Andoaingo Udala apirilaren amaieran ospatzen diren Santakrutz jaien antolaketarekin jarraitzen du. Aste honetan txosnak jartzeko eskaerak aurkezteko epea zabaldu dela jakinarazi du.
Hortaz, interesa duen talde orori jakinarazi nahi die, jaietan txosnak jartzeko eskaerak, horiek hasi baino lehenago aurkeztu behar direla. Izan ere, santakrutzetan txosna jartzeko eskaera-epea irekita dago martxoaren 31 bitarte, hau barne hartuta. Eskaera Andoainen egoitza duten talde edo erakundeek egin dezakete soilik, betiere irabazi asmorik gabeko elkarteak baldin badira.
Aurkezpena
Eskaerak Atarian, Herritarren Arreta Zerbitzuan aurkeztu beharko dira. Bere ordutegia astelehen, astearte, asteazken eta ostiraletan 8.00etatik 14.30era da eta ostegunetan, berriz, 8.00etatik 17.45era. Modu presentzialean egin nahi ez dutenek Andoaingo Udalaren web-orriko zerbitzu telematikoaren bitartez (BAKQ) bete dezakete eskaera. Informazio gehiago behar duenak 943 300 830 telefonoan zalantzak argitu ditzake.
Sanjuanetako kartela
Bestalde, Andoaingo Udalak gogorazi du San Juan jaiak 2025 iragartzeko kartel lehiaketarako deialdia zabalik dagoela apirilaren 30era arte. Andoaingo Udaleko Kultura Jaiak iragartzeko kartelaz gain, programen azala ere izango da.
Leihaketak bi maila izango ditu: 17 urtetik gorakoena eta 12-16 urte artekoena.
Guztira sei sari banatuko dira. Alde batetik epai-mahai profesional batek bere iritziz egokienak diren lanentzako, lau sari banatuko ditu. Lehenengo mailan lehenengo sariak 500 euro eta bigarren sariak 270 euro eta bigarren mailan 160 eta 110 euro, hurrenez hurren, jasoko dituzte.
Bestalde, Publikoaren Saria ere banatuko da herritarren bozka gehien jaso duten lanentzako. 17 urtetik gorakoena saria 130 euro eya 12-16 urte artekoena 70 euro izango dira.
Sari guztiak Andoaingo Salkin elkarteko dendetan erabiltzeko bonoak izango dira.
Hautaketa
Publikoaren Saria erabakitzeko aurkeztutako kartelak udaletxeko web orrian zintzilikatuko dira, eta andoaindarrek maiatzaren 9an, 10ean eta 11ean bozkatuko dute. Herritar bakoitzak bozka bakarra eman lezake.
Sari banaketa ekainaren 20an izango da, 18.00etan. Lekua prentsaren bidez jakinaraziko da.
Azkenik, lehiaketara aurkeztutako kartelak Udalak jendaurrean erakutsi ahal izango ditu ekainean zehar. Espazio kontua dela eta, Epaimahaia izango da zeintzuk jarriko diren erabakiko duena, beti ere kartelen kalitate artistikoa kontuan hartuta.