Buscar
Actualidad

Arabak bere eskaintza turistikoa aurkeztu du gaur

“Publiko orokorra eta agentziak liluratu nahi ditugu"
Aukezpen horretan egindako irudia
Aukezpen horretan egindako irudia

Araba eta Gasteiz aste honetan beren eskaintza turistikoa ezagutarazten ari dira Andaluziako herritarren, bidaia agentzien eta komunikabideen artean. Horretarako, "zuzeneko informazio gune bat erabiltzen ari dira, baita autobus tematizatu bat ere, lurraldearen natura, ondare eta enogastronomia baliabideen irudi ikusgarriak dituena. Autobusak eta bulego ibiltariak Sevilla, Malaga eta Cadiz bisitatu dituzte egunotan", azaldu dute gaur Arabako Foru Aldundiatik. Kanpainaren helburua bikoitza da: Arabako eskaintza turistikoa ezagutaraztea publiko orokorrari eta helmuga aurkeztea sektoreari eta komunikabideei.

Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatuak, Felipe García arloko zuzendariak eta Pablo de Oraá Gatz Haraneko zuzendari kudeatzaileak helmuga aurkeztu diete aste honetan Sevilla, Malaga eta Cadizko agentziei eta prentsari, autobus tematizatuaren barruan egindako hainbat ekitalditan. Aurkezpenetan parte hartu dutenek Arabako produktuak dastatzeko aukera izan dute: urdaiazpikoa, zezina, Idiazabal gazta, gozokiak, ardoa, txakolina eta sagardoa. “Andaluziako publiko orokorrari gure natura, ondare eta enogastronomia eskaintza ezagutarazten ari gara, liluratu eta bisita gaitzaten, baina bidaia agentziei, touroperadoreei eta komunikabideei helmuga aurkezten ere bagabiltza. Helburua bidaiariak Arabara erakartzea da Aste Santuari, udari eta gainerako urtealdiari begira”, azaldu du Cristina Gonzálezek. Gonzálezek azpimarratu du merkatu nazionala dela turismoaren eragile nagusia Araban –2022an Araba bisitatu zutenen % 71 espainiarrak ziren–, eta adierazi du foru aldundia eta udala “ahalegin handia egiten ari direla, kanpaina honen bidez, bisitari horiek fidelizatzeko eta, aldi berean, bidaiari nazional berriak erakartzeko”.

2023-03-25T19:35:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo