Buscar
Araba

Añanako gastronomia eta kultur ondareaz gozatzen

Añanako Koadrilak bere Gastronomia Jardunaldiak ospatuko ditu asteburu honetan 0 km produktuak balioan jarriz
Añanako artxiboko irudia.
Añanako artxiboko irudia.

Asteburu honetan itzuliko dira Añanako jardunaldi gastronomikoak. Arabar eta bisitari guztiek eskualdeko jatetxeetako sukaldaritzako produktuak eta proposamenak ezagutzeko eta gozatzeko aukera izango dute. Atzo Arabako Foru Aldundiak azaldu zuenez, ekimen horrek menu bereziak eta herri-jarduerak ditu.

Hala, “Añanako XII. Gastronomia Jardunaldiek gonbidapena luzatzen die asteburu honetan arabarrei eta bisitariei eskualde horretako jatetxeetako sukaldaritzako produktu eta proposamenak ezagutu eta horiekin gozatzera. Menu bereziak eta jarduera herrikoiak barneratzen dituen ekimen honen xedea Añanako tokiko ekoizleen eta sukaldaritzako sektore profesionalaren lana aitortzea da”, azpimarratu zuten atzo edizio berri honen aurkezpenean, Foru Aldundian ospatu zena. Aurkezpenean Cristina González Enplegua, Merkataritza eta Turismo Sustatzeko foru diputatuak ere parte hartu zuen. Era berean, Añanako Koadrilako presidentea den Javier Uriartek ere azaldu zituen jardunaldiaren xehetasunak. Biek azaldu zuten zein egun handia antolatu duten programazio askotarikoarekin, eta enpresa ekoizleen eta jatetxeen lankidetza nabarmendu zuten, eskaintza gastronomiko askotarikoa eta aisialdikoa, erakargarria eta guztientzat irekia.

“Proiektu hau abagune bikaina da Añanara urreratu eta bertako produktu eta jatetxe itzelekin ez ezik, bertako ondare eta naturarekin gozatzeko: Sobroneko Ur Museoa, Varona Dorrea, Eskolunbeko Andre Mariaren Santutegia, Haran Gatzatua edo Orgazeko Kondeen Jauregi-Dorrea Arabako eskualde horrek eskaintzen dituen txoko liluragarrietako zenbait baino ez dira” azpimarratu zuen Cristina Gonzálezek. Bestalde, Javier Uriartek jardunaldi hauek Kuadrillaren politikaren barnean betetzen duten eginkizuna nabarmendu zuen “eskualdearen eta bertako ondarearen turismo-baliabideak dinamizatzearen aldeko apustuarekin jarraitzeko ahaleginean, instituzio, enpresa eta tokiko herritarren inplikazioarekin garatzen ari diren programen bitartez. Añanako Kuadrillatik gure eskualdea sustatzeko eta 0 km-ko produktuak hedatzeko eta ekoizleen eta sukaldaritzako sektorearen lana babesteko lanean dihardugu”.Jardueretan parte hartzeko Añanako Turismoko web-orrialdean izena eman baino ez da egin behar (https://ananaturismo.com/xii-jornadas-gastronomicas-en-la-cuadrilla-de-anana/).

Protagonistak

Hala, Añanako jatetxeak izango dira protagonistak azaroaren 12an eta 13an hurbileko produktuekin egindako menu eta pintxo bereziekin. Menu berezi hauek Angosto Camping (Villanañe), Arasur (Ribabellosa), La Kabaña (Espejo), Merendero Rosa (Langraiz Oka), Ondondo (Kuartango), Palacio de Añana (Gesaltza Añana), Siglo XXI (Langraiz Oka) eta Txoriarte (Berantevilla) jatetxeetan dastatu ahal izango dira eta El Roble Verde (Nuvilla) eta Uribarri Gaubeko batzokian (Gaubea), menuekin ez ezik, jardunaldietarako bereziki prestatutako pintxo bereziekin gozatzeko aukera izango da. Programan, era berean, publiko guztientzako jarduerak proposatzen dira, esate baterako Janariarekin bai, jolastu egiten da tailerra, azaroaren 12an, larunbatez, Sobroneko Ur Museoan garatuko dena. Bertan, “etxeko txikienek dieta orekatu eta osasuntsu bat zer garrantzitsua den ikasiko dute existitzen diren zereal moten bidez. Modu dinamiko eta dibertigarri horrekin beren koloredun pasta sortuko dute. Larunbat goizari tokiko produktuen protagonista nagusietako batek emango dio amaiera, Gesaltza Añanako gatzak, Haran Gatzatura bisita eginez eta munduko onenetakoen artean kokatzen den Añanako gatz mota ezberdinak dastatuz”, azpimarratu zuten antolatzaileek atzo. Era berean, familiek beste hitzordu bat dute larunbat horretan bertan, Berantevillako Atalaiako ezti-lantegira bisitaldia eta bertan dastaketa gozoa, “erleen mundua ezagutu eta etxera aho zapore goxoarekin itzultzeko”. Añanako Koadrilako XII. Gastronomia Jardunaldiek Slow Food Araba elkartearen lankidetza izango dute. “Elkarte horrek zeregin aktiboa betetzen du elikadura on baten eta elikadurak gizartearekin, nekazaritzarekin eta ingurumenarekin duen harremana dibulgatzeari begira, gozamena, osasuna eta elikagaia modu irmo eta arduratsuan uztartuz”, ondorioztatu zutenez.

Programazioaren jarraipena

BISITA GIDATUA, IGANDEAN

Bertako kondairak. Hurrengo egunean, azaroaren 13an, igandez, Varona Jauregi-Dorreak bere ateak irekiko ditu bisitaldi gidatu bat eskaini eta bertako bitxikeria eta kondairak ezagutu eta garaiko lapikoei tapa kentzeko. Goiz horretan bertan, Eskolunbeko Andre Mariaren Santutegia Historia de un ratón tontorrón (sagu memelo baten istorioa) antzerki eta musika-obraren agertoki izango da. “Eta arratsaldez, jardueren programari amaiera emateko Orgazeko Kondeen Jauregi-Dorrean bisitaldi antzeztua egingo da, Iturriestarian”, azpimarratu zuten programazio honen aurkezpenean atzo, Arabako Foru Aldundiatik.

Gakoak

01

Eskualdeko kultur ondarea eta gastronomia ezagutarazi nahi duen jardunaldia da.

02

Menu bereziak prestatuko dira eskualdeko jatetxeetako sukaldaritzako produktuak ezagutzeko.

03

Jardunaldi horiek beste batzuetan ere egin dira; jardunaldi gastronomikoaren hamabigarren edizioa da.

04

“Abagune bikaina da urreratu eta bertako produktuekin ez ezik, ondare eta naturarekin gozatzeko”.

05

Parte hartzeko Añanako Turismoko web-orrialdean izena eman behar da

Jarduerak. Programan, era berean, publiko guztientzako jarduerak proposatzen dira, esate baterako Janariarekin bai, jolastu egiten da tailerra, azaroaren 12an, larunbatez, Sobroneko Ur Museoan garatuko dena. Bertan, etxeko txikienek dieta orekatu eta osasuntsu bat zer garrantzi-tsua den ikasiko dute existitzen diren zereal moten bidez. Modu horrekin beren koloredun pasta sortuko dute. Larunbat goizari tokiko produktuen protagonista nagusietako batek emango dio amaiera.

2022-11-09T07:39:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo