Buscar
Gipuzkoa

Arrietako ur deposituan eguzki plakak jarri ditu Oiartzunek

Instalakuntzak inguruko udal eraikinen energia kontsumoaren %8 sortuko du
Arrietako ur deposituko teilatuan ipini diren 187 panelak.
Arrietako ur deposituko teilatuan ipini diren 187 panelak.

Oiartzungo Udalak Arrietako ur deposituaren estalkian 187 eguzki-panel jarri ditu, 406 metro koadroko eremuan. Udal eraikinak energiaz hornituko ditu 85,1 kWp-ko instalakuntza honekin.

Konkretuki, sortuko den energia bertatik 500 metrora dauden udal eraikin ezberdinetan erabiliko da: ur deposituan bertan, udaletxean, Fermiñene etxean, aparkalekuetan, Elizalde eskolan…

Eguzki plaka hauek urtean 85.870 kWh sortuko dituztela aurreikusten da, eraikin horietan kontsumitzen den energiaren %8 inguru. Honi esker, Udalak 21 tona CO₂ isurtzeari utziko dio. Proiektu honek 86.000 euroko aurrekontua izan du eta Udalak aditzera eman duenez, instalakuntza honekin energia trantsizioan aurrerapausoak ematen jarraitzen du.

Udaletik gogorazi dutenez, 2013an hasi zen bere eraikin eta kaleko argiteriaren elektrizitate eta gas kontsumoa neurtzen. Ordutik, energia kontsumoa murriztu eta efizientzia hobetzeko neurri ezberdinak hartu ditu: instalakuntza guztiak modu zentralizatuan monitorizatu eta kontsumoen jarraipena egin, led lanparak jarri, orduaren eta eguraldiaren arabera kale argiteriaren argitasuna kontrolatu, eraikinetan termostatoak eta presentzia detektagailuak jarri…

Ekintza hauei esker, azken lau urteetan %13 jaitsi da Udalaren argindar kontsumoa. 2018an 2.043.998 kWh-koa izan zen. 2021ean aldiz, udal instalakuntza berri gehiago zeuden arren (Arizmendienea etxea, Karrikako bidegorria, Iturriotz eta Altzibarko aparkaleku berriak, Lintziringo argiteria berria, Arraguako igogailua…), kon-tsumoa txikiagoa izan zen: 1.787.790 kWh-koa.

Etorkizunean

Energia erabilera murriztu eta kontsumitutakoa berriztagarria izateko egitasmo gehiago gauzatuko ditu aurki Oiar-tzungo Udalak, jakitera eman duenez eta 312.150 euro bideratuko ditu 2023an proiektu hauetara. Besteak beste, Elorsoro kiroldegian ere 100 kWp-ko instalakuntza fotovoltaikoa egin eta auto elektriko berri bat erosiko dute. Udalak hiru auto eta moto elektriko bat ditu gaur egun.

Egitasmo hauekin guztiekin energia subiranotasunaren pausoak eman nahi ditu Udalak; kontsumoa murriztuaz eta energia lortzeko eredu berriztagarriak erabiliaz.

2022-12-08T06:45:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo