Buscar
Navarra

Arizkun Rock jaialdiaren aurtengo edizioa azkena izanen da

Ekainaren 23an ospatuko duten kontzertuarekin agur erranen diote 10 urteko ibilbideari
Eider Bidegain eta Albaro Soule (aurtengo kamisetarekin), Arizkun Rockeko aitzineko urteetako kartelekin.
Eider Bidegain eta Albaro Soule (aurtengo kamisetarekin), Arizkun Rockeko aitzineko urteetako kartelekin.

Heldu den ekainaren 23an ospatuko da, azken Arizkun Rock Jaialdia. Arizkungo gazteek, jaialdiaren antolatzaileek hala jakinarazi dute aste honetan zabaldutako oharrean. Partekatutako informazioan adierazi dutenez, “10 urte pasatu dira Arizkun Rock sortu zenetik, eta orduz geroztik, milaka istorio, bizipen, pasadizo, bilera, kilometro, huts eta etengabeko ikaskuntza izan ditugu, Arizkunen egon diren publiko, langile, teknikari, musikari eta artistei ahalik eta esperientzia onenak eskaintzeko asmoz”.

Aitortu dutenez, “ez da bide erraza izan, oztopo eta traba ugari eduki arren, arras kontent eta eskertuak daude proiektu hau aitzinera eramaten lagundu eta posible egin duzuen guztiekin”. Gainera, modu pertsonalean, urte hauetan eraikitako esperientzia eta laguntasun hauek betirako eramanen omen dituzte euren bihotzetan. Arizkun Rocken amaieraren inguruko erabakia aspaldidanik heldu dela argitu dute, “ongi hausnartua izan da”. Izan ere, azpimarratu dutenez, lan-karga arras handia omen da hain antolakuntza ttipiarendako. Urte aunitz direla eta neke-puntua gero eta nabarmenagoa dela azaldu dute eta jarraipenik ez dagoenez, ziklo hau hestea erabaki dutela. Horrela ulertzen omen dute bizitza, “dena hasi eta akitzen da, eta horregatik, hemen Arizkun Rocken bukaera”.

Jaialdiaren azken iragartzearekin batera esker oneko hitzak partekatu nahi izan dituzte urte hauetan guztietan lagundu dituztenendako: “Arizkungo jendeari, Arizkun Rockeko kide izan zinetenei, hainbat zereginetan laguntzeko prest egon zaretenei, merchandising-a erosi diguzuenei, babesleei, honetan sinetsi duzuenei, publikoari, langileei, musikariei eta artistei, mila esker”.

Arizkungo San Juan besten baitan antolatu izan dute jaialdia, eta bere akabaila iragartzearekin batera, argi utzi nahi izan dute oraindik ez dela bukatu, eta azken edizioa eginen dela. Urtero bezala, herriko bestetan izanen da Arizkun Rock, oholtzatik agur erranen du jaialdiak. Azkena, ekainaren 23an izanen dela aitzinatu dute, eta azken edizioa, berezia izaki, aspalditik ari omen dira maitasun eta ilusio handiz prestatzen, “Arizkungo plazan ikusiko dugu elkar”.

Urtero egindako moduan, bertzalde, Arizkun Rockeko merchandisinga ere prest dute, eta 15 euroan salgai dauden kamisetak aurkeztu dituzte dagoeneko.

IBILBIDEA 2014. urtean sortu zuten Arizkun Rock ekimena, eta geroztik aunitz izan dira Arizkungo plazako oholtza zapaldu duten musikariak: Sofokaos, Juantxo Skalari & Rude Band, Ze Esatek!, Ufestuek, Esne Beltza, Kaotiko, Nafarroa 1512, En Tol Sarmiento, Jon Maia, Olaia Inziarte, Skabidean, Drunken Barrels, The Lio, Skakeitan eta hasieratik iaz arte, edizio guztietan parte hartu duten Tirri & Tery disko jartzaile baztandarrak. Jaialdi ederrak izan dira, denen gogoan geldituko direnak, dena den, hau ez da bukatu, oraindik azkena falta da. Ekainaren 23an ospatuk oden Arizkun Rockeko azken edizioko xehetasunak laster emanen dituztela azaldu dute antolatzaileek.

2023-03-11T16:33:04+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo