Gipuzkoa

Añabitarte baserria Mari Domingiren etxe bihurtu da

Orereta ikastolak bisitak antolatzen ditu asteburuetan abenduaren 18ra arte
Mari Domingi Añabitarte baserrian, bisita batean. Argazkia: Irati Ayerza

Orereta ikastolaren Añabitarte baserria (Zamalbide auzoa, 14) Mari Domingiren etxe bihurtu da eta abenduaren 18ra egongo da zabalik, asteburuetan.

Bertan, Mari Domingiren Errepublika Magikoa esperientzia eskainiko da, non 45 minutu inguruko ibilbidean, Magia bilgunea, Sorgintzen baratzea eta Mari Domingiren etxea bisitatuko dituzte Añabitartera gerturatzen direnek. Azken horrekin, berriketan aritu, gutuna eman eta salda bero bat hartzeko aukera izango dute. Gainera, inguruko zelaiguneak magiaz, iratxoz eta sendabelarrez beteta aurkituko dituzte.

Aurrez hitzordua hartu eta sarrera erosi beharko da bisitan joateko www.maridomingi.eus webgunean. Hala nahi duen herritar orori egin nahi zaio Mari Domingirengana bisitan joan eta hari eskutitza emateko gonbita.

Covid-19ak eragindako pandemia tarteko, Orereta ikastolak Mari Domingirengana bisitan joateko aukera eskaini du Añabitarte baserrian azken bi ikasturteetan, 2020ko eta 2021eko Eguberri garaian.

Aurten, ekimenak orain arte harrera ona izan duela ikusita eta egungo jendartearen zein ikastola izaeraren hainbat ezaugarri nahiz balorerekin bat datorrela ikusita, proiektuari gorputz eta mami handiagoa emateko apustua egin du Orereta ikastolak.

Aditzera eman dutenez, pausoa eman dute bide horretan, Mari Domingiri izaera propioa eman berez eta nahi duen bezala existi-tzeko, genero eta familia eredu jakinei lotu gabe. Gainera, Eguberrien izaera paganoan eta ospakizunak naturaren zikloekin duen harremanean ere jarri nahi izan dute azpimarra.

11/12/2022