Gipuzkoa

Aretxabaleta bere eremu osoan ezagutzen lagunduko duen liburua

Abasolo eta Madinabeitia, liburuaren egileak.

Julen Abasolo Gallastegik eta Gorka Madinabeitia Perezek Aretxabaleta bere eremu osoan ezagutzen lagunduko duen liburua kaleratu dute. Herrigunea; Usitte-Galartza-Apotzaetxebarri; Azatza-Larriñu-Bedoña; Arkaraso-Arientza-Korueta; Kurtzebarriko haitzak; Degurixa... Herriko bazterrak, izenak eta istorioak ezagutzera emateko helburuarekin urte askotan zehar egindako lana batu dute Loramendi Elkarteko Toponimia taldeko kideek. Datorren larunbatean aurkeztuko dute Arkupen, 12.00etatik aurrera.

Herri inguruko auzo, eta mendietako zein erdiguneko ibilbideak jaso dituzte liburuan; guztira, hamabi. "Argazkiek ere garrantzia handia dute bazterrak ikusteko, alde batetik, eta baita panoramikoen bitartez toponimoak kokatzen laguntzeko. QR bidez tracka eta hegaldi simulatuak ere eskuratu daitezke bertan", azaldu du Abasolok.

Loramendi Elkartearen barruan sortutako Toponimia taldeak bultzatu zuen ekimena 2010ean, Ibilbide historikoak izenburupean, eta hainbat irteera egin zituzten orduan. "Bakoitzaren gaineko informazioarekin liburuxka bana argitaratu zuten", gogoratu zuen Abasolok. Talde haren lekukoa hartu zuten geroago Julenek eta Gorkak, eta azken urteotan toponimiari buruz egin duten lan mardula Aretxabaleta. Hamaika ibilaldi eta istorio liburuaren 235 orrietan batu dute.

Baserri, haitz, tontor, zelai, erreka, bidegurutze eta txoko guztien izenak jasotzen saiatu dira. Ez dira artxiboetan ibili. Ahoz aho transmititukoetatik abiatuta eraiki dute kontakizuna. "Lagun askorekin, adinekoekin eta paraje bakoitzeko bizilagunekin egon gara", zehaztu du Madinabeitiak. Izenekin batera, makina bat pasarte eta bitxikeri eskaintzen ditu liburuak. Guztira 200 ale atera dituzte Udalaren finantzaketarekin eta otsailaren 5ean egingo den aurkezpenean eskuragarri egongo dira.

Hamabigarrena eta azkena, larunbatean Liburuan jasotako ibilaldien artean, hamaika eginda daude. Hamabigarrenaz, aldiz, larunbateko ekitaldiaren ondoren gozatuko dute. "Kortaburu aldera joango gara; Urkuluko presatik Zubillaga aldera, Gorordora igo eta Urrexolagaraitik buelta", zehaztu dute. Baina aurretik, Atxabalta ezauketan dozulakoan? leloarekin herriko 15 dendatako erakusleihoetan otsailaren 4ra arte hainbat argazki jarri dituzte ikusgai liburuaren berri emateko. Lau ale zozketatuko dituzte. Bertan parte hartzeko, komertzio horietako batean erosketa bat egin beharko da eta erosketa-txartelaren atzealdean hamabost denden izenak idatzi ondoren, Arkupen ipini duten kaxan sartu beharko da.

02/02/2022