Gure mundua ulertzea ez da erraza izaten. Batzuetan, guk gure burua ulertzeko ere zailtasunak ditugu. Pertsonen arteko gaizki ulertuak eguneroko gauza dira. Artea bera, bere espresio modu guztiak kontuan hartuta, ez da beti ulertzen den zerbait izaten. Baina, zer gertatuko litzateke beste planeta batetik etorriko balira gu ezagutzera? Ze irudi izango lukete kanpotar hauek gurekin aurkitzerakoan? Nola ulertuko lukete egiten edo sentitzen duguna? Agian, beraien ezjakintasunean, gure mundua guk baino hobeto ulertzeko gai izango lirateke. Galdera hauek ardatz bezala hartuz, Muak familia osatzen duten partaideak bueltan dira beraien sormen lan berriarekin: Muak ET. Sei atalez osatutako web telesail edo telesail motz bat, non 6 emakume sortzailek elkarrizketen bidez beraien lana azaltzen duten, esketxak, musika eta beste hainbat elementurekin batera.
Zer gertatuko litzateke beste planeta batetik etorriko balira gu ezagutzera? Hori planteatzen du webserieak.
“Muak duela 5 urte sortu zen firma bat da, eduki batzuekin gauzatzen dena. Eduki hauek ikus-entzunezkoak, artikuluak edo beste hainbat lan izan daitezke, eta hau guztia partaidetza handi batekin”, Muak taldearen sortzaileetariko bat den Jokin Etxeberriaren hitzetan. Bera ikus-entzunezko lanen munduan ibili da beti, kamera aurren eta atzean lan eginez, telebista eta zinea tartekatuz, besteak beste. “Muak ireki genuenetik duela bost urte, hainbat proiektu egin ditugu eta otsailaren 1ean estreinatu genuen telesail berri hau”. Proiektu hau interneten aurki dezakegun web telesail kontsidera daiteke, nahiz eta sortzailearentzat gehiago den telesail labur bat. “Zazpi minutuko sei atal dira, estralurtarrak daudela medio. Telesaila ikusten duenak jakingo du beraiekin kontaktuan jarri bagara edo ez, kar kar kar”. Beraiek bilatu duten helburua gure mundua nola ulertu estralurtar baten ikuspegitik izan da. “Guk egin duguna ‘ikerketa’ bat izan da, planteatuz nola sartu ideia sortzaile bat elkarrizketa batean. Horretarako estralurtarrak erabili ditugu, pentsatuz, agian, beraiek daukatela gure mundua hobeto ulertzeko gaitasuna”.
Sortzaileen ikuspuntutik
Lana euskaraz da eta, hortaz, Euskal Herrian zehar begiratu dute ze emakume izan zitekeen gai estralurtar bati bere mundua azaltzeko. “Sei elkarrizketa egin ditugu. Argazkilari bat, futurista bat edo sukaldari bat, adibidez, batuz. Horrez gain, gure artxiboarekin, Muzker raplariak, Gaston Haag gidoilariak, Maiana Agorrody argazkilariak eta nik neuk, Aritzella izeneko ko-aurkezlearekin batera, osatu dugu saltsa hau”, azaldu du Etxebarriak. Formatu honekin magazine digital bat sortu nahi izan dute, artistikoki kode desberdin batzuk nahasten dituena. Telesaila aurkeztu berri izan badute ere, jadanik sariren bat ere jaso dute Baltimoren (AEB) edo Biarritzen egindako web telesailen jaialdi desberdinetan. Etxeberriarentzat webserie terminoak ez du definitzen guztiz azken lan honen nortasuna. Interneten zabalkundearen lehen urteetan Youtube edo beste plataforma batzuetan ohiko bihurtu ziren telesail xumeak, istorio laburrak kontatzen zituztenak pantaila txikietan ikusteko. Hala ere, gaur egun telesail hauek eboluzio bat izan dute eta beraien kalitatea eta helburuak asko aldatu dira. “Webserie izena eman diogu lanari, baina nik ez nuke guztiz etiketa hori defendatuko. Telesail motz bat da. Egia da interneten zabalkundean duela urte batzuk formatu hori definituagoa zegoela, baina gaur egun ez dago horren mugatua”.
Muak lan taldearentzat orain erabili duten formatua ez zaie arrotz egiten, lehen ere beste telesail batzuk sortuak zituztelako. “Lehenago beste lau proiektu ere atera ditugu. Egin genuen bat formatu oso berdinarekin konfinamendu garaian Muak Eco Fight izenarekin”, kontatu du Etxeberriak. Esperientziak beti laguntzen du hobetzen eta egindako lanek eboluzio bat izan dute urte hauetan zehar. Pandemia heltzerakoan egoerari moldatu behar izan zuten eta beraien sormen lanak beste ukitu bat hartu zuten. “Muak-en hastapenetan gehiago lantzen genituen dokumental motzak, baina konfinamendua heldu zenean gure ideia serie motz bat egitea izan zen. Egoera hartan dokumentalak egitea oso zaila zen, argi dagoenez, eta horregatik hasi ginen beste proiektu batekin”. Egoerak eragindako oztopoak gainditzeko beste zerbait egitea pentsatu zuten. Festibal batzuetara aurkeztu ziren eta sariren bat ere irabazi zuten. Proiektua arrakastatsua izan zenez, berriz errepikatzeko gogoa sartu zitzaien. Hortaz, Muak Eco Fight formatua hartu eta “pixka bat hobetu ondoren”, sortzailearen esanetan, beste proiektu berri hau ondu dute: Muak ET.
Estralurtarrak
Muak ET proiektuak duen ukitu berezienetako bat estralurtarren gaia da. Sei emakume sortzaile elkarrizketatzeko beste mundu batetik etorritako izakiak jartzerakoan aurrean, aurreiritzirik ez duen norbaiti egiten dutena era libreago batean azaltzeko aukera ematen die. Protagonistak atal bakoitzean Garazi Navas, soinujole esperimentala; Amaia Castorene, sukaldaria; Izarne Oyarzabal, dantzari garaikidea; Camille