Buscar
Cultura

Amets Arzallus nagusi BTN-ko azken finalaurrekoan

Amets Arzallus izan da onena Bilboko finalaurrekoan
Amets Arzallus izan da onena Bilboko finalaurrekoan

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko saio zirragarrienetako bat ospatu zen atzo Bilbon. Txapelketako azken finalaurrekoa izanda, hain zuzen ere Iruñean abenduaren 18an ospatuko den finaleko oholtza marraztuko zuena, ezinegona nabarmena zen bai Bizkaia Frontoia bete eta berotu zuten 3600 zaleengan, baita oholtzako sei bertsolariengan ere. Saio puntuagarria amaituta, Amets Arzallus nagusitu zen, 662 punturekin, finalerako aulkia bereganatuz.

Haren atzetik, puntu bakarreko aldearekin, Aitor Mendiluzek egin zuen bigarren, 661 punturekin; eta Jone Uria izan zen hirugarren, 637,5-ekin. Joanes Illarregik 621 batu zituen, finalerako atea irekitzeko behar zituenak baino bi puntu eta erdi gehiago; eta haren atzetik gelditu ziren Maddalen Arzallus, 609,5 punturekin; eta Saioa Alkaiza, 608,5 punturekin.

Finalaurrekoen lehen eta bigarren itzuliko saioetan lortutako puntuak batuta, hartara, sailkapen nagusia argi gelditu da eta, haren eskutik, abenduaren 18an Iruñeko Nafarroa Arenan Maialen Lujanbio txapeldunarekin batera arituko diren lehenengo zazpi sailkatuen zerrenda. Sailkapeneko hurrenkeran, Alaia Martin, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal eta Joanes Illarregi dira zortzikotea osatuko dutenak. Oholtza anitza izango da, beraz, Iruñekoa. Lujanbio, Mendiluze, Arzallus, Gaztelumendi eta Colinak badaukate esperientzia txapelketako finaletan, baina lehenengo aldia izango da Martin, Illarregi eta Ibarzabalentzat. Lehenengo aldia izango da azken oholtzan hiru emakume daudela, lehenengoa bertsolari nafar bat arituko dela.

Finaletik oso hurbil gelditu dira Julio Soto eta Aitor Bizkarra, 2,5 eta 3 punturen faltan, hurrenez hurren; eta hauen atzetik Oihana Iguaran, Agin Laburu, Jone Uria, Unai Agirre, Onintza Enbeita, Saioa Alkaiza, Maddalen Arzallus, Miren Artetxe eta Eñaut Martikorena.

Finalaurreko borobila

Giroa bero zegoen Bilboko Bizkaia frontoian saioa abiatu zenerako eta sei bertsolariak oholtzara hurbildu ahala publikoak txalo eztandarekin egin zien harrera. Hauen artean bazeuden finalera iristeko aukera nabarmenak zituztenak eta bazeuden, Alkaizak berak agurrean nabarmendu zuen bezala, galtzeko ezer eta irabazteko dena zeukatenak ere. Abiapuntu eroso eta deserosoak tartean, bakoitzak berea egitea besterik ez zuten, erortzea saihestuz. Eta hala egin zuten, publikoarentzat gozagarria izan zen saioa eskaini baitzuten denen artean. Arzallusek eta Mendiluzek ireki zuten saio puntuagarria, partidu bereko politikarien azaletik. Politikaren munduko azpi-jokoen erretratu ironiko ederra eskaini zuten, bertsoz bertso.

Zortziko handian ere fin aritu zen irabazlea, Maddalen Arzallusekin batera osatu zuen lanean; baina bakarkakoan eskuratu zituen puntu gehien. “Kanporatu egin zintuzten. Bizitza erabat aldatu zaizu” izan zen proposatutako gaia, eta Arzallusek futbol taldetik bota duen haur baten azaletik kantatu zuen, txarra izanagatik kirola pasioz bizi duena. Gaiak ikuspegi eta istorio anitzetarako ematen zuen eta denek ala denek nabarmentzeko aleak uzteko aukera baliatu zuten azken ariketa. Iruñerako bidea hartze besterik ez da gelditzen orain.

2022-12-05T07:34:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo