Cultura

Argi izpi bat desgaraian

‘Gauden aldian’ diskoa argitaratu berri du Desgaraian taldeak. Abestien bidez, azken hiru urteetako ibilbidearen erretratua egin dute haien lehenengo lanean
Argazkian, Desgaraian taldea osatzen duten sei kideak.

Pandemia garaian jaio zen Desgaraian, eta nekez okurrituko zitzaien desgarai baten definizio hoberik. Hortik jaio zen taldearen izena, eta orain, Gauden aldian diskoa kaleratu dute. Pandemia bukatu zen, baina desgarai hori ez zen bukatu, eta aldi gorabeheratsu horri kantatu diote. Pop musikaz eta letra sakonez, hamar abestiz osatutako lana sortu dute.

“Jende ona ezagutzearen zorteak eraman gintuen taldea sortzera”, adierazi du Jon Gurrutxaga (Azpeitia, 1996) taldeko abeslariak. Haren ustean, talde bat sortzeko ezinbestekoa da hau. “Lagunarteko proiektu bat bezala ikusten dugu, eta gure helburu bakarra abesti onak egitea da, gure motibazioa artistikoa da besterik ez”. Gaur egun helburu hori orokortzen ez den arren, dio, askotan motibazio ekonomiko eta komertzialak gailentzen baitira.

2020an elkartu zen seikotea. Gurrutxaga Errime taldetik zetorren, eta hura bukatuta zerbait egiteko gogoa zeukan. Bertsotan aritzen da ere, baina musikarekin zerbait egiteko asmoa zuen aspalditik. Peru Iparragirre (bateria) laguna du aspalditik, eta berarekin hitz egin zuen lehenengo. Garikoitz Ortiz de Villalba (teklatua) batu zitzaien gero, eta hirurek ideia berdinak zituztela ikusi zuten, bai musikari dagokionez, baita politikaz eta pentsamenduez ere, eta zerbait egin zezaketela ikusi zuten. Ondoren, Xabi Agirrezabalarekin (gitarra), Markel de Reparazekin (gitarra) eta Ekain Alzolarekin (baxua) osatu zuten taldea. Zoe Martikorenak diseinua eta argazkiak egin dizkie, eta taldeko beste kide bat bezala hartzen dute: “Artista izugarria da, eta lan handia egin du. Bere inplikazioa ez da izan enkarguz lan egitearena bezala. Taldearen errailetara murgildu da esan nahi genuena ulertzeko, eta hori irudien bitartez adierazteko modua bilatzeko”, azaldu du musikariak.

Estiloak eta mezuak

Ohitura dago musikan genero jakin batzuk mezu edo eduki zehatz batzuekin lotzeko. Rock edo punk musika, letra iraultzaileekin lotu ohi da, adibidez. “Gure ustez ez dauka zerikusirik estiloak eman nahi duzun mezuarekin”. Pop doinuen atzean krisi klimatikoa, nazioarteko testuinguru belikoa, inflazioaren gorakada edo jendearen pobretzea ikus daiteke Desgaraian taldearen abestietan. “Euskal eszenan, eta estilo hauetan, ikusten dugu badagoela joera errealitateari ihes egiteko. Gure ustez, ezin duzu kantatu egun ederrak etorriko dira jendea dagoen egoeran egonda”. Etsipenean erori gabe, errealitatea den bezala irudikatzearen aldekoak dira haiek. Zintzotasun horrek jendea engantxatu duela uste dute, jendea identifikatuta sentitu delako.

Argi dago denboraren kontzeptua taldearen ardatzetako bat dela. Abestietako letretan ere asko landu dute, eta perspektiba desberdinetatik begiratu diote. “Denbora den jauregitik egotzi nahi gaituzte” kantatzen dute Desgaraian abestian, adibidez. Egungo gizarte kapitalistak lanaren bitartez jendearen denbora lapurtzen duela salatzen dute. Beste ikuspuntu guztiz desberdinetik lantzen da denboraren gaia Bat gehiago abestian. Bertan, denbora azkarregi agortu zaienak ekarri dituzte gogora. “Denbora oso kontzeptu zabala da, eta jolas poetiko handia dauka. Oso erakargarria da, nire ustez”.

Kolaborazio bereziak

Miresten eta estimatzen dituzten artistekin lan egiteko aukera izan dute. Letren konposizioan lagun izan dituzte Aitor Bizkarra eta Leire Bilbao, Hitzak eta Piztiak, eta Ezer barik kantetan. Kolaborazioek diskoari “kontrapuntu batzuk” eta “beste arnas batzuk” ematen diotela adierazi du abeslariak. Sortu zuten lehenetariko abestia Begi argiz izan zen, eta behin amaituta emakume baten ahotsak abestia aberastuko zuela ikusi zuten. Segituan etorri zitzaien Idoia Asurmendiren izena, eta berarekin grabatu zuten: “Kantu horrek badauka zerbait jendea harrapatzen duena”. Asurmendirekin batera zuzenean kantatzeko aukera izan zuten otsailaren 24an, lehen aldiz, eta “oso berezia” izan zela aitortu du Gurrutxagak.

Otsailean izan zuten diskoaren aurkezpen kontzertua, Azpeitiko gaztetxean. Espero baino jende gehiago gerturatu zen, eta “oso harrera beroa” izan zutela adierazi dute. Orain hiru urte bertan eman zuten lehenengo kontzertua, eta aldi honetan gauza asko aldatu dira: “Kantuek prozesu luzea bizi izan dute, eta kantu berdinak izan arren, ia ez dute zerikusirik hasierakoekin”. Horrez gain, talde bezala ere “askoz batuago eta sendoago” entzuten dira orain. Aurkezpen kontzertuan jendeak zuzenekoaren indarra nabarmendu zien.

Aurrerantzean kontzertuak emateko asmoa dute, nahiz eta aitortu duten zaila izaten dutela seiak koinziditu ahal izateko: “Ez gara honetatik bizi, eta jendeak beste talde batzuetan jotzen du baita ere”. Hala ere, tarteak ateratzen dituzte. Apirilean Bergaran joko dute, eta udaberri aldera kontzertu gehiago eskainiko dituzte.

14/03/2023