Gipuzkoa

Antzuolako Alardea komiki bihurtuta

Antzuolako Alardea nondik datorren, zer den eta nola ospatzen den gizarteratzen jarraitzeko helburuarekin, herritar guztientzako euskarri erakargarria sortu dute. Xabier Sagasta Lacalle ilustratzailearekin batera egindako lana da.
Antzuolako Alardearen Elkarteko kideak eta Xabier Sagasta Lacalle (bigarrena, ezkerretik), ostegunean egindako aurkezpenean.
Antzuolako Alardearen Elkarteko kideak eta Xabier Sagasta Lacalle (bigarrena, ezkerretik), ostegunean egindako aurkezpenean. / Anabel Dominguez.

Herrian zein kanpoan Antzuolako Alardea sustatzea da helburuetako bat. Hori lortzeko, ekimen desberdinak bultzatu dira urte askoan, hala ere, “Alardea nondik datorren, zer den eta nola ospatzen den adierazi nahian, aspalditik ari ginen elkartekideak herritar guztientzat erakargarria izan zitekeen euskarri baten bila. Eta nahi horretatik sortu zen duela hiru urte, hain zuzen ere, komiki baten bidez guzti hori azaltzeko egitasmoa”, azpimarratzen du Antzuolako Alardearen Elkarteko kide den Iñigo Ramirez de Okarizek.

Komikia kalean da jada. Mimoz zaindu den ekimen baten emaitzarekin gozatzeko aukera dute irakurleek. Arrasaten jaioa eta Gasteizen hazia, Xabier Sagasta Lacalle da lan honen egilea. “Gonbita Antzuolako Alardeko Elkartetik heldu zitzaidan, komiki batetan lan egiteko aukera beti da ongi etorria nire aldetik, eta kideen jarrera harkorrari esker egitasmoa aurrera atera zen”, azaldu du gaur egun Bartzelonan bizi den 42 urteko ilustrazaile eta marrazkilariak.

Jatorria, protagonistak, herriko jaiak...

Hiru atal ditu liburuak. “Lehendabizikoan Alardearen jatorria eta bilakaera bere testuinguru historikoan kokatzen da, eta antzinako herriko eta herritarren bizitzan murgilduko gara, eta bidez batez, historiatik Valdejunquera mitora pasatuko gara. Bigarrengoan, protagonistek hartuko dute hitza, ospakizunaren egunean zer egiten duten azalduko digute, zerk bultzatu dituen parte hartzera eta nola bizi duten Antzuolako Alardea. Hirugarrengoan, herriko jaiak barrutik ezagutzeko aukera izango dugu, Alardearen eguna zehazki, parte-hartzaile eta osagarri koreografiko guztiekin”, zehaztu du Ramirez de Okarizek.

Xabier Sagasta Lacalle ilustratzaileak (Arrasate, 1982) 'Antzuolako Alardea' komikia ondu du, enkarguz. Argazkian, irudietako batzuk erakusten.

Xabier Sagasta Lacalle ilustratzaileak (Arrasate, 1982) 'Antzuolako Alardea' komikia ondu du, enkarguz. Argazkian, irudietako batzuk erakusten. Anabel Dominguez.

Sormen prozesua

Zerotik hasi zen Sagasta, Antzuolako ondarearen ikur hau ez baitzuen ezagutzen. “Sormen prozesua, hein handi batean, Alardearen inguruan nik neuk ikasi eta ulertzearekin bat etorri da. Komikian kontatzeko interesgarriak iruditzen zitzaizkidan gaiak antzematearekin batera, liburuaren egituraketa zehazten joan zen. Horrek eman dizkigu, esaterako, kapitulu desberdinen ordena eta haietako bakoitzak daukan izaera grafiko bereizgarria”, nabarmendu du egileak.

Nahiko estilo desberdinak erabili ditu. “Horrela, lehen atalean ilustraziora jotzen du hizkuntza grafikoak, iraganeko garai historiko zehatzei erreferentzia eginaz (paisaiak, janzkerak, tresnak, koloreak...). Bigarren atalean, pertsonaien elkarrizketek hartzen dute protagonismoa, eta zentzu horretan marrazkiak soilagoak dira, narrazioa dutelarik helburu nagusi. Hirugarrenean, gaur egungo ospakizunari dagokio, eta marrazkiek antzezpenaren izaera eszenografikoari egiten diote erreferentzia, narrazioak orrien egituraketa estetiko bati jarraitzen diolarik, hitzik gabe”, aipatu du Sagastak.

Buruzagia eta mairua, Alardeko bi pertsonaia nagusiak.

Buruzagia eta mairua, Alardeko bi pertsonaia nagusiak. 'Antzuolako Alardea' komikia/Xabier Sagasta Lacalle.

Irudiak janzten dituzten hitzak elkarlanaren fruitua izan dira. “Elkartearen parte-hartzeari esker, testu zehatzagoak geratu dira eta ospakizunarekin lotura zuzenagoa dutenak”, dio Sagastak.

Adin eta izaera guztietako jendeari zuzenduta

Bere esanetan, “adin eta izaera guztietako jendeak aurki dezake interesgarri zaion zerbait liburu honetan”. “Alardea ezagutzen ez duenak, bere bilakaeraren ikuspegi orokor bat izango du; ezagutzen duenak, aldiz, bere sustrai historikoaren xehetasunak aurkituko ditu bertan, eta baita mitoaren sorrera ere. Eta alardeaz haratago, folkloreak, tradizioak eta herrigintzak dauzkaten lotura estuen inguruko gogoetara ere eraman gaitzake irakurketak”, gehitu du.

“Pozik” geratu da emaitzarekin eta “baita egindako bidearekin ere”. “Esango nuke berezitasun handiena elkarteko kideekin, eta bereziki Iñigo Ramirez de Okariz Telleriarekin, izan dudan lankidetza izan dela; izan ere, enkarguz proposatu zidaten ideia, asko garatu da bidean, eta eta une oro oso jarrera baikorra izan dute. Oso pozgarria izan da prozesu guztia niretzat”, baieztatu du Sagastak.

Belaunaldi berriengana iristea

Ekimen hau belaunaldi berrietara iristeko modu bat ere bada. “Uste dugu gero eta gehiago, gainera, gazteengan gertaera jakin bat narrazio eta irudi segida baten bidez irudikatzeak jakin-mina pizten duela; areago, artistikoa (irudiak) eta literarioa (hitzak) berdin konbinatuz, pertzepzioak erakargarriagoak eta ulergarriagoak bihurtzen ditu transmititu nahi den horri dagokionez”, adierazi du Ramirez de Okarizek.

Komikian agertzen diren irudi batzuk.

Komikian agertzen diren irudi batzuk. 'Antzuolako Alardea' komikia/Xabier Sagasta Lacalle.

Elkartetik gogoratzen dutenez, Alardea “historia, mitoa, tradizioa eta folklorearen arteko batuketa bat da, nortasun-ezaugarri propioak dituena. Herritartasuna adierazteko kultura ekitaldi bat ere bada eta, aldi berean, Antzuolako zein Euskal Herriko kultura ondarea aberasteko ospakizun aparta, eta gizartea eraldatzen ari den garai honetan guri, antzuolarrei, dagokigu bera zaintzea eta zabaltzea”.

Beraz, komikia prest dago irakurleak gozarazteko. Herriko liburu-dendan eta udal liburutegian eskuragarri dago, 20 euroren truke.

2025-03-23T19:59:32+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo