Actualidad

Aniztasunari ateak zabalduz

IKASLEEN ERREALITATE ANITZA GIZARTERATU NAHIAN, SENTSIBILIZAZIO SAIO BEREZIAK PRESTATU DITUGU IKASTOLAN
Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleak, dislexia sentsibilizazio saioan.

Lizarra Ikastolako Orientazio Departamendua aspaldi ohartu zen ikaskuntza-nahasmenduen inguruan ikasleak sentsibilizatzea beharrezkoa zela. Ikaslegoak ez zuen erraz ulertzen ikasle batzuk zergatik batzutan ikasgelatik atera egiten ziren, material desberdinak zituzten edota bestelako azterketa egiten zituzten. Egoera horien aurrean, maiz honen zergatia galdetu eta oso egokiak ez ziren espekulazioak egiten zituzten haur eta nerabeek; besteen autoestimuari eta behar zituzten ikasleen egokitzapenen onarpenean eraginez.

Hortaz, ikasketa-prozesuan eman daitezkeen egoera anitzak bere osotasunean ulertzeko asmoz, sentsibilizazio-tailerrak antolatzea erabaki zuen Orientazio Departamentuak duela urte batzuk.

Helburua argia zen: ikasleen beharrak ulerraraztea, bere azalean jartzea eta, enpatia garatuz, gure eguneroko jardunean inklusioari tokia egitea. Lehen urratsak 2015/16 ikasturtean eman ziren; orduan ohartu ziren erronka honen dimentsioa hasieran ematen zuena baino askoz handiagoa zela. Hala ere, saioak diseinatzen eta hauei forma ematen hasi ziren ilusio handiz, ikasleen egunerokoan eragin zuzena izango zuenaren jakitun.

2018/19 ikasturtean ikastalde ba-tzuetan dislexia kasu ugari antzeman ziren, eta egokitzapenak ikusita, gainerako ikasleek protesta egin zuten.

Primerako egoera dislexia sozializatzeko; eta talde horretako ikasle guztiek, dislexia izan edo ez, sentsibilizazio-tailer batean hartu zuten parte.

Sentsibilizazio-prozesuaren parte bezala beste ikasleen esperien-tziak ere partekatu izan dira; adibidez, Lizarra Ikastolako ikasle ohi baten bizipenak begiak ireki zizkien bat baino gehiagori.

Lehenengo esperientzia arrakastatsu honen ostean, ikastetxeko Orientazio Departamentuak ekin-tza hau urtero errepikatzearen onura argi ikusi zuen, eta horrela sistematizatu zen dislexiaren inguruko sentsibilizazio-tailerra Lehen Hezkuntzako 3. mailan.

Baina dislexia ez da Lizarra Ikastolako ikasle batzuen ezaugarri bakarra. Azkenaldian Orientazioak gero eta goi-gaitasuneko kasu gehiago igarri ditu. Errealitate hau ere gizarteratzeko eta azaltzeko beharra izan dute, eta horrela gauzatu dute ikasturte honetan: Lehen Hezkuntzako 4, 5, eta 6. mailan goi-gaitasunen inguruko sentsibilizazio-tailerra eraman dute aurrera estreinako aldiz.

Diagnostikoa duten haurrek beraiek, saioan bertan eta espontaneoki, horrelako ezaugarriak dituztela esaten dute. Bide batez, horretaz hitz egiteko aukera dutela sentitzen dute, tokia ematen zaie eta beste kideei asko laguntzen die ulertzen; enpatia lantzen da eta haien tokian jartzen. Ezaugarri batzuetan beraiek bere burua ere ikusten dutenez, ez direla horren desberdinak ulertzen dute.

27/10/2022