Azken txanpan sartu da Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finalaurrekoetako bigarren itzuliko lehenengo saioa bihar ospatuko da, Amurrioko Bañueta kiroldegian, 17:00etatik aurrera. Oholtza gainean Agin Laburu Rezola, Aitor Bizkarra Ruiz, Alaia Martin Etxebeste, Miren Artetxe Sarasola, Oihana Iguaran Barandiaran eta Onintza Enbeita arituko dira bertsotan, Beñat Vidal Gurrutxagak proposatuko dizkien gaiei erantzuten.
Bertsolariek euren onena eman beharko dute gaurkoan. Izan ere, orain bai, eskuratuko dituzten puntuak erabakigarriak izanen dira Iruñeko final handirako pasea eskuratzeko. Lehenengo itzulian lortutako puntuei gaurkoak batuko zaizkie, eta sailkapen orokorreko lehen zazpi sailkatuak izanen dira Maialen Lujanbioren ondoan eseriko direnak, abenduaren 18an. Hori bai, datozen bi asteburuetan ospatuko diren azken finalaurrekoen emaitzari itxaron beharko diete behin-betiko sailkapena zein den jakin ahal izateko.
Amurrioko saioan finalera iristeko aukera gehien dituzten bertsolarietako batzuk egonen dira. Alaia Martin finalaurrekoetako lehenengo itzuliko sailkapeneko buruan dago, 729,5 punturekin. Txapelketa bikaina egiten ari da oiartzuarra eta Iruñeko aulkia ia ziurtatuta dauka dagoeneko. Oihana Iguaranek 688,5 puntu eskuratu zituen Donibane Garaziko finalaurrekoan eta sailkapeneko seigarren postuan dago. Haren atzetik kokatzen dira Aitor Bizkarra, bederatzigarren lekuan, eta Agin Laburu, hamargarrenean, elkarren arteko puntu erdiko aldearekin: 677,5 eta 677, hurrenez hurren. Miren Artetxe eta Onintza Enbeita beherago daude sailkapenean, hamabosgarren eta hamaseigarren postuetan, beraz, aukera urriago dituzte sailkapenean gora egiteko. Hala ere, txapelketa txapelketa da eta, beste bi finalaurrekoak ospatu arte, ez dago ezer idatzita.
Fasea aldatu denez, epaile lanetan ariko direnak ere bai. Hurrengoak izango dira: Ainhoa Sarasua Lascaray, Aitor Jimenez Tolosana, Amaia Otxotorena Gamio, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Mirari Azula Aurrekoetxea, Nerea Bruño Artazkoz eta Zigor Leunda Eizmendi. Larunbatean idazkari lanetan Joxe Mari Altuna Berridi eta Itziar Basterretxea Olarreaga ariko dira.
Amurrioko saioaren ostean beste bi finalaurreko geratzen dira: Baionan jokatuko da bat azaroaren 26an eta bestea Bilbon abenduaren 3an. Lehen itzulian lortutako puntuak eta bigarren itzulian lortutakoak metatu egingo dira finalerako sailkapenerako. Horrela, bi itzulitan puntu gehien biltzen dituzten zazpi bertsolariek kantatuko dute abenduaren 18an jokatuko den finalean Maialen Lujanbiorekin batera.
Amurrioko saioa, zuzenean eta ondoren
Finalaurreko guztiak zuzenean jarraitzeko aukera egongo da bertsoa.eus eta eitb.eus atarietan eta ETB4 katean, Ilaski Serranoren eta Jon Martinen eskutik. Horrez gain, txapelketako hedabide laguntzaileek ere jarraituko dute saioa, astero bezala. Igandean bertsoaldien bilduma argitaratuko da bertsoa.eus atarian, eta Hitzetik Hortzera telebista saioa ere eskainiko da, 15:00etan, ETB1en. Azkenik, berrikuntza gisa, larunbatean bertan ETB1ek bigarren itzuliko finalaurrekoak eskainiko ditu gauean. Azaroaren 19an 23:00etatik aurrera izango da emankizuna; azaroaren 26an eta abenduaren 3an, berriz, 21:00etatik aurrera.