Asteazken honetatik datorren asteazkenera bitartean, Arriaga plazak 'Balioak gara' izeneko argazki-erakusketa jasoko du. Ekimen hau uriko zortzi barrutietan egongo da ikusgai abendura arte. Ostiral honetan, azaroak 4, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok inauguratu egin du.
Erakusketa 17 irudik osatzen dute, eta Bilboko Balioen Agiria irudia bistaratzen dute. Argazki bakoitzak balio bat irudikatzen du, eta guztietan protagonistak udalerriko pertsona anonimoak dira. Berebiziko garrantzia du horrek, gogorarazten digulako Balioen Agiria partekatutako dokumentua dela, herritarren parte-hartzetik eta adostasunetik sortua.
Erakusketaren prozesu sortzaile eta artistikoan parte hartu dutenetako batzuk inaugurazio-ekitaldian izan dira, Bilboko alkatearekin, Oihane Agirregoitia Herritarren Arretako eta Partaidetzako eta Nazioarteko Gaietako Saileko zinegotziarekin eta Udalbatzako beste kide batzuekin batera.
Juan Mari Aburtok adierazi duenez, erakusketa honekin “Bilboko Balioen Agiria beste modu batera erakutsi nahi dugu, modu artistikoan, baina, batez ere, herritarrengandik hurbilago”. Ildo horretan, Bilboko alkateak erantsi du “17 argazkiek aurpegia jartzen diete, anonimoa, gure balioei, eguneroko egoerak erakusten dituztela, eta gure egunerokotasunera herritarrengana ekarriz”.
Azkenik, Aburto alkateak azpimarratu duenez, “ekintza honekin balioak kalera atera ditugu, Bilboko 8 barrutietako edozeinetatik paseoan dabiltzanek erakusketa ikusteko eta gozatzeko aukera izan dezaten. Bidez batez, erakusketak hausnartzeko balio dezan nahi dugu, balioetan oinarritutako gizarte bat, gizarte bidezkoago, berdinzaleago eta hobe bat lortzeko ezinbestekoa dela pertsona guztien ahalegina eta konpromisoa”.
8 barruti, 8 aste
Erakusketaren helburu nagusietako bat da pertsona guztientzat eskura egotea, “guztiongana iristea”; hori dela-eta, datozen bi hilabeteetan, Bilboko zortzi barrutietan batetik bestera lekualdatuko da erakusketa, astero-astero.
- Arriaga plaza: azaroaren 2tik 9ra.
- Karmelo plaza (Santutxu): azaroaren 9tik 16ra.
- Campo Volantín, Nerbioi hotelaren aurrean: azaroaren 16tik 23ra.
- Kepa Enbeitia plaza (Otxarkoaga): azaroaren 23tik 30era.
- Botikazarra:, azaroaren 30etik abenduaren 7ra.
- Uribitarte pasealekua (Ingelesen Landa): abenduaren 7tik 14ra.
- Errekalde plaza: abenduaren 14tik 21era
- Osasun Langileen plaza: abenduaren 21etik 28ra.
Balioak garatzeko plana
Ekintza hau Bilboko Balioak garatzeko planaren barruan dago, Bilbao Balion Hiria zeharkako proiektuan. BBH parte-hartze bidezko ekimen bat da, Bilboko Udalak sustatua, baina, hasiera-hasieratik, herritarren elkarlanarekin eraikia eta garatua.
Bilbao Balioen Hiria proiektuaren helburua da uria ezaguna eta aitortua izatea ez bakarrik birgaikuntza, berreskuratze eta eraldaketa ekonomikoagatik, baita beraren balioengatik ere. Helburua da gune bat sortzea, erakundeen, era guztietako entitateen, enpresen, hedabideen, talde politikoen eta herritarren artean analisia egiteko, hitz egiteko, hausnartzeko eta lankidetzarako.
Horren emaitza, 2018ko martxoan Udalbatzarrak Bilboko Balioen Agiria onartu zuen; datozen urteetan Uria eta bilbotarren elkarbizitza egituratu behar duten 17 balioak identifikatu ziren agiri horretan. Ondoren, Garapen Plan bat definitu zen, eta agintaldi honetan zehazten da bide-orri batean, dokumentuaren 17 balioak gauzatzeko ezarri beharreko ekintzak definitzen dituena.
Balioen Agiriari atxiki nahi zaizkion pertsona edo erakunde guztiek nahikoa dute Udalaren webgunean edo Bilbao Balioen Hiriaren webgunean eskura daitekeen inprimaki erraz bat betetzea.
Agiriarekin bat egiten dutenek agiriaren edukiaren eta muinarekin bat datozen jarrerak eta jokabideak izateko eta sustatzeko konpromisoa hartzen dute. Agirian jasota daude bilbotarren ustez Uriko elkarbizitzaren ardatz izan behar duten 17 balioak: Giza Eskubideen errespetua, justizia soziala, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna, elkartasuna, dibertsitatea eta inklusioa, konpromisoa, ingurumen arloko jasangarritasuna, elkarbizitza, identitatea, ahalegina, erantzunkidetasun, partaidetza, konfiantza, sormena, zintzotasuna, ilusioa eta osasuna.