Gipuzkoa

Andoain: Behin behinekoz ireki dute Otietako tunela

Babes-sistema ezarri da erabiltzaileek segurtasunez zeharkatu dezaten urrian konponketa lanak hasi arte
Otietako tunela babes-sistemarekin. | ARGAZKIA: N.G.

Andoain – Zabalik dago behin behinekoz Otietako tunela, erabiltzaileek segurtasun osoz zeharkatu dezaten urrian konponketa lanak hasi arte.

Ekainaren 17an itxi zen tunela, goialdeko gune baten erortzearen ondorioz. Inor zauritu ez bazen ere, lehentasunezkotzat jo du Andoaingo Udalak tunelaren benetako egoera eta kalteen norainokoa ezagutzea. Udal teknikariak arduratu dira askatzea ebaluatzeaz eta hura konpontzeko behar diren lanak zeintzuk diren baloratzeaz. Horretarako, funtsezkoa izan da gertakariaren geologia eta forma ezagutzea, baita tunelaren egituraren egoera ere.

Ondorioztatu denez, tunelaren osotasunean ez du eragiten eta gertakariaren eremura mugatzen da soilik. Mari Jose Izagirre Zerbitzuetako zinegotziak jakinarazi duenez, “lehentasuna du konponketa bat egiteak, baina tuneletako euste-lanak ez dira errazak eta denbora asko beharko dute”. Horregatik, Leitzaran bailarara joateko erabilera handieneko udako hilabeteak ez zigor-tzeko, behin betiko konponketa urrira atzeratzea erabaki dute.

Izagirrek adierazi duenez, “behin-behineko babes-elementu bat diseinatu eta eraiki behar izan da, euste-funtzioa beteko duena, erabiltzaileei zubia segurtasunberme hobeekin zeharkatzeko aukera emanez”. Gailu horri esker, Otietako tunela berriro ireki ahal izango da, urrian behin betiko konponketei heldu arte. “Orduan itxiko da, berriz ere, udalerriko tunelik ibilienetako bat”.

Ezarritako egiturak eta finka-tzeko euskarriek nabarmen murriztu dute tunelaren zabalera erabilgarria, eta pasabide libreko sekzioa txikitu egin da. Hori dela eta, erabiltzaileei eskatu diete jarritako seinaleak errespetatzea, eta gogoratu dute oinezkoek lehentasuna dutela bizikleta eta beste ibilgailuen gainetik. – M.S.S.

31/07/2022