Berriz ere gain gainean dugu Euskara Batzordeak antolaturiko udazkeneko kulturaldia. Urriaren 31n hasi eta azaroaren 5era bitarte, gisa guztietako ekitaldiak izanen dira.
Urriaren 31n, astelehenarekin, 18:30ean, Aritz Ganboa artzainaren erronka biltzen duen Bideak dokumentala ikusteko aukera izanen da liburutegian.
Baserritarren Eguna
Azaroaren 1ean eginen den Baserritarren Egunaren 26. edizioaren prestaketan ari da Ekaitza Elkartea. Goizean, frontoian eta plaza inguruan, bertako ekoizleen elikagaiak, eskulanak, aziendak, ostatua eta gazta lehiaketa izanen dira bertako musikariek girotuta. Gazta lehiaketan, partaide bakoitzari gazta bakoitzarengatik 25 euro emanen dizkio Ekaitza Elkarteak. Sariei dagokienez, lehenbiziko saria 150 eurokoa izanen da, bigarrena 100 eurokoa eta hirugarrena 60 eurokoa.
Azaroaren 4an, ortziralean, Etxe izenak: ezaugarri orokorrak eta Arantzako erabilera izenburua duen solasaldia emanen du Andres Iñigo hizkuntzalari eta euskaltzain iturendarrak. 19:00etan liburutegian izanen da.
Biharamunean, larunbatean, haurrek hartuko dute lekukoa eta Oso printzesa iletsua antzerkia ikusteko aukera izanen dute 17:00etan eskolan. Gora Gora Fest 2022 programaren barreneko emanadia da, ipuin kontaketa antzeztu dibertigarria. Pertsonaiak, ipuinen bitartez, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, bizikidetza, tratu-berdintasuna eta diskriminazio eza lortzeko, printze urdin baten bila dabil; ederra, dotorea, kuxkuxeroa, zaldi eta gazteluarekin, abereekin kantatzekoa, eperrak jatekoa eta zoriontsua izatekoa. Baina bere bila dabil beregandik ihes egiteko. Ilunabarrean, 19:30ean, herriko etxeko gorapean, kultur egunei akabaila emateko, Aire ahizpak taldeak kantaldia eskainiko du.
Igandean, azkenik, 16:00etan gaztetxoentzako partxis txapelketa eta 18:00etan helduentzako mus txapelketa izanen dituzte Ekaitza elkartean.