Arabako Foru Aldundiak berriz ere bat egingo du Euskaraldiarekin, eta hainbat ekimen jarriko ditu martxan hurrengo asteetan zehar euskararen erabilera sustatu eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozialaren inguruan, foru erakundetik jakinarazi dutenez.
Euskaraldiaren laugarren edizioa maiatzaren 15etik 25era ospatuko da, eta lehen aldiz izango da udaberrian. Helburu nagusiak dira herritarren hizkuntza portaeretan eragitea, euskaraz bizitzeko aukerak areagotzea eta entitateek hizkuntza praktikak bideratuko dituzten neurriak hartzea.
Bada, ariketa kolektibo honen bidez, Arabako Foru Aldundiak ere bere ekarpena egin nahi du euskararen biziberritzearen aldeko mugimenduan. Foru erakundeak apirilaren 1ean eman zuen izena Euskaraldian eta ekimenarekin bat egiten duela jakinarazi zuen bere komunikazio kanaletan.
Horrez gain, parte hartzea hainbat ekimenen bidez gauzatuko da. Horrela, apirilaren 15ean, ekintza dinamikoak egingo dira Gasteizko Probintzia plazan: gune ibiltaria, argazki txokoa, izen-ematearen sustapena eta Euskaraldiaren materialaren banaketa.
Halaber, maiatzaren 15ean, Euskaraldiaren hasiera ospatzeko, eraikin instituzionalak apainduko dira eta ekimenaren presentzia kalean ere ikusgai egingo da.
Azkenik, langileei eta herritarrei dei egingo zaie ahobizi edo belarriprest roletan parte hartzeko, eta horretarako baliabideak eskainiko dira. "Arabako Foru Aldunditik euskararen erabileran jauzi kolektiboa sustatu nahi dugu, guztion artean euskaraz bizitzeko aukerak ugarituz", adierazi dute.