Buscar
Cultura

Antzerkia baino gehiago, hitz gutxiren bitartez

Markeliñe antzerki konpainiak ia lau hamarkada daramatza hitz gutxirekin sentimenduz beteriko obrak plazaratzen eta gazteengan antzerkigintzaren grina sortzen. Beraien ibilbidea mimo munduan hasi bazuten ere, gerora ikusgarritasuna eta xumetasuna tartekat
Amorebieta-Etxanon sortutako konpainiak 37 urte baino gehiago daramatza sorkuntzan.
Amorebieta-Etxanon sortutako konpainiak 37 urte baino gehiago daramatza sorkuntzan.

Hizkuntza bera sortu baino lehen, historiako lehen hominidoek, gero lehen gizakiak izango zirenak, beste komunikazio metodo batzuk erabiltzen zituzten. Horien artean, garrantzitsuenetariko bat, keinuak edo gorputzaren mugimenduak izan ziren. Batak besteari gauza bat adierazteko besoak, burua, begiak, hankak eta, oro har, gorputza erabiltzen zuten. Kontuan hartzen badugu antzerkiak, hein handi batean, hori barneratzen duela, hau da, adierazkortasun fisikoa zerbait komunikatzeko, agian, antzerkia bera uste baino askoz arinago asmatua izan zen. Ideia horretan sakondu dute Markeliñe antzerki taldekoek beraien lan berrian: Mamut. Amorebieta-Etxanon (Bizkaia) sortutako konpainiak 37 urte baino gehiago daramatza hitz gutxirekin, baina sentimenduz beteriko obretan, publikoaren barne sentimenetara hurbiltzen eta gazteengan antzerkiaren grina sortzen.

“Guk lan hau kokatzen dugu historiaurreko momentu berezi batean: gizakiak izango diren horiek konturatzen direnean existitzen ez dena irudikatzeko gai direla”, deskribatzen du Jon Kepa Zumaldek azken obraren sinopsia. Bera Markeliñe antzerki konpainiaren partaide eta sortzaileetariko bat da. Taldeak beti ukitu pertsonala duten lanak plazaratzen ditu, horretarako keinu, objektu eta lengoaia propioak erabiliz. Azken lan honek aukera bikaina eman die hezur batzuen bitartez, taula gainean dauden hiru historiaurreko gizakik duten sorkuntzarekin eta irudimenarekin jolasteko. “Beti saiatzen gara testua erabili ez arren, ahotsak erabiltzen eta honek ematen dizkigun aukerak jorratzen, bai abesten edo soinuak ateratzen”, Zumalderen hitzetan. Kasu honetan pertsonaia hauek hizkuntza, edo hizkuntza bezala ezagutzen duguna menperatzen ez duten arren, komunikatzeko era joko bat bihurtzea lortu zuten obraren sortzaileek. “Ikusten genuen hitz egiten ez dutenez eta publikoak ez duenez esaten dutena ulertu behar testu batekiko, baliagarria zela guretzat hasiera batean”. Baina, era berean, argi zuten horrek beraien aurka jo zezakeela, “ezin baitituzu zarata pilo bat egin beraien artean ulertuko balira bezala eginez, ikuslegoa gertatzen ari denaz kanpoan utziz. Hori guztia ondo neurtu behar den zerbait da”.

‘Mamut’ antzezlaneko une bat.

‘Mamut’ antzezlaneko une bat. Markeliñe

Markeliñekoak beti saiatzen dira egiten duten guztia, bai keinu bidez edo bai zaraten bidez, ikuslegoak ulertzea. Kode horretan sartzean, esperientziak erakutsi die ikuslea oso azkarra dela. “Kasu honetan obraren ulermen maila jaitsi dugu mundu guztiarentzat zuzendua izateko, haurrek ere, gozatzeaz gain, ulertu dezaten gertatzen ari dena. Zaratak erabiliko ditugu, baina hori ez da izan behar obrako pertsonaien artean komunikatzeko tresna”. Bide horretatik keinuekin eta hezurrekin egiten dituzten irudi poetikoen bidean sakondu dute ulermenerako. Hala ere, beraien lanetan testu gutxi badago ere, Mamut antzerkian kontalari bat dago gizakiaren eboluzio momentu horretaz informatzen duena. “Pertsonaiaren edo historiaren arabera horiei dagozkien soinu motak” aztertzen dituzte. “Batzuek jantziak aintzat hartzen dituzten heinean, guk horrez gain, eszena bakoitzari dagozkien isiltasunak ere kontuan izaten ditugu”.

