Gipuzkoa

Andoain: Ikusgai dago Basteron 'Luminiszenteak' argazki erakusketa

Erakusketak biltzen duen argazkietako bat. Argazkia: N.G.

Luminiszenteak argazki erakusketa ikusgai dago atzotik hasita apirilaren 9ra arte Bastero Kulturguneko erakusketa aretoan, ohiko ordutegian. Mundu zabaleko hainbat emakumek bizi dituzten indarkeria ezberdinak argitara ematen ditu Andoaingo Udalak Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta antolatu duen irudi bildumak.

Hain zuzen ere, Igone Mariezkurrena kazetariaren izen bereko liburuan hartzen du oinarria Irantzu Pastor argazkilariarekin batera ondutako lanak. Hala, diskurtso nagusietan tarterik ez duten emakumeen historiak biltzen ditu egitasmoak.

Erakusketaren oinarri den liburu homonimoa lau urteren buruan munduko bazter ezberdinetan gauzatzen joan den lana izan da. Indarkeriaren biktima diren 63 emakumeren bizitzetan murgildu eta haien bizipenak testu eta irudietan jaso ostean, Basteroko erakusketa aretoan ikusi ahalko dena 24 argazkik osatutako aukeraketa bat da. India, Palestina ala AEBtako Lakota nazioko indigenen esperientziak eta argazkiak bildu dira, hala nola, Euskal Herriko bertako andrazkoenak ere. Denek badute hari komun bat, emakume izateagatik bizi duten indarkeriaz gain, okupazio militarrek eragindako desplazamenduek, genozidioek, arrazakeriak ala kultur asimilazio egoerek eragindako bortxa mota ezberdinena.

Txitxu Ruiz Kultura zinegotziaren hitzetan, "munduko hainbat lekutako emakumeen aurkako indarkeria ikusezin horien irakurketa kritikoa egiteko aukera ematen du erakusketak".

Apirilaren 9ra arte egongo da ikusgai Bastero Kulturgunearen erakusketa aretoan, ohiko ordutegian (astelehen, asteazken, ostegun eta ostiraletan 18.30etik 20.00etara, eta larunbatetan 10.30etik 13.30era eta 18.00etatik 20.30era)

05/03/2022