Buscar
Cultura

Anonimoen eta erreferenteen gorazarrez

Balmasedako sei emakume musikarik sortutako proposamen artistiko berritzailea da ‘Anonimak’. Musikarien bertsioak eta ikus-entzunezkoak nahasiz, historiako emakume anonimoak omendu eta erreferenteak zentroan jarri dituzte. Martxoaren 7an aurkeztu zuten Ba
‘Martxoaren 7an aurkeztu zuten Balmasedan proiektua.
‘Martxoaren 7an aurkeztu zuten Balmasedan proiektua. / DANA SORMEN GUNEA

Historiako anonimo gehienak emakumeak direla esan zuen Virginia Woolfek Gela bat norberarena saiakeran. Emakume horiei guztiei omenaldia da Anonimak; baina baita oholtzara igo-tzea ausartu ziren erreferenteen lana aitortu eta erdigunean jartzeko proposamena ere. Historiako eta gaur egungo hainbat emakumeren gogoetak plazaratu dituzte musikaz gozatzeko eta hausnarketarako aukera ematen duen ikuskizunean.

Itxaso Gomez, Goizalde Gomez, Irina Alvarez, Garbiñe Garcia, Maria Lazkano eta Maria Rivero dira Anonimak taldearen atzean dauden sor-tzaileak. Balmasedarrak dira seirak, eta emakumeak. Riveroren ekimenez elkartu ziren, hark aspaldi baitzuen buruan bueltaka obra honen ideia. Arrazoi desberdinak tartean, proiektua geldirik izan dute zenbait urtez, baina duela hilabete batzuk berriz elkartu eta gogotsu berrekin zioten sormen eta esperimentazio bideari.

Oholtza gainean esperientzia zabala duten musikariak izan arren, ibilbide, adin eta profil oso desberdinak dituzte. Riveroren iritziz, hori da lanaren bereizgarrietako bat: “Ikuskizuna bera elikatu eta interesgarri bihurtzen du”. Bistakoa denez, lantaldearen osaera ez da ausazkoa izan. “Balmasedako sei emakume musikari izateak badu esanahi politiko handia, irudia bera bada iraultzailea”, azpimarratu du. Musika aldetik, erronka desberdinak hartu dituzte guzti-guztiek: musika tresna desberdinak probatu dituzte eta “txarto egitera ausartu” dira. Sormen prozesuaren emaitza “berritzailea” dela azpimarratu dute bai sortzaileek bai martxoaren 7an pieza ikusteko aukera izan zuten ikus-entzuleek.

‘Martxoaren 7an aurkeztu zuten Balmasedan proiektua.

‘Martxoaren 7an aurkeztu zuten Balmasedan proiektua. DANA SORMEN GUNEA

Izan ez zirengatik

Maria Riverok argi du ikuskizuna ez dela “kontzertu soil bat”, askotariko helburuak dituen proposamen artistikoa baizik. Hasteko, emakumeen lanaren erreferentzialtasuna landu nahi izan dute. Ikus-en-tzunezkoak eta emakume musikarien bertsioak baliatu dituzte emakume sortzaileen gogoetak oholtzara eramateko.

Plaza publikoa hartzeko pausua eman zuten emakumeei “zentroa zor” diegula defendatu du Riverok: “Erreferente bilakatu behar ditugu datozen belaunaldiek ispilua izan dezaten, ezinbestekoa da”. Era berean, inoiz oholtzara igo-tzerik izan ez zuten horiekin ere zorretan gaudela uste du musikariak: ikuskizuna haiengatik ere badela nabarmendu du. “Zenbat anonimo galdu ditugu pentsatu izan dutelako oholtza ez zela euren tokia? Zenbat galdu dugu guk, eta zenbat galdu dute haiek? Zor diegu, nolabait”.

Bestetik, herriko musikari emakumeen artean sarea sortzea eta Balmasedari ekarpena egitea ere dute xede. “Betidanik ezagutzen ditudan lagunekin proiektu bat garatu ahal izatea oso interesgarria da, eta emakume eta musikari bezala gogoeta hauek zabaltzea eta herriari ekarpen hau egitea oso polita da”, azpimarratu du ideiaren sustatzaileak.

Ahalik eta pluralen

Ikuskizunean garai historiko, jatorri, arte diziplina eta egoera oso anitzetako emakumeen gogoetak jaso dituzte. Hala, ikus-entzunezkoen eta bertsioen bidez Maurizia Aldeiturriaga, Mercedes Sosa, Chavela Vargas, SES (Maria Xosé Silvar), Lourdes Iriondo, Ines Osinaga, Naxker, Neomak, Tanxugueiras, Maria Arnal, Christina Rosenvinge… ikusi eta entzuten dira emanaldian zehar.

‘Martxoaren 7an aurkeztu zuten Balmasedan proiektua.

‘Martxoaren 7an aurkeztu zuten Balmasedan proiektua. DANA SORMEN GUNEA

Sormen prozesua Alonsotegiko (Bizkaia) DANA nazioarteko sormen gune artistikoan burutu zuten. Proiektua Danart egoitza artistikorako hautatua izan zen, eta hura erabili zuten obrari forma eman eta entseitzeko, aholkularitza artistikoaren laguntzarekin. Kanpoko begirada hori azken emaitzan agerikoa dela uste du Riverok, beste ikuspuntu batzuk txertatzen lagundu dielako: “Kristoren aukera izan da, proiektuari indarra eman dio”.

Hilabeteetako lanaren ondoren, martxoaren 7an aurkeztu zuten lana publiko aurreran. Ezinbestean, Balmasedan behar zuen izan, eta ez zuten epel utzi Klaret antzokira bertaratu zen inor. “Jendeak ez zekien zein zen proposamena ezta zer ikusiko zuten, eta mundu guztia geratu zen aho bete hortz”, laburtu du sortzaileak.

Lehen emanaldia “oso-oso ondo” joan zela azpimarratu du, espero zutena baino hobeto. Publikoaren erantzunak harritu zituen, denek azpimarratu baitzieten ikuskizuna ez zela “kontzertu soil bat” eta produkzio aldetik oso ondo josita zegoela adierazi zieten. “Askok esan ziguten bertan ikusi eta entzun zituzten gogoetekin joan zirela etxera. Guretzako hori da interesgarriena”, pozik azaldu da Rivero.

Saio hartan bildutako indarrekin, proiektuarekin aurrera jarraitzeko “gogotsu” daudela azaldu du sortzaileak. Kontratazioa zabalik dute eta, emankizuna kalean ere egin daitekeen arren, aretoetarako pentsatuta dago. Hori dela eta, lotuta dituzten data gehienak azarorako dira, baina proposamen berriak entzuteko prest daudela baieztatu du Riverok: “Gu gogotsu gaude eta ikusiko dugu zer datorren”.

2025-04-11T16:24:04+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo