi zuen, bere hitzetan, “gure iraganari egin diezaiokegun omenaldirik ederrena etorkizun bat bermatzea da”, hortaz, historia aitzakia bezala erabiliz, garenaz hausnartzeko eta herritarrei perspektiba bat helarazten saiatu da ikuskizunean. Izan ere, dioenez, “orain egiten duguna izanen da etorkizunen izanen garena, eta horren kontzientzia edukitzea inportantea da”. Izenburuan ere horrekin jokatu nahi izan du “etorkizuneko arkeologoek zer aurkituko dute gutaz? Eta zer ondorioztatuko dute?” Maiaren ustez, “memoria historikoa fosil bat da ez badiogu etorkizun bat ematen”.

Bide horretan, ikuskizun berritzaile eta anitza prestatu zuen, jende aunitzen parte hartzearekin, “batez ere Nafarroako artistek osaturiko taldea izan zedin saiatu naiz”, zioen, eta hala egin. 100 lagun inguru aritu dira azken hilabete hauetan lanean, larunbateko emanaldia prestatzen.

Amaiurko Gaztelu Taldea ‘Nafarroa Arragoa’ kantari. Ondikol

Ikuskizuneko protagonistez gain, jende aunitzek gehiago parte hartu du dena antolatzen, “auzolan erraldoi bat izan da”, Amaiurko herria bere osotasunean lotu zaio lanari, Baztango bertze hainbat boluntario bezala.

IKUSKIZUNA Maitasunez, gogoz, ilusioz prestaturiko ikuskizuna larunbat arratsean eman zuten Amaiurren. Jendetzak betetako belardiaren azpiko aldean jarritako oholtza, baina ez oholtzan soilik, Arretxea eta Borda jauregietako paretetan hainbat irudi eta bideo proiektatu zituzten musika eta antzerkiaren osagarri, Maiak iragarri bezala, “proposamen berritzailea”.

Drag queen antzekoek Akelarre moduko bat antzeztu zuten. Ondikol

Ordu eta erdi iraun zuen ikuskizunak, eta bukaeran jendetzak behin eta berriz errepikatzen zituen hitzekin laburbildu daiteke, “ikusgarria, zirraragarria, ederra, hunkigarria”.

Anabel Arraizak egin zituen gidari lanak, iraganeko eta orainaldiko gai desberdinak landuz, lehengo eta oraingo egoera desberdinen arteko paralelismoak landuz. Atalez atal, nondik gatozen azaldu zuten; itsasoaren aipamenik ere ez zen falta izan, Amaiurko gazteluan aurkitutako labanaz egindako zurezko itsasontzi bat aitzakiatzat hartuta; etorkinen gaia ere landu zuten, iraganeko eta gaur egungo etorkinak aipatuz; emakumearen garai bateko eta oraingo sufrikarioak ere bai, hala nola, lehengo eta gaur egungo gatazka edo gerrak; sexualitateak, generoak eta rolak ere oholtzaratu zituzten; eta azkenerako, etorkizunera begira jarri ziren, pen drive batean ikuskizunean errandakoak sartu eta neskatiko batek Amaiurko gaztelura eraman zuelarik, lurperatu eta etorkizuneko arkeologoek aurki zezaten.

Etorkizuneko arkeologoendako pen drive bat lurperatu zuten gazteluan. Ondikol

Artista aunitzek parte hartu zuten, Olaia Intziarte, Joseba Irazoki, Jean Mixel Bedaxagar, Gorka Hermosa eta Aire ahizpak; Oinkari dantza taldea; Et Incarnatus orkestra; Amaiurko Gaztelu taldea eta Elizondoko Koro ttiki abesbatzak; Asisko Urmenetaren irudiak, Andoni Lubaki eta Gari Garaialderen argazkiak eta Eva Francoren maskaradak; gorriz argiztaturiko Amaiurko monolitotik beheiti jaitsi ziren Iturengo eta Zubietako joaldunekin, jende artean ezustean agertu ziren Euskal Herriko inauterietako mozorro desberdinekin, momentu eder eta hunkigarri aunitzen segidarekin.

Iraganetik orainera egindako bidaia eder eta kolektiboa izan zen larunbatekoa, lehen bezala orain ere euskaraz, etengabe azalberritzen ari den Nafarroan, “500 urteren buruan norbaitek zelai hauetan bizirik jarraituko duen itxaropenez”.

Ikuskizunean parte hartu zuten hamarnaka lagunak elkartu ziren emanaldi bukaeran. Ondikol

08/08/2022