Araba

Arabako Aldundiak 50.000 euro banatuko ditu aurten artisauentzako laguntza zuzenetan

Arabako Aldundiak 50.000 euro banatuko ditu aurten artisauentzako laguntza zuzenetan.
Arabako Aldundiak 50.000 euro banatuko ditu aurten artisauentzako laguntza zuzenetan. / Utzitakoa

Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak 50.000 euro bideratuko ditu aurten lurraldeko artisauentzako diru laguntza zuzenetara, lehiakorragoak izaten laguntzeko. Laguntzen bidez, makinak eta ekipoak berritu, tailerrak eraberritu, web orriak sareko salmentarako egokitu eta prestakuntza ikastaroak edota sustapen jarduerak egin ahal izango dituzte artisauek.

Foru erakundeko iturriek jakinarazi duenez, laguntzak bi programaren bidez gauzatuko dira. Lehenak 31.678 euroko aurrekontua du eta bere helburua da arabar artisauei laguntzea prestakuntza jasotzen, merkataritza eta sustapen ekintzak gauza ditzaten eta kudeaketarako, marketinerako eta salmentetarako teknologia berriak erabiltzen has daitezen beren negozioetan.

Laguntzaren zenbatekoa diruz lagun daitekeen inbertsioaren %70 izango da, eta onuradun bakoitzak 4.500 euro jaso ditzake gehienez ere. Interesa duten artisauek maiatzaren 23ra arte aurkez ditzakete proiektuak, bai eta laguntza eskaerak izapidetu ere.

Cristina Gonzalez Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko diputatuak zehaztu duenez, programa horren bitartez diru laguntza emango zaie artisauei "informatika sistemak eta softwarea eskura ditzaten, kualifikazioa hobetzeko eta osatzeko prestakuntza ikastaroetan izena eman dezaten, katalogoak, eskuorriak eta bestelako sustapen materiala argitara dezaten, azoketan parte har dezaten, eta web orriak diseinatu eta egoki ditzaten sarean linean saldu ahal izateko".

Beste programak 18.060 euroko aurrekontua du eta artisautza sektorea modernizatzen laguntzeko inbertsio proiektuak bultzatzea du helburu. Horretarako, laguntzak emango ditu artisauen jarduna gauzatzeko behar diren makina eta lanabes berriak erosi, muntatu eta instalatzeko, azoketan erabiltzeko karpak eta antzekoak erosteko, eta tailer eta lokaletan eraberritze lan txikiak egiteko.

Laguntzaren zenbatekoa diruz lagun daitekeen aurrekontuaren %80 izango da eta, gehienez ere, 3.500 euro jaso ahal izango dira ekipamenduetan, tresnetan eta azoketarako tresnetan egindako inbertsioen kasuan; eraberritze lan txikien kasuan, aldiz, zenbatekoa diruz lagun daitekeen aurrekontuaren %40 izango da eta 5.000 euro jaso daitezke gehienez. Eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 16an amaituko da.

2025-04-24T16:30:04+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo