Gipuzkoa

Ametsetako eskola Larraulen

Ikastetxe publiko bat gehiago du 2022-2023 ikasturtean Gipuzkoak. Asteasuko eskolaren ardurapean "ikasgela desplazatu" moduan ibilbide oparoa egin ondoren, izaera propioa eskaini dio Larraulgo eskolari Hezkuntza sailak
Adin ezberdinetako haurrak elkarrekin tailerretan lan egiten.

Badute zer ospatu Larraulen. Asteasuko “ikasgela desplazatua” izateari utzi eta eskola izaerarekin ekin du 2022-2023 ikasturtea Larraulgo eskolak. Aurrerantzean, beraz, Euskal Herriak ikastetxe publiko bat gehiago izango du, baina, batez ere, herriak berak irabaziko du: herriak bizirik iraungo badu, eskolak irekita egon behar du. Pozik eta harro egoteko moduan dira Larraulen eta egun osoko festa antolatu dute biharko, eta omenaldiak, tailerrak, bazkaria eta jai giroa nagusi izango dira: “Badugu amestu dugun eskola”.

Ikasleak kanpoko eremuan jolasean.

Oso gogoan dute Maikar Iurramendi eta Josune Eizmendi irakasleek eskola bertan lekutzeko egindako apustua, eta gaur egungo iraskasle eta zuzendari Koldo Rabadanek azken zortzi urteotan egindako lana. “Nire aurretik lan ikaragarria egin da eta aurten Hezkuntza sailak eskola izaera ofiziala eman izana errekonozimendu moduan ikusten dugu. Larraulgo eskola aitzindaria izan da eta egindako lanaren ordaina da”, azaldu du zuzendariak.

2008ko irailan zabaldu zituen ateak Larraulgo eskola zerbitzuak. Orain arte Asteasuko Pello Errota ikastetxeko “ikasgela desplazatua” izan da. Herriko gurasoek, ordea, bazuten eskolari egonkortasuna eman nahi zioten. “Herriko parkean elkartzen ginen guraso etorri berriak. Larraul gure ametsetako herria zen, baina zerbitzuak falta zituen eta eskola propioa izateko lanean hasi ginen. Hasiera polita, baina zaila izan zen; eskola garbitzeko dinamika sortu genuen eta gurasook garbitzen genuen txandak eginez ekonomikoki laguntzeko”, azaldu du Iñaki Alcalde gurasoak.

Larraulgo eskola abiatu zuten 17 familiek lan handia egin dute urtez urte Hezkuntza sailarekin ikasturte bat gehiago luzatu eta horrela, pixkanaka, 12 urtera arteko zerbitzua eskuratzeko. 2022-2023 ikasturtean 21 ikasle hasi dira eta elkarrekin egoten dira 2 eta 12 urte bitarteko haurrak.

Ikasturte honetan ofizialki eskuratu badute eskola izaera, aldaketa handiena arlo administratiboan izaten ari da. “Urteotan nahiz eta gela desplazatua izan autonomia pedagogikoa izan dugu eta eskola txikien sarean sartu ginen, eta horrek ibilbidea erraztu du asko. Autonomia sentitu dugu, baina orain izango dugu benetako autonomia. Baliabide gehiago ere izango ditugu eta espero dugu hori aurrerantzean hezkuntzaren kalitatean ere islatzea”, dio Koldo Rabadan zuzendariak.

Koldo Rabadan zuzendaria Jaione Ucin eta Iñaki Alcalde gurasoekin. Marta San Sebastián

250 biztanle ditu Larraulek eta herri gaztea den arren, beti izan ohi da ume faltaren mamua herri txikietan. “Egia da, beti gabiltza umeak kontatzen, baina lortu dugu adin piramideari buelta ematea. Aurten lau haur berri hasi dira eskolan eta pozik gaude”, azaldu du Jaione Ucin guraso elkarteko lehendakariak.

Larraul herriarentzat ofizialtasuna eskuratzea lorpena da eta argi dute aurrera jarraituko dutela. “Larraul bezalako herri txikietan, baliabide urriak izanda ere, ikusi da gauza asko lortu daitezkeela bizilagunen inplikazioa eta imajinazioa erabiliz. Gakoak herritarren eta erakundeen arteko komunikazioa, koordinazioa eta konfiantza dira”, baieztatu Iñaki Alcaldek.

‘Bidean’ proiektua

Izaera propioa izateaz gain, eredu pedagogiko propioa ere landu du azken urteotan Larraulgo eskolak Koldo Rabadan zuzendariaren gidaritzapean. Eskolan erabiltzen duten ereduaren oinarriekin Bidean liburuan argitaratu du Argia argitaletxeari esker.

Adin aniztasuna “aberastasuna” da Larraulgo eskolan eta haur guztiak elkarrekin daude. “Pentsatzen dugu ikasle bakoitza altxorra dela eta bakoitzari eskaintzen diogu bere gaitasunak lantzeko aukera izango duen eskola. Horregatik tailerretan antolatuta daukagu eskola eta irakasleok bidelagun izateko gaude”, azaldu du Rabadanek. Finean, autonomia eta funtsezko konpetentziak lantzen dituzte; hala nola, askatasuna, sormena, motibazioa, lan egiteko gogoa... eta, hein handi batean, modu librean ibiltzen dira.

Gurasoentzat eskola “altxorra” da. “Haurrak pozik etortzen dira eta hori transmititzen digute, hezkuntza kalitate handiko eskola dugu herrian bertan”, dio Jaione Ucinek. Iñaki Alcaldek, berriz, balioan jartzen du euren seme-alabek jasotzen duten trataera: “umeak Larraulgo eskolan pertsonak dira, entzun egiten zaie, eta beraien beharrak eta erritmoak errespetatzen dira uneoro”.

Etiquetas
17/09/2022