Actualidad

Arangoitiko jantokian ere, elkarlanean

2022-2023 IKASTURTEA PANDEMIARI AGUR ESAN ETA ELKARLANA BERRESKURATZEKO UNEA IZATEN ARI DA aRANGOITI IKASTOLAN
Maialen Zarranz, 4. mailako ikaslea.

Arangoiti Ikastolan Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleak elkarrekin ikustea oso ohikoa da, ikastola txikia izanik, adin ezberdinetako ikasleez osaturiko taldekatze ezberdinak eguneroko gauza baitira. Denok elkar ezagutzen dugu.

Suhar Lusarretak eta Adur Irurozkik taldea osatzen dute jangelan. Arangoiti Ikastola

Zorionez aurtengo ikasturtean gure ohiko funtzionatzeko eratara itzultzen ari gara pixkanaka: elkarrekin jolasten, irteerak batera egiten, mahastiko auzolana burutuz, gela ezberdinetan lanak aurkeztuz, talde heterogeneotan lanak eginez… Eta guzti horien artean bereziki pozik berreskuratu dugun ohitura jantokiko bikote eta arduradun lanak izan dira. Hauek zer diren argitzeko ikasleengana jo dugu zuzenean galdera batzuk egitera.

Suhar Lusarreta Puncel 6. mailako ikaslea da. Berarekin elkartu gara jantokiko lehen txandako fun-tzionamenduaz aritzeko: “Gure txandan mahaika antolatzen gara, mahai bakoitzean 3. zikloko 3 ikasle eta Haur Hezkuntzako beste 3 ikasle daude. Heldu bakoitzak txiki baten ardura dauka”.

Baina zein da, zehazki, ikasle helduenak duen ardura hori? Lusarretak argi dauka: “Gure ardura bikotekideak ondo jaten duela, ez duela jolasten, ongi esertzen dela, eskuak garbitzen dituela eta begiralea heldu arte bere gelan lasai eserita dagoela ziurtatzea da”.

Suharren bikotea Adur Irurozki Armendariz da. “Berarekin mahaian egoten naiz, hitz egiten diot eta ondo portatzeko eta ez jolasteko esaten diot”. Dioen bezala, txikiekin harreman gehiago izatea da gehien gustatzen zaiona. “Konfinamenduan ezinezkoa zen elkartzea eta gure adinekoekin egon behar izaten genuen beti. Aldaketa ona da eta asko gustatzen zait”.

Hala ere, ardurak baditu bere zailtasunak ere: “Batzuetan txikiek ez dute kasurik egiten, jolasteko gogoak dituztelako edo bere lagunekin egon nahi dutelako, urduri daudelako... Horrelakoetan kon-pontzen saiatzen naiz, eta bestela begiraleari laguntza eskatzen diot”. Ikasi ere, asko ikasten dute ikasleek, berak onartzen duen bezala: “Helduok umeak zaintzen eta beraiekin egoten ikasten dugu, normalean gure adinekoekin egoten garelako. Txikiei arauak betetzen laguntzen diegu eta ondorioak sahiesten erakusten diegu. Baditugu hobetzeko gauzak ze ez dugu beti beti euskaraz egiten, normalean txikiekin euskaraz aritzen gara, baina gero gure lagunekin batzutan ahaztu egiten zaigu eta erdarara jotzen dugu”.

Maialen Zarranz Domeño 4. mailako ikaslea da. Berak jantokiko 2 txandan bazkaltzen du, Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. zikloko ikasleekin batera. Txanda honetako funtzionamenduaz aritu gara berarekin solasean: “Mahaia jartzen laguntzen diogu begiraleari, mahaia jasotzen dugu bazkaria bukatzean, kanpaia jotzen dugu eta ikasleak altxatzen direnean eserita egon behar direla gogoratzen diegu modu egokian”. Baliabide berezi bat ere badaukate arduradunek, Maialenek argitu digun bezala: “Jendea ozenki edo oso fuerte hitz egiten ari denean, kanpaia jotzen dugu, bolumena jeisteko. Abisua da”.

Maialenek ez dauka ardura zeha-tzik, hauek txandakatuz doaz eta. Orokorrean, gustatzen zaio antolakuntza modu hau: “Lehen jendea oihukatzen zebilen, molestatzen eta janaria botatzen. Orain ditugun arauekin eta ardurekin hori ez da gertatzen”. Bere, iritziz, gainera, asko ikasi daiteke: “Janaria jateko dela barneratzen, bolumena kontrolatzen, ongi eserita egoten, lagunak errespetatzen…”.

Ikasleek elkarrizketa honen bitartez adierazi bezala, elkarlana bueltan da Arangoiti ikastolan. Elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko aukera guztiak probestuz heziketan aurrera egiten egunerokoan.

24/12/2022