Cultura

Ar, orri, har!

Umetan harri-orri-ar jolasean oinarritzen ginen erabakiak hartzeko. Arkitekturan erabakiek asko baldintzatzen dute azken emaitza, onerako edo txarrerako
Berrizen dago kokatuta etxebizitza.

Gure egunerokotasuneko erabaki asko inpultsoz hartzen ditugun moduan txikitan erabakitzeko harri-orri-ar jokoaren bidez hartzen genituen. Gauza jakina den moduan hiru elementu dituen esku joko bat da. Harriak artaziei irabazten die, hautsi egiten baitituzte; artaziek papera garaitzen dute moztu egiten baitute; eta paperak harriari irabazten dio, estaliz. Joko hau askotan bi pertsonen artean zerbait zeinek egingo duen erabakitzeko erabili ohi da, txanpona botaz erabakitzen den bezala. Eta horrela irudikatzen ditut arkitekto asko.

Proiektu bat hastean tendentzia eta bide ezberdinak daude. Kontzeptu teorikoetatik abiatzen direnetatik, Instagramen ezarriko duten azken argazkian oinarritzen direnetaraino. Bide bakoitzean erabaki asko hartu behar dira: funtzionalak, estetikoak, ekonomikoak, txikiak, handiak, garrantzitsuak, sinpleak, gogorrak edota teknikoak. Normalean horiek abordatzeko printzipio, jakintza edo esperientzian oinarritu behar izaten da. Haatik, azkenaldian ikusten ditudan arkitekturek bestela adierazten dute. Erabakiak azkar, ausaz edota fundamentu gabe hartzen dira eta arkitektura askok duten kalitate eskasa horren adierazle da.

Argazkietan, ELE arkitektura eta TARTE arkitekturaren proiektuaren barne eta kanpo espazioak. Aitor Estévez Olaizola

Orrialde honetako eraikina ondu duten arkitektoek, aldiz, logika bat planteatzeaz gain, jolas gisa hartu dute eta Harri-orri-ar deseraiki dute: "ar, orri, harri". ELE arkitekturako Edu eta Eloi Landia, eta TARTE arkitekturako Alex Etxeberria izan dira jokalariak. Hiruren artean jokoko elementuak erabiliz planteatu dute eraikina: harria, papera (egurra, kasu honetan) eta guraizeak. Jokoaren arauak lursailaren jabeak definitu ditu eta ondorengoak dira: etxearen kostua ez da izango herriaren zentroan hiru gelako etxebizitza berri batena baino handiagoa, fatxadetan harri-motaren bat erabiltzea eta leihoek ez dezatela bi metroko zabalera gainditu.

Artazien bidez orubearen malda proiektuaren baldintza eta nahietara moldatzen dute. Eraikina Berrizko (Bizkaia) udalerriaren kanpoaldean dago kokatuta eta iparraldetik hegoaldera bost metro inguruko desnibela du. Altuera aldaketa aprobetxatuz bi mailatan planteatzen da etxea. Behe solairuko oinplanoa bi lekutan mozten da. Hala, iparraldetik aparkaleku estali bat sortu dute, bertatik etxerako sarbidea kokatuz. Hegoaldean aldiz, hatz erakuslea eta luzearekin “V” bat osatuz bezala, eraikinen ohiko laukizuzen forma mozten da.

Goiko solairua iparraldera zabaltzen da, eta bertan funtzio anitzeko espazio irekia planteatu dute. Gainera, argi naturala iristen da beheko espaziora arte. Etxebizitza beheko solairuan garatzen da, euste-horma kokatuta dagoen aldean sukalde eta bainugelak aurki ditzakegu, baita egongela-logelak ere. Bestetik, bi motatako lorategiak ditu Berrizko etxeak. Iparraldeko lorategian, landaredi basatiarekin A8 autobidearekiko iragazki akustiko eta bisual naturala ondu dute. Hegoaldean, ordea, etxeko lorategia, egongela eta gela guztiak bertara zabaltzen direlarik.

Argazkian, ELE arkitektura eta TARTE arkitekturaren proiektuaren kanpo espazioak. Aitor Estévez Olaizola

Hau dena lurrarekiko paralelo den egurrezko estalki batekin estaltzen da, eta indar estetiko handia du. Estalkia eraikinaren perimetroa baino gehiago luzatzen da eta horrela, babestutako espazio bat lortzen da hegoaldean. Barrualdean egurrak presentzia handia du eta armonia bat sortzen du gainontzeko materialekin. Aipatu beharra dago teilatua egiteko erabili den egurra etxeko elementuetan berrerabili dela. Hau da, habeen soberakinekin eta estalkiko taula kontra-laminatuekin altzari guztiak eraiki dira.

Etxearen inguratzailean harriak presentzia handia du. Fatxadako kanpoko geruza kareharriz egin da eta barnealdekoa, adreiluz. Eraikinaren zati guztiak igeltsero-talde txiki batek egiteko diseinatu dira, eta inguruko biltegietan dauden material xumeekin eraikitzeko helburuarekin. Kareharria normalean harri-lubetetan betegarri gisa erabili ohi den materiala da eta bere gordintasuna proiektuan plasmatu da. Gertuko baliabideak bilatu dituzte eta obratik 10 km-ra dagoen harrobi batetik atera da harria. Hau lehorrean eta modu irregularrean jarri da obran, hargintzako eskulana minimizatuz.

Argazkian, ELE arkitektura eta TARTE arkitekturaren proiektuaren barne espazioak. Aitor Estévez Olaizola

Ar-orri-harri jolas berrian irudimenak presentzia handia izan du proiektu honetan eta baita erabakiek ere. Buelta asko eman izanaren emaitza da eta suposatzen dut denbora hartuko zutela horretarako. Gertuko baliabideekin pentsatua eta eraikia izan da, elementuen arteko xehetasunak muturreraino eramanez. Ondo jorratutako erabaki horiek kalitatezko giroa iraunkorra izatea bermatzen dute. Imajinatu gaizki hartutako erabakiek sortu dezaketen egoera. Beraz irakurle, proiektu bat norekin, nola eta noiz egiterako orduan buelta batzuk eman erabakiari. Bitartean, gozatu proiektu honekin!

01/12/2022