Sorkuntza oparoa

Bizkaiko antzerki taldeak sormen lan oparoa izan du bere ibilbide guztian zehar. Ia urtero obra berri bat estreinatzeko gai izan dira. Antzerki berri bat prestatzeko lanean bi era nagusi erabiltzen dituzte: bata, objektu batzuk hartu eta beraiekin jolastuz zer nolako eszenak, figurak edo erlazioak lortzen dituzten kontuan hartuz. Ideia nagusi batera hurbiltzen saiatzen dira, gero buelta emateko. Eta beste modua, edozein ideia edo ipuin hartu eta horri hainbat buelta eman ondoren, objektuak erabiliz dramaturgia puntua ematen diote. Mamut lanaren kasuan lehen metodoa erabili zuten. Hasiera puntua argi zeukaten: pertsonaia bat momentu batean gosea dela edo beldurra dela, hezurrak besterik ez dauden leku batera heltzen da. Hezurren bitartez, nahiz eta haragirik ez izan, pertsonaiak haragia badagoela imajinatzen du. Momentu horretan hasten da ez dagoena imajinatzen edo irudikatzen. Beste pertsonaia biek hori ikustean ez dute ulertzen zertan ari den. “Azalpen momentu hori, fikzioaren bidez existitzen ez dena egia bihurtu ahal dugula, hori antzerkiaren hazia da nolabait. Lantzen hasteko oso ideia polita zen eta hortik abiatu ginen”, Zumaldek azaldu duenez.

‘Mamut’ antzezlaneko une bat.

‘Mamut’ antzezlaneko une bat. Markeliñe

Markeliñekoek mimo mundua landu zuten beraien hastapenetan, nahiz eta denbora gutxian aurpegi zuria galdu eta hainbat diziplina garatzen hasi ziren. Dantzara jo dute edo zirkua ere barneratu dute inoiz; baina beti saiatu dira gaiei garrantzia emanez, kontatzen dutena erdigunean jartzen. Gaur egun, beraien obra guztietan ikuslegoari pentsarazten uzteko ideia batzuk sartzen dituzte, beraien kabuz garatu dezaten gaia. Gai sakonak jorratu dituzte: umeen minbizia, gerra, alzheimerra zein dolua, besteak beste. “Gai horiek testu gabe lantzea oso erronka handia izan da. Beti aurrera eramaten saiatu gara eta benetan uste dugu obra oso ederrak atera direla. Agian gure eboluzioa hortik etorri da eta ez bakarrik zelan antzezten dugun gai bat”. Zailtasunak zailtasun, esperientzia oso lagungarri izan zaie. Berari esker zer den ona edo oso ona bereizten ikasi dute, baina beste alde batetik, Zumalderen esanetan, “konturatzen zara gauza berri onak egitea ez dela erraza. Kontuan daukagu denbora luze bat eman behar diogula obra bakoitzari, gauza onak ateratzeko. Baina esperientzia beti balore bat da”.

