Buscar
Cultura

“Apaizak oso kontziente ziren ez zutela helburu politikorik lortuko, baina haientzat BBCn euskara entzutea pozgarria zen”

Leyre Arrieta historialaria 1947 eta 1956 urteen artean BBC irratian euskaraz eman zituzten kronikak aztertzen ari da. Kulturari estuki lotutako saioak ziren eta ondo zaintzen zuten kutsu politikorik ez izatea
Argazkian, Leyre Arrieta historialaria.
Argazkian, Leyre Arrieta historialaria.

Leyre Arrieta Alberdi (Mutriku, 1971) historialaria, ikertzailea, eta unibertsitateko irakaslea da. Hainbat argitalpen egin ditu euskal abertzaletasunaren, euskal erbestearen, europartasunaren eta komunikabideen historiaren inguruan. Egun, BBC irratian 1947 eta 1956 urteen artean euskaraz egindako kultur arloko kronikak aztertzen ari da. Galegoz eta katalanez ere egin zituzten, entzuleak zabaldu asmoz.

Ikerketa da zure pasioa?

Asko gustatzen zait ikerketa, nire pasioa da, bai, eta uste dut nire lanak hori transmititzen duela. Dena jartzen dut eta asko disfrutatzen dut ikasitakoak jendeari ezagutzera ematen.

Erbeste garaia landu duzu, batez ere. 

Bai, frankismoaren garaian euskal abertzaletasunaren erbeste garaia, batez ere Parisko delegazioan egindako lana. Egindako lanen artean Estación Europa (2007) liburua azpimarratuko nuke, nire doktore-tesiaren emaitza izan zena, eta iaz publikatu nuen Jabier Landabururen biografia.

Komunikabideen inguruko ikerketak ere egin dituzu, besteak beste, orain esku artean duzuna. Zelan jakin zenuen BBC irratian 1947an euskarazko kronikak ematen hasi zirela?

Iaz Consello da Cultura Galegatik deitu zidaten hitzaldi bat emateko BBCn euskaraz emandako programen inguruan. Nik baiezkoa eman nuen pentsatzen nuelako horri buruz zerbait publikatuta egongo zela, baina hara non bila hasi nintzen eta ez zegoen ezer. Galiziarrez egindako programa guztien testuak jasota eta argitaratuta daude eta Afonso Vázquez-Monxardín historialariak aztertu ditu. Katalanez egindakoen inguruan zerbait landu da, ez gehiegi, baina euskarazkoen inguruan ezer ez. Kuriosoa iruditu zitzaidan eta Vázquez-Monxardínekin hitz egin nuen. Berak pistak eman zizkidan, esan zidan bilatuak zituela euskarazko testuak Arxiu Nacional de Catalunyan baina ez zuela gauza asko aurkitu. Niri, ordea, intuizioak joateko esan zidan eta korrespondentzia bilatu nuen. Han topatu nuen testu bat, eta berehala konturatu nintzen hori zela euskaraz emandako lehendabiziko irratsaioaren testua.

Zergatik bilatu zenuen Arxiu Nacional de Catalunyan, baina?

Programa hauen koordinatzailea Josep Manyé katalana zelako. Hil zenean bere fondoa artxibo horretara eraman zuten. Euskal artxiboetan ez nuenez apenas testurik aurkitzen, bertara joan nintzen. Han topatu nuen testuan Anjel Urrutia apaizaren zatiaren aldamenean Josep Manyéren sarrera zegoen, lehen programa zela zioena. 

Ia hamarkada oso batean zehar eman zituzten irratsaio horiek euskaraz, katalanez eta galegoz. Ez ziren garai xamurrak inorentzat, zer dela eta erabaki zuen BBCk irratsaio horiek emititzea?

Euskaldunen parte-hartzean bazeuden aurrekariak. 1941ean BBCk On Alberto Onaindia apaiza kontratatu zuen Latinoamerikan kontrapropaganda egiteko. Baina, 1947an testuingurua beste bat zen: Gerra Hotza hasita, BBCk prestigio handia irabazi zuen hedabide objektibo bezala. Laboristek gobernuak irabazi zituzten, Londresen zeuden euskal aber-tzaleek harremana zuten eurekin, BBCko burua aldatu zuten eta hizkuntza ezberdinak erabili nahi zituen audientzia irabazteko. 

Nolako irratsaioak ziren?

Soilik gai kulturalak lantzen zituzten eta beti kontu handiarekin, oso kontrolatuta zeuden. Ezin zuten komentario politikorik egin ez Francoren aurkako ezer esan. Britainia Handiari ez zitzaion batere interesatzen Francorekin gaizki eramatea, Gerra Hotzaren garaian komunismoaren aurkako gerrarako komeni zitzaielako. Horregatik uste dut testu asko erdaraz ere daudela, ziurrenik kontrola pasatzeko itzultzen zituztelako. 

Esan duzu apaizek eta erlijiosoek egiten zituztela irratsaioak.

Bai, kontuan izan behar da garai hartan nor zegoen euskaraz alfabetatuta. Gainera, apaizak izanda, nolabaiteko moderazioa ziurtatzen zuten. Oso kontziente ziren ez zutela helburu politikorik lortuko, baina haientzat BBCn euskara entzutea pozgarria zen. Pentsa, Espainian euskara zapalduta zegoen eta BBC prestigio handiko irratia, mundu osoan entzuten zen.

Gerora beste testu batzuk ere topatu dituzu.

Bai, baina gutxi, eta horregatik joan nahi dut BBCko artxiboetara. Vázquez-Monxardíni esan zioten ez zegoela ezer, baina modu asko daude dokumentuak arakatzeko eta dokumentuei galdetzeko, eta lau begik bik baino gehiago ikusten dute. Badakigu ez daudela programen grabazioak, baina seguru nago testuren bat topatuko dudala. Zaila da ez zirelako kazetari bakarraren lanak, erlijioso ezberdinen testuak ziren eta koordinatzaileak batzen zituen.

Zer egingo duzu ikerketa bukatzean? 

Artikulu bat idatzi dut Contemporary European History aldizkarirako. Orain aldaketa batzuk egin behar ditut, publiko europarrari egokitzeko. Behin Londrestik bueltatutakoan, buruan dut aldizkari akademiko batean artikulu bat publikatzeko.

2023-02-24T17:04:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo