Gobernuan bakardadean murgilduta egon arren Pere Aragonès ez dago egonean, eta bi hilabeteko epean desjudizializazioaren afera hitzartzera deitu du Pedro Sanchez, Estatuko Aurrekontuak elkarrizketa mahairako negoziazioetatik eta Zigor Kodearen balizko erreformetatik bereiziz, sedizio delituaren kasua tarteko. Gai horretan zuhurtziaz lanean ari direla berretsi du Generalitateak, azken puntu horri buruzko galdera guztiak saihesteraino. “Oso argi dago, Zigor Kodean dauden izaera politikoko hainbat delitu erreformatu beharrekotzat dituztela nazioarteko instantzia guztiek. Suitzak, Alemaniak eta Frantziak halaxe egin zuten demokraziara eta giza eskubideetara egoki-tzeko”, azpimarratu zuen atzo Patrícia Plaja bozeramaileak. Maila horretako erreformak gauza-tzeko behar besteko gehiengo parlamentariorik ez dagoela dioten Moncloatik bidalitako mezuei buruz galdetuta, zera adierazi zuen buruzagi errepublikanoak, “urtea amaitzerako hitzartu behar ditugu akordio berri horiek. Eta lortuz gero, gehiengoa izango da”.
Kataluniako Gobernuak ez du gai horietan bi gobernuen arteko “kromo-trukaketarik” nahi, Estatuko kontuak Kongresuko alderdien jardunera mugatuz. Nolanahi ere, Europako Kontseiluaren eta Nazio Batuen Erakundearen nazioarteko gomendioei jarraituz, sedizioa erreformatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari: “Horiek direlako jarraitu beharreko ibilbide-orririk egokienak. Ebidentzia bistakoa da, sedizioa eta antzerako beste delitu batzuk mantenduta, berretsi eta egiaztatu besterik ez dela egiten Espainiako Estatuak gaur egun defizit demokratikoa duela”, aipatu zuen Plajak. Kataluniako Gobernuak Zigor Kodearen erreforman zer nahi duen publikoki zehaztu ez arren, argi adierazi zuen “Gobernuak jakin badaki zein den aukerarik onena”. Gaiarekin jarraituz, Europako Kontseiluaren Parlamentu Batzarrak urriaren 1ean presoei buruz onartutako txostena jarri zuen adibide gisa; Boris Cilevics Lege Gaien eta Giza Eskubideen Batzordeko presidenteak egindakoa da, sedizio eta matxinada delituen erreforma defendatzen ditu, baita euroaginduak erretiratzea ere.
Aldi berean, Aragonesèsen kabineteak txalotu egin zuen Europako Kontseiluko idazkari nagusi Marija Pejcinovicek berriki sinatutako txostena. Bertan berretsi egiten da, adierazpen-askatasunak babestu egiten dituela politikariek independentziaren alde bide baketsu eta legaletatik egindako aldarrikapenak, nahiz eta dokumentu horretan kasu zeha-tzik aipatu ez. “Azken urte hauetan Espainiako Estatuak ikusi nahi ez, eta Generalitateak defendatzeari utziko ez diona aldarrikatzen du berriro Europar Kontseiluak. Mugimendu politiko demokratiko eta baketsua den independentismoari ezin zaio jazarpenik egin” azpimarratu zuen Plajak. Kataluniako Gobernuaren interpretazioaren arabera, Europako Kontseiluak “argi adierazten du ezin zaizkiela zigor penalik ezarri adierazpen askatasuna modu baketsuan erabiltzen dutenei”, eta, aldi berean, “garbi jasotzen du neurrigabeko zehapenak saihesteko, zigor penalak aztertzearen garrantzia ere”.