Hastapenak

Taldeak 80ko hamarkadan hasi zuen bere ibilbidea eta urte gutxiren buruan leku propioa lortu zuten euskal antzerkigintzan, batez ere kalean eta gauez eskaintzen zituzten antzezlanekin. “Indar handia genuen eta oso gustura lan egiten genuen. Momentu horretan istorio ikusgarriak kontatzen genituen, baina egia da gazteak ginela eta gure indarra eta energia beste batzuk zirela erritmo hori uda oso batean zehar eramateko”, gogoratu du Markeliñekoak. Kaleko muntaiak ez dira errazak izaten atzetik duten lanarengatik. “Hel zaitezke arratsaldeko lauretan nonbaitera zerbait muntatzeko eta, agian, goizeko hiruretan bukatzen duzu. Eta hurrengo egunean gauza bera beste leku batean. Gogorra zen, baina gustura egiten genuen”. Hala ere, lan horrek guztiak Markeliñeri atzerriko merkatuaren ateak ireki zizkion eta bide berri bat jorratu ahal izan zuten. Taldea, alabaina, ez zen arrakasta horretan geratu eta etengabeko garapen prozesuan era berrien bitartez kontatzen joan da istorio desberdinak. “Denborarekin ikasi dugu gauza sinpleagoekin, xumeagoekin ere istorio bat konta daitekeela eta emaitza ona izan”. Andante obran, adibidez, gurdi batekin joan ziren kalean zehar eta gerraren inguruko eszenak egiten zituzten zapata batzuekin jolasten. Zumalderen hitzetan, “kalera atera dugun obrarik nabarmenena” izan zen hura, eta onarpen handia izan zuen atzerrian. “Gauzak xumeak direnean, baina ondo landuak, oso interesgarriak izan daitezke eta harridura sortu”.

Gazteekin lanean

Lan honez guztiaz gain, Markeliñek hamar urte baino gehiago daramatza antzerkigintzaren grina Durangaldeko gazteei transmititzen. “Ikusten genuen gure herrian, Zornotzan, ikuslegoaren zifrak nahiko erregularrak zirela. Batzuetan gora egiten zuen, beste batzuetan behera. Baina, gehienbat, zulo batzuk nabaritzen genituen eta nabarmenena nerabeei dagokiona zen”. Adin tarte horretan zeuden ikusle gutxi hurbiltzen ziren emanaldietara. Batzuetan beraiengan pentsatutako lanak egiten zituzten, baina, halere, ez ziren antzokietara hurbiltzen. “Egoera horri aurre egiteko egitasmo bat sortu genuen: inguruko udal batzuei antzerki ikastaroak ematea eskaini genien ikastetxeetan”. Geroztik astero bi orduko ikastaroak ematen dituzte, non antzerkiarekiko hurbilketa bat eskaintzen duten. Antzezteko grina sortu baino gehiago, beraien helburua jolasen bidez antzerkia barrutik zer den erakustea da. Gainera, adin tarte zailean dauden gazte horientzat nortasuna garatzeko balio dezakeen lanketa izan daiteke. “14-18 urte bitarteko gazteei zuzendu ginen eta lan horrek oso emaitza ederrak eman dizkigu”.

‘Mamut’ antzezlaneko une bat.

‘Mamut’ antzezlaneko une bat. Markeliñe

Gazteek beraiek obra bat sortzen dute ikastaroan zehar monitorearen laguntzarekin. Beraiek aukeratzen dute gaia eta nola landu; gero, maiatz inguruan, jaialdi bat antolatzen du antzerki konpainiak ikastaroetan izan diren taldeak elkartuz. Horrela, gazteek aukera dute antzoki batean beraien lana jende aurrean aurkezteko. “Oso egitasmo polita da eta, gainera, 14 urterekin hasten direnak lau urteak ematen dituzte ikastaroan”, azaldu du Zumaldek. Horrez gain, nahiz eta beraien lehenengo helburua ez izan, lau gaztek, gutxienez, aktoretza profesionalaren munduan sartu dira. “Nahi duguna, azken finean, gazteei antzerkia erakustea eta mundu honetara hurbiltzea da. Tresna batzuk ematen dizkiegu gero beraien gaitasunak handitzeko: jende aurrean hitz egiteko, sozializatzeko, etab. Jolas moduan hasi genuena, gaur egun finkatuta dagoen lan bat da eta espero dugu denbora luzez izatea”.

Obra guztietan ikuslegoari pentsarazten uzten diote eta gai sakonak landu, hori testu gabe egitea oso erronka handia izanik.

2023-01-19T16:56:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo