Bizkaia

Aplikazio berria Urdaibaira bisitak planifikatzeko

Biosfera Erreserbak bisorea sortu du, web app formatuko esperientzi-gida
Ereñozar mendi puntan bisitari bi, azpiko Urdaibaiko padurak ikuskatzen dituztelarik.

Milaka bisitari ha-tzen dituen eskualdea da Busturialdea. Uda giroan murgilduta, aste hauetan bere hondartzak eta ondarea bisitatzerik baino ez dago horretaz ohartarazteko. Eta kanpotik bertara etortzen direnei euren bisita planifikatzen laguntzeko, Urdaibaiko Biosfera Erreserbak web app formatuko bisore bat abiarazi du, “zeinaren xedea Urdaibain eskuragarri dauden jardueren eta lurraldeko natura- eta kultura-ondarearen berri ematea da, bai eta esperientziak planifikatzea ere, erabiltzaile bakoitzari egokiturik”. Tresna berriak asko errezten du bere bazterrak ezagutzea, turismo enpresen eskaintzaz jabetzea, beti ere jokabide jasangarrietan oinarrituta.

Turismo Jasangarriaren Europako Gutunari (TJEG) atxiki ondotik -2021. urtean jaso zuen Busturialdeak izendapena Europarc erakundearen eskutik-, “bisorea sortzeko orpoz orpo lankidetzan aritu dira Urremendi Landa Garapenerako Elkartea –Busturialdeko turismo-lankidetzarako erakundea– eta Urdaibai Biosfera Erreserbaren Zerbitzua –Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendekoa–. Proiektu hau urrats bat” gehiago baino ez dada Urdaibai “helmuga jasangarri gisa posizionatzeko bidean”. Azken urteotan egindako lanari jarraipena eman nahi izan diote eskualdeko erakunde publikoetako arduradunek. “Eragile ezberdinen artean turismo jasangarriaren printzipioak aplikatzeko metodo bat eta borondatezko konpromiso bat da” berau. “Halaber, nazioarteko prestigioa duen egiaztagiri bat da, turismo arduratsu eta kalitatezko bat garatzeko horren garrantzitsua den lan hori aitortzekoa”, ziurtagiria lortu zenean adierazi zuten modura.

Biosfera Erreserbatik jakinarazi dutenaren arabera, “alde horretatik, biztanleria funtsezko pieza da inguruneari bere horretan eusteko, haiek gorpuzten baitituzte lekuaren nortasuna eta turismo-jardueraren zati bat. Ondorioz, bisorea tokiko enpresentzako eta turismo-eragileentzako gune izango da: haien eskaintza ikusteko moduko tokian ipintzeaz gainera, jasangarritasun-balioak eta ingurunearekiko errespetua transmititu ahal izango dituzte. Ildo estrategiko berari jarraituz, bisoreak balio jasangarriei lotutako esperientziak nabarmentzen eta lehenesten ditu”. Funtzionamenduari dagokionez, “bisoreak Urdaibaiko mapa batean erakusten du gure kokapena. Mapa horretan, ostatuak, jatetxeak edo garraiobideak zehazteaz gainera, gure inguruan eskuragarri dauden jarduerak (bisita gidatuak, museoak, mendi-ibilaldiak, uretako jarduerak, kultura- eta gastronomia-jarduerak, eta abar) eta natura- eta kultura-balioagatik interesgarriak diren tokiak ere ageri dira”. Hau da, eskualdeko baliabideak jakitera emateko aukera eskaintzen du.

Tresnak zenbait aplikazio berritzaile ditu. Funtzionaltasunaren ikusgpegitik “berritzaileenari”, akaso, “gehien interesatzen zaizkigun esperientziak hautatu” ahal izatea da, “eta, hartara, gure bisitarako ibilbide pertsonalizatua” sortzeea. “Horretarako, galdetegi bat bete beharko da, eta, erantzunen arabera, bisoreak gure beharretara eta interesetara egokitutako planak iradokiko dizkigu. Adibidez, maskotarekin bidaiatu behar dugula adieraziz gero, tresnak lagun egiteko animaliak onartzen dituzten aukerak erakutsiko dizkigu. Mendi-ibiliak gustuko ditugula adieraziz gero, berriz, Urdaibai aldeko zenbait ibilbide labur emango dizkigu aukeran”.

Helmuga turistikoetan, puntako joera bilakatu dira lurraldeko informazioa eskura ipintzen duten eta esperientziak pertsonalizatzeko aukera ematen duten tresna digitalak. “Modu bisual eta erosoan” eskaintzen dute informazioa, eta, aldi berean, “laguntza polita ematen dute herritarrek errotik ezagutu ditzaten ingurumariak. Izan ere, bisoreak askotariko informazioa biltzen du: lurraldeko natura-ondarea (hondartzak, basoak, ura eta fauna) edo are kultura-, historia- eta herri-ondarearekin loturiko xehetasunak (tradizioak, ekoizleak, jaiak, ospakizunak). Xehetasun erabilgarriak guztiak ere, inguruotako aberastasunaren ikuspegi globala izateko”, aipatu dute.

03/08/2022