Cultura

Amamaren etxea

Baserriak, ondare arkitektonikoaz gain, usadio eta istorio askoren transmisore izan dira. Egun, bestelako egoera batean gaude
Argazkian, 300 urte bete dituen Egileor baserria.

Zer da baserri bat? Nondik dator baserria? Zergatik eraiki ziren? Nola eraikitzen ziren? Orain arte galdera hauek erantzuten egon gara eta hauen inguruko ikerketa oso interesgarriak egin dira. Guztiz beharrezkoak zinez, ondare material eta historikoa katalogatzeko eta zaintzeko. Hala ere, hortik aurrera ez dugu pauso gehiagorik eman. Arkitekto esangurutsuek baserriaren afera ez dute lehenetsi eta arkitekturaren arduretatik at egon da.

Arkitekturak, orokorrean, pertsonen beharrak asetzeko espazio duinak eskaini behar ditu. Baserriak pertsonen behar fisiko eta emozionalak asetzeaz gain, bestelako funtzio bat bete du. Naturan eta ingurumenean garrantzia handiko elementu zaintzailea da, herriari jaten eman dio eta landa eremuaz arduratu da. Bestetik, kultura, ohitura eta hizkuntzaren transmisioan elementu garrantzitsua izan da. Baserri asko arkitektorik gabeko arkitekturak izan dira, urteen esperientzia eta jakintza transmisioaren bidez eraikiak izan direlarik. Haatik, egun arazo bat dugulakoan nago. Baserriak hutsik daude, asko erortzear, eta erostea nahi dutenen ezintasuna agerikoa da.

Jesuitek eraiki zuten Egileor baserria XVII. mende bukaeran. Ander Zangitu Orbea

Aurtengo udan 'Ez folklorizaziorik, ez merkantilizaziorik ez, kultura bizirik!' leloa irakurri dut eta esaldi horrek baserriaren inguruan gertatzen ari dena laburbiltzen duelakoan nago. Esan daiteke etxaldeetan planteatu den araudia bidelagun txarra izan dela. Ondare arkitektonikoa zaindu eta errespetatze aldera jorratu dira araudiak. Eta baliteke momentu batean beharrezko izan izana, halakorik izan ezean gure mendiak txaletez beteta egongo baitziren. Haatik, honen ondorioz baserrien kopia txarrak egin dira, folklorizazio estetikoan oinarrituz. Gizartea eta usadioak aldatu diren heinean, baserriak ere aldatzen joan beharko lirateke. Izan ere, baserriaren tipologia eta funtzioa ez dira egungo beharretara moldatzen eta araudiaren zurruntasunaren ondorioz alternatibak urriak dira. Ekonomikoki ere, zaila da erostea eta merkatuaren logiketan erori da. Benetan garestiak dira, eta baserrien bizitza berreskuratu nahi duen jende askorentzat ez da eskuragarria. Baserriak bizikidetza unitate ezberdinetan banatzeko ezintasun administratiboa ere oztopoa da. Ondorioz, eta zoritxarrez, baserri asko hutsik eta abandonatuta daude.

Argazkiotako eraikinak 300 urte bete ditu. Niretzat balore historiko eta emozional handiko etxea da. Horrelako mila egongo dira, eta asko galtzeko momentuan daude. Historian arakatuz, Egileor baserriaren inguruko lehen erregistro datuak 1722 ingurukoak dira. Hala ere, lehenagotik existitzen zen. Jesuitek eraiki zuten XVII. mende bukaeran. Ameriketatik artoa sartu zenean aberegintza asko aberastu zen (ganadua elikatzea errazagoa baitzen) eta horrela sortu ziren gurean baserri asko. Joseph Alberdi izan zen lehenengo bizilaguna, bere gurasoekin bizi zen bertan, 1695 inguruan, eta errentan egon ziren hamarkada luzez. Joseph, Mariana Gabilondorekin ezkondu zen 1720 inguruan. Gerora familia bertan bizi izan zen azken belaunaldiak alde egin arte. Baserri hartan jaio zen nire amama Teresa 1922. urtean, eta gerora bere anai-arreba Martxel, Teodoro, Mateo, Jesus eta Martin. 1956 inguruan jaitsi zen azkena herrira. Ordutik baserria hutsik dago, eta eten bat egon da.

Egileor baserriaren barrualdea. Ander Zangitu Orbea

Tektonikoki interesgarria da eraikina. Izan ere, indar handiko ekida da, dituen dimentsioak aintzat hartuta. Leku maldatsu batean dago kokatuta eta baserriaren espazioen antolaketa maldara egokitzen da, baserri askoren moduan. Hiru mailatan dago banatuta, sarbidea erdiko mailatik eginez. Hiru euste-hormek osatzen dute eraikinaren hezurdura. Modu honetan bi espazio ezberdinetan banatzen dute, orografiara egokituz eta espazioen antolaketa beharren arabera eginez, beti ere lan produktiboak erreproduktiboaren gainetik egonez. Beheko aldean "zaltaixa" kokatzen da, espazio estu eta luze bat. Baserriaren muina erdiko mailan dago, eta bertan daude bizitokia eta korta. Euste-hormaren ezkerraldean kokatzen ziren logelak, eta gainontzeko espazioa lanerako erabiltzen zuten. Gora igotzean ganbarara iristen gara, eraikinaren espazio tektoniko interesgarrienera. Bertako egurrek eraikinaren historiaren inguruan hitz egiten dute. Azken hori, indar handiko espazio bat bilakatuz. Eraiki zutenean inguruan zeuden materialak erabili zituzten: egurra eta harria.

Egileor baserriak familia baten 300 urteen joan-etorria kontatzen digu. Nahiz eta bere funtzioa aspaldi galdu, bizirik mantetzen dute auzolanean. Zorionekoak gara altxor hau egoera onean iritsi zaigulako. Nola egingo dugu aurrera ateratzeko? Zer planteatu daiteke arkitekturatik?

06/10/2022