Gipuzkoa

Anbulatorioko EAG irekitzeko eskatu dio Mankomunitateak Jaurlaritzari

Urola Garaia Mankomunitateak eta Gabiriako Udalak gutun bat bidali dute Osasun sailera
EAGren aldeko kontzentrazioetako bat. | ARGAZKIA: A.Z.

Urola Garaia Mankomunitateak eta Gabiriako Udalak idatzi bat bidali dute Eusko Jaurlaritzara, Zumarragako osasun zentroko Etengabeko Arreta Gunea (EAG) irekitzeko eskatuz.

Zumarragako anbulatorioa egunero eta eguneko 24 orduetan ireki-tzearen aldeko plataforma pozik ageri da, hasieratik elkarlana beharrezkoa dela azaldu baitute.

Plataforma duela bi urte eta erdi sortu zen, EAGren berrirekiera eskatzeko. “Bi urte eta erdi hauetan ekintza asko egin ditugu. 8.000 sinadura lortu genituen, Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean parte hartu genuen eta kontzentrazioak eta manifestazioak egin ditugu”.

Politikariekin ere lan egin dute. “Zumarragako anbulatorioko EAG Ezkio-Itsaso, Gabiria, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako bizilagunek erabiltzen dute eta duela hilabete batzuk bost udalerrietako udal ordezkariekin elkartu ginen. Elkarrekin lan egiteko eskatu genien”.

Lan horrek fruituak eman ditu. “Bilerei esker, Mankomunitateak eta Gabiriako Udalak eskaera bateratua egitea lortu dugu. Oso pauso garrantzitsua dela uste dugu”. Bukatzeko, herritarrei kontzentrazioetan eta manifestazioetan parte hartzeko eskatu diete. Hurrengo kontzentrazioa asteazkenean izango da: 18.00etan, anbulatorioaren aurrean.

11/02/2023