Actualidad

Antxoaren tamaina txikiagoa izatearen arrazoiak zehaztu nahi ditu AZTIk

Espeziaren batez besteko prezioa murriztu egin da arrainaren neurria urriagoa delako
Hainbat arrantzale, Hondarribiko portuan. | ARGAZKIA: R. BASALDUA

Zenbait espezieren tamaina txikitzen ari dela ikusi dute AZTIko biologoek azken urteotan Bizkaiko golkoan egindako ikerketetan. Antxoarena da adibiderik garbiena. Tamainaren txikitzeak ondorio ekonomikoak negatiboak ditu euskal arrantzaleentzat baliabidearen ustiapenean, espezie horren salmentaren prezioa txikiagoa delako. AZTIk ikerketa bat jarri du abian Bizkaiko Golkoko antxoaren tamaina txikiagoa izatearen arrazoiak, eta flotan zein beste jarduera batzuetan duen eragin ekonomikoa zehazteko.

Antxoaren batez besteko prezioa asko jaitsi da azken hiru urteetan. 2021ean, adibidez, 0,94 eurotan saldu zen antxoa kiloa Bizkaia eta Gipuzkoako portuetan, inoiz baino merkeago. Kontua da, lehorreratutako arrain gehiena gaztea izan dela –tamaina ertain edo txikikoa- eta ondorioz prezioa ez da ona izan. Arrantzaleek euskal kostaldean antxoa ugari aurkitzen badute ere, arrainaren tamaina nahi baino txikiagoa da, arraina gaztea delako eta arrain gazte hori normalean baino txikiagoa delako. Ondorioz, euskal ontziek Kantauriko mendebalderantz jo behar izan dute antxoa handiaren bila. Izan ere, arrain handia baita enkantean preziorik onena lortzen duena. 2022an euskal ontziek 6.958 tona bokart harrapatu zuten. Erdia baino gehiago, baina, Kantabria eta Asturiasko portuetan lehorreratu zuten, 3.780 tona, eta gainerakoa Gipuzkoa eta Bizkaiko kofradietan, 3.177 tn.

Euskadiko kofradietan diru sarrerak asko murriztu dira azken urteetan, aurreko urteetan baino antxoa gutxiago jasotzen dutelako. Ondarroa, Kantaurian antxoa gehien jaso izan duen portuan, 8,3 milioi kilo saldu ziren 2017 urtean, 13 milioi euroko balioarekin. 2021ean, ordea, 1,8 milioi kilo baino ez zuten jaso, 1,8 milioi euroko balioarekin. Jaitsiera nabarmena inolako zalantzarik gabe.

Azken urteetan antxoa gazte asko egon da Bizkaiko Golkoan urtero izandako erreklutamenduak handiak izan direlako. Hau da, udaberrian antxoa nagusiek ipinitako arrauntzetatik ale asko iritsi dira urte bete izatera. AZTIko biologoek 2002ko udazkenean egindako JUVENA ikerketaren arabera, 481.000 tona antxoa gazte –urte bete baino gutxiago- zegoen Bizkaiko Golkoan, batez besteko historikoaren %80 gehiago.

Nolanahi ere, AZTIko biologoen arabera, itsasoan urte beteko antxoa asko egotea ez da tamaina txikiagoa izatearen arrazoi bakarra. Izan ere, errekluta berriek, berez, duela urte batzuk populazio horretan ikus zitezkeenak baino tamaina txikiagoa baitute. “Arrantzaldian neurri txikiagoko aleak sartzen direla ikusten dugu eta tamaina txikiagoa izatea ezin da antxoa handien gaineko arrantza-presioaren ondorioa izan”

Hipotesi ugari

Biologoek esku artean dituzten hipotesien artean, antxoaren ugalketa-ereduen aldaketarena dago. Hau da, arrautzak normalean baino beranduago ipinita, larben eta gazteen hazkunde-aldia mugatu egin daiteke. Beste alde batetik, biomasa handiak egoteak janaria lortzeko lehia handi dezake eta ondorioz ale bakoitzak jaten duena murriztu. Antxoaren harrapari naturalen presioa murrizteak ere eragina izan dezake eta baita aldaketa klimatikoak ere, hazkundea muga dezakeen energia-eskakizun metaboliko handiagoagatik. Neguko heriotza-tasaren murrizketa eta ezaugarri biologiko desberdinak dituen azpitalde genetikoki bereiziren bat zabaltzea dira beste hipotesi batzuk azken urteetan antxoaren tamaina txikitu izana ulertzeko. “Ezagutza horrek, arazo horren arrazoiak zehazteaz gain, epe laburrean urteko denboraldi bakoitzean antxoaren tamainaren aurreikuspena aurreratzeko aukera emango luke. Horrela, flotak baliabidea ustiatzeko estrategia aurreikusitako neurriaren arabera egokitu ahal izango luke” diote AZTItik. Epe luzera, behatutako aldaketen jarraipena edo itzulketa aurreikusi ahal izango da. Gainera, emaitza ekonomikoak hobetu egingo lirateke floten errentagarritasun-aldaketarekin.

Bizkaiko Golkoko antxoaren tamainaren txikitzean eragina izan dezaketen faktoreak zehazteko, AZTIk JUVENA ikerketan 2003tik 2022ra bildutako datu biologikoen basea eguneratu eta berrikusi du. Halaber, antxoak enkantean izandako prezioen datu-basea eguneratu da, prezioen bilakaera ezagutu ahal izateko aleen tamainarena arabera.

Ikusmen artifiziala antxoak kontatzeko

Beste alde batetik, AZTIk antxoak zenbatzeko ikusmen artifiziala erabiltzen duen makina bat garatu du. Espezie honen prezioa tamainaren araberakoa da eta ontziek arraina saltzeko orduan zehaztu egin behar dute zenbat ale dauden kiloan. Horretarako hiru bat kaxa hartzen dira eta antxoa kopurua eskuz zenbatu. Sarritan gora beherak egoten dira erosle eta saltzaileen artean, ez datozelako bat kontaketan. Gauzak horrela, Gipuzkoako kofradiek AZTIrengana jo zuten kontaketa automatikoko sistema bat garatzeko. Hezetasun eta gazitasun baldintzetan funtzionatu dezakeen prototipo bat diseinatu dute arrantzaldian zehar eta ondoren instalatu eta kendu daitekeena. Ikusmen artifizialeko antxoen kontagailuak antxoa bat hauteman dezake, posizioa, tamaina eta egoera kontuan hartu gabe, eta errore-tasa %2koa da. Euskadiko kofradia batzuk hartu dute antxoak kontatzeko makina, laister hasiko den kanpainan erabiltzeko.

28/02/2023