Arabako Ogasunak ia 185 milioi euro itzuliko dizkie zergadunei. Itziar Gonzalo Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru diputatuak errenta kanpainaren aurkezpenean eman du jakitera zifra hori. Hilaren 7an hasiko da errenta kanpaina, eta ekainaren 25ean amaituko.
199.860 zergadunek aurkeztu behar dute aitorpena; "Iaz baino % 1 gehiago da hori, biztanleria aktiboak eta lan etekinen hartzaileen kopuruak gora egin duelako. Eta baita aitorpena aurkezteko betebeharra zergadun gehiagok duelako ere", azaldu du foru arduradunak.
Gonzalok Foru Aldundiak zergadunen mesederako bultzatu dituen neurrien garrantzia nabarmendu du, eta haien isla ikusi da kanpainan, hala nola "oinarri orokorreko tarifaren % 2,5eko deflaktazioa, eta baita familien ahalmen ekonomikoa indartzeko aukera ematen duen 30.000 eurotik beherako errentetarako 200 euroko gutxitzea ere".
Autonomoei zuzenduta, likidezia bultzatzeko helburuarekin, foru arduradunak honako hau aipatu du: "nekez justifika daitezkeen gastuen ehunekoa, forfaita, zeina bereziki nabarmentzekoa baita lehen sektorean". Ardoa eta nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduerak egiten dituzten autonomoen kasuan, etekin garbia murriztu dezakete, gastuak konpentsatzeko ehunekoa (% 70) aplikatuz.
Era berean, salbuetsita geratzen dira 65 urtetik gorakoek lortutako bizi aseguruen kontratuen biziraupen prestazioetatik eratorritako etekinak, eta salbuetsita geratzen dira, halaber, talidomidak kaltetutako pertsonentzako kalte ordainak.
Itziar Gonzalok nabarmendu duenez, "Arabako Ogasunarentzat lehentasuna da herritarren eskura jartzea inguruabar eta premia bakoitzari erantzuteko bide eta baliabiderik egokienak, eta zerbitzu erosoagoa, eskuragarriagoa eta eraginkorragoa eskaintzea".
Aurreko kanpainetan bezala, borondatezko ordezkaritza gauzatzeko aukera dago. Sistema horren bidez, edozein zergadunek bere konfiantzazko pertsona bat izenda dezake hark ordezka dezan eskatzeko. Hartara, konfiantzazko pertsonak berak ordezkatzen duenaren proposamena egiaztatu, behar izanez gero aldatu eta onartu dezake Rentafácilen eta Rentareden.