Arabako Museoen Foru Sareak Aste Santuko programazio berezia antolatu du, Iruña Veleia aztarnategia eta Kexaako monumentu multzoa barne hartuta, eta, bisita gidatuak eta familian egiteko bisitak eskainiko ditu apirilaren 17tik 27ra.
Arabako Foru Aldunditik jakinarazi dutenez, guztira 11 jarduera izango dira, guztiak doakoak, eta ez da aurrez izenik eman behar, baina kontuan izan behar da tokiak mugatuak direla.
Kexaako monumentu multzoa bisitatzeko, aldiz, erreserba egin behar da 945 101 070 telefonora deituta edo reservas@kalearte.com helbide elektronikora idatzita. Apirilaren 17tik 21era, apirilaren 26an eta 27an eta maiatzaren 1etik 4ra izango dira bisitak.
Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko diputatuak adierazi duenez, "Aste Santuan turista asko etortzen dira bisitan gure museoetara, eta bertokoentzat ere aitzakia ezin hobea da gure museoetara berriro etortzeko, askotariko jarduerak izaten baitira. Hori dela eta, haietakoren bat egitera animatzen ditut herritarrak".
Bestalde, Sobrongo zundaketatik hornidura hobetzeko Foru Aldundia egiten ari den lanak "abiada onean" doaz, Saray Zárate Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Saileko foru diputatuak egin duen bisitan nabarmendu duenez.
Foru arduradunak zuzenean ikusi ahal izan du zer gauzatze egoeratan dagoen esku hartzea, alboan zituelarik Lantarongo alkatea eta Sobron, Bergonda eta Fontechako administrazio batzarretako lehendakaria Esku hartze horretan, "hodi berriak jarriko dira 3 kilometroko tartean, A-2122 errepidearen eta Ebro ibaiaren trazadurari jarraituz, Sobrongo zundaketatik bertatik izen bereko herriguneraino, Playa auzoan".k.
Zundaketa hori baliabide estrategikoa da lurraldean; izan ere, emari handiko iturburu bat da, 100 l/s ingurukoa; gainera, iraganean, haren urak mineraletan aberats eta sendagarri gisa katalogatu zituzten.
Gaur egun, hoditeria berriaren % 64 dago instalatuta, eta zundaketatik presara doan tartearen zati batean hoditeria berria jartzeke dago. Han, lurrak mugitzeko lanak amaitzen ari dira. Laster, Molino erreka Sobrongo urtegira iristen den tokian hura zeharkatzen duen zubiari atxikita altzairu herdoilgaitzezko hoditeria jartzen hasiko dira.