Gipuzkoa

Arrasate: Udaldi magiko eta ahaztezina proposatzen du Txatxilipurdik

Udaleku itxietarako zein irekietarako izen-ematea zabalik dago
Txatxilipurdi Elkarteko hezitzaileak udaleku irekien aurkezpenean.
Txatxilipurdi Elkarteko hezitzaileak udaleku irekien aurkezpenean. / Txatxilipurdi.

Actualizado hace 8 minutos

Euskaraz, naturaz, sormenaz, bizikidetzaz…; eta elkartasunaz eta talde lanaz bustitako oporraldi paregabeak sortu ditu, beste behin, Arrasateko Txatxilipurdi Elkarteak. Aurkeztu berri diren udaleku itxi zein irekiek “egunerokotasunetik irtenda, uda garaian esperientzia berriak bizitzeko eta harreman berriak sortzeko” aukera eskainiko dituzte.

Gainera, zaintza erdigunean jarriz, “pertsonen ahalduntzean, garapen pertsonalean eta tratu onetan oinarritutako udalekuak” antolatu dituztela ere nabarmendu dute Txatxillipurdiko kideek.

Garaion Sorgingunean eta 'Kosta ala Kosta'

Era honetan, udaleku itxiak bederatzi eta 18 urte bitartekoei zuzenduta egongo dira, eta hiru eskaintza dituzte: batetik, zortzi eguneko kanpaldia egingo dute, ekainaren 29tik uztailaren 6ra, Garaion Sorgingunean (Ozaeta, Araba).

Adin tartearen arabera, bi herrixkatan banatuko dituzte: Aizkomendin eta Gebaran. 

Bestetik, 'Kosta ala Kosta' udaleku ibiltaria prestatu dute uztailaren 6tik 13ra arte, Arrasaten hasi e eta, Gipuzkoako mendiez disfrutatuz, Mutrikuko kostalderaino.

Udaleku itxiei buruzko informazioa jasotzen duen kartela.

Udaleku itxiei buruzko informazioa jasotzen duen kartela. Txatxilipurdi.

Arrasateko kale eta naturguneetan barrena

Horiekin batera, udaleku irekiak ere proposatzen ditu Txatxilipurdik, kasu honetan, bi eta 12 urte arteko haur eta aurrenerabeentzako izango dira, ekainaren 30etik uztailaren 18ra bitartean. “Arrasateko kale eta naturguneetan barrena, besteak beste, egun-pasak, mendi bueltak eta ur jolasak izango dituen eskaintza dibertigarri eta dinamikoa sortu dugu”, azpimarratu dute elkartetik.

Adinaren arabera, hiru talde osatuko dituzte: 'Bilin Bolonka' deitutakoa, 2019 eta 2022. urte artean jaiotakoentzat izango da, eta 10.00etatik 13.00etara elkartuko dira.

'Bihurrekeixetan' taldeari dagokionez, aldiz, 2016 eta 2018. urte bitartean jaiotakoei zuzenduta dago. Goizerako edo egun osorako eman ahalko da izena.

Azkenik, 'Erokeixetan' taldean 2013 eta 2015. urte artean jaiotakoek parte hartuko dute. Astean bi egunez 10.00etatik 17.00etara elkartuko dira, eta beste hiru egunetan, 10.00etatik 13.00etara.

Udaleku irekien kartela.

Udaleku irekien kartela. Txatxilipurdi.

Izen-ematea apirilaren 13ra arte egongo da zabalik

Udaleku itxietan eta irekietan izena emateko hainbat bide daude: Txatxilipurdiren webgunean; QR kode baten bidez; Nafarroa Etorbidean 23. zenbakian elkarteak duen bulegoan (astelehenetik ostegunera, 9.30etik 13.30era, eta 15.00etatik 17.00etara), edo telefonoz (943 79 54 46).

Informazio puntuak

Era berean, informazio puntuak ere ipiniko dituzte programei buruzko zalantzak argitzeko asmoz: ostegun honetan, Kurtzetxiki plazan, 17.00etatik 18.30era; eta hurrengo egunean, ostiralean, institutu aurrean, 17.00etatik 18.30era.

2025-02-25T00:28:17+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo