Gipuzkoa

Antzerki Topaketek lekua izan nahi dute Wikipedian

Enziklopedian izango duten txokoa osatzeko saioak egingo dira asteazkenean
Udaleko eta Kulturazeko ordezkariak ekimena aurkezten. | ARGAZKIA: N.G.

Azpeitiko Euskal An-tzerki Topaketek beren 40. urteurrena beteko dituzte aurten. Hori dela eta, Udala eta Kulturaz Kooperatiba urtemuga hori ospatzeko egitarau berezia prestatzen ari dira elkarlanean. Ekintza gehienak datorren udazkenean burutuko dira (Antzerki Topaketen bueltan) baina aurrenekoa datorren asteazkenean egingo da, Sanagustin kulturgunean.

Izan ere, Udalak eta Kulturazek Euskal Antzerki Topaketen lau hamarkadetako historia bildu nahi dute, ekimenak Wikipedia eduki askeko entziklopedian izango duen txokoa osatzen joateko. Era horretan, euskaraz ekoiztutako antzezlanak sustatzeko sortu ziren topaketen zabalkundea egin nahi da.

Udaletik jakinarazi dutenez, “Udal Artxiboan Euskal Antzerki Topaketei buruzko informazio ugari dago baina horretaz gain garrantzitsua iruditzen zaigu herritarrek jasota izan dezaketen edozein informazio edo irudi elkarbanatzea edo zuzenean Wiki-sarrerara igotzea norbere kabuz”.

Horri guztiari hasiera emateko, egun osoko topaketa egingo da datorren asteazkenean Sanagustin kulturgnean. Aurkezpena 10.00etan egingo da eta 10.30etik 13.00etara bitartean aurreneko saioa.

Arratsaldean, berriz, goizeko saioak emandakoaren laburpena eginda, eguneko bigarren saioa burutuko da, 16.30etik 19.00etara bitartean, hain zuzen ere. Ekimenaren sustatzaileek antzerkizaleak eta gaian interesa duen oro gonbidatu nahi dute parte hartzera: “Sanagustinera bertaratzen direnentzako kafea eta gailetak izango dira”, aurreratu dute.

11/07/2022