Buscar
Gipuzkoa

Antzerki Garaia bueltan da, euskarazko antzerkiari bultzada emateko

Beasainen eta Ordizian garatuko da, urtarriletik apirilera bitartean
Beasaingo eta Ordiziako alkateak zikloa aurkezten. | ARGAZKIA: N.G.
Beasaingo eta Ordiziako alkateak zikloa aurkezten. | ARGAZKIA: N.G.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzoki Sarearen lankidetzarekin, Beasain eta Ordiziako Udalek elkarlanean, Antzerki Garaia antolatu dute, teatroa sustatu eta euskarari bultzada ematen jarraitzeko helburuz. Aurtengoa 29. edizioa izango da, izan ere 1995ean eman zituen lehen urratsak ekitaldiak.

Goierriko bi udaletako Kultura Sailek antolatutako programa ezagutzera eman dute Leire Artolak, Beasaingo alkateak, eta Adur Ezenarrok, Ordiziakoak: zortzi an-tzezlan izango dira ikusgai, sei euskaraz, eta gainerako biak gaztelaniaz; lau Beasaingo Usurbe Antzokian interpretatuko dira, eta beste lau Ordiziako Herri Antzokian. Lehenengo emanaldia urtarrilaren 13an izango da. Txalo Produkzioak konpainiaren eskutik Sagastitarrak obra izango da ikusgarri, Usurben.

Urtarrilaren 20an, aldiz, La casa de papel telesailaren arrakastaren ondotik, Itziar Ituño eta Ramon Agirre Ordizian izango dira, Hobe ixilik antzezlanarekin.

Otsailaren 17an, Aitziber Garmendia zaldibitarrak, beste aktore batzuekin batera, Ez naiz inoiz Dublinen izan teatroa aurkeztuko du, Tentazioa konpainiaren babespean. Antzezlan hau Usurbe An-tzokian izango da. Segidako astean, berriz, Ados Teatroak konpainiak Muchos amigos negros lana ekarriko du Herri Antzokiko eszenatokira.

Martxoan bi lan aurkeztuko dira, lehenengoa Ordizian eta bigarrena Beasainen: 17an Toto (Hika Teatro); eta 24an Cabezas de Cartel (Perigallo Teatro).

Apirila izango da Antzerki Garaiaren azken hilabetea, urteko laugarren hilabeteak itxiko du, beraz, zikloa. Teatroarekin bi zita egongo dira: Beasainen, hilaren 14an, La dramática errante an-tzezlanarekin bata, eta bestea Familia Sarekada lanarekin, 21ean Ordizian.

Sarrerak eta abonuak

Emanaldi bakoitzerako sarrerak 12 eurotan egongo dira salgai. Bestalde, denboraldi osorako abonuak eskuragarri jarriko dira 72 eurotan. Urtarrilaren 10era arte izango dute interesatuek abonuak lortzeko aukera. Abonua erostea erabakitzen dutenek udalerri bakoitzeko antzokietan eserleku bat izango dute esleituta. Gainera, edozein aldaketari buruzko informazioa jasoko dute, baita urtean zehar beste obra batzuen programazioari buruzkoa.

2022-12-22T20:37:07+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo