Euskal Autonomia Erkidegoko landa-ostatuetako sarrera eta ostatu-gau kopuruek gora egin dute, eta 14.976 eta 33.876 izan dira guztira, hurrenez hurren; alegia, urte arteko igoera sarreretan %4,5ekoa izan da eta, ostatu-gauetan, %12,7koa, Eustatek emandako datuen arabera. Jatorria kontuan hartuta, Estatuko jatorria izan duten sarrera eta ostatu-gauen kopuruek behera egin dute %18,3 eta %23,3, hurrenez hurren, eta atzerriko jatorrikoek %94,9 eta %86,2 egin dute gora, hurrenez hurren.
Hala, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak egindako establezimenduei buruzko inkestaren arabera, sarrerak eta gaualdiak oro har jaitsi egin dira. Era berean, aurreko urteko urrian jasotakoen azpitik egon arren, nabarmentzekoa da joan den hilabetean erregistratutako sarreren %75 Espainiakoak izan zirela. Txostenean azpimarratzen denez, “aurreko urteko urrikoak baino baxuagoak izanik ere, 2022ko urrian Euskal AEko landa-ostatuetan erregistratutako sarreren %75,2 Estatuko jatorrikoak izan dira. Atzerriko jatorriari dagokionez, 2022ko urrian 3.718 sarrera izan dira, sarrera guztien %24,8, eta 2021eko urrian 1.908 sarrera izan ziren, sarrera guztien %12,2”.
Ildo beretik, Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldeetan, sarreren kopuruaren urte arteko aldaketak ez dira berdinak izan. Izan ere, Araban izan da beherakada handiena; bertan %27 baino gehiago jaitsi da eta Gipuzkoan ehuneko sei puntu inguru. Bizkaian %16,2 hazi da. “2022ko urrian, urte arteko aldakuntzak sarrera kopuruan ez dira homogeneoak izan lurralde historikoaren arabera. Gipuzkoan, sarrera kopuruak %6,1 egin du behera eta, Araban, %27,5, eta, Bizkaian, berriz, %16,2 egin du gora. Ostatu-gauen kasuan ere, Gipuzkoan beherakada izan da, %16,6koa, bai eta Araban ere, %33,3koa; Bizkaian, berriz, aldakuntza positiboa izan da, %11,0 egin baitu gora”, gaineratu dute. Bestalde, establezimendu mota horretako batez besteko egonaldia 2,26 egunekoa izan da 2022ko urrian, 2021eko hil berean baino pixka bat baxuagoa, orduan 2,47 egunekoa izan baitzen. Plazen eta gelen okupazio-mailek urte arteko beherakada izan dute: ehuneko 4,1 eta 4,2 puntu, hurrenez hurren; plazen arabera neurtuta, %24,3, eta, gelen arabera neurtuta, %28,4. Apartamentu turistikoei dagokienez, sarrerek eta ostatu-gauek honako balio hauek izan dituzte: 13.648 eta 52.312, hurrenez hurren. “Aurreko urteko urriarekin alderatuta, sarreren urte arteko hazkuntza %36,3koa izan da, eta ostatu-gauena, %24,9koa. Igoera horiek Estatuko jatorria duten pertsonen kopuruan (%28,0 sarreretan eta %20,0 ostatu-gauetan) eta atzerriko jatorria dutenen kopuruan (%61,3 eta %36,8, hurrenez hurren) izan dira”, azaldu zutenez.
Azkenik, lurralde historikoei dagokienez, sarreren eta ostatu-gauen hazkuntzaren buru Bizkaia izan da, %45,2ko eta %47,4ko hazkuntzak izan baititu, hurrenez hurren. “Gipuzkoan, sarreren igoera %19,1ekoa izan da eta ostatu-gauena, %16,0koa. Araban, azkenik, sarreretan %26,7ko igoera izan da, eta ostatu-gauetan, %4,3koa”, azpimarratu zuten. Bestalde, establezimendu mota horretako batez besteko egonaldia 3,83 egunekoa izan da 2022ko urrian, 2021eko urrian baino baxuagoa, orduan 4,18 egunekoa izan baitzen. “Landa-ostatuen ETHIren erantzun-tasa %94,5ekoa izan da, eta Apartamentu Turistikoena, %85,0ekoa, 2022ko urrian”, ondorioztatu zuten.
Beste datu batzuk
Sektorea aztertzeko egindako azken estatistiketan, zenbakiek Araban eta Euskal Autonomia Erkidegoan turismoan izandako hazkundea islatzen zuten. Zehazki, irailean 19.351 sarrera eta 45.467 gaualdi erregistratu zuren EAEko landa-ostatuetan; hau da, urte batetik bestera sarrerak %25,7 igo dira, eta %12,8 gaualdiak. Horrela, eta ildo beretik jarraituz, irailean landa-ostatuetan erregistratutako sarreren %72,7 Estatukoak izan ziren. “Atzerritar jatorrikoei dagokienez, 5.274 sarrera izan dira guztira, eta 2021eko irailean guztien %16,6 izatetik 2022ko irailean %27,3 izatera igaro dira. Atzerritarren gaualdiak, berriz, aurreko urteko irailean ikusitakoak baino %94,4 gehiago izan dira”, ondorioztatu zuten txostenean. Zehazki, eta zenbakitan, Gipuzkoan %9,1 gehitu zen sarreren kopurua, Araban %20,0 eta Bizkaian %64,8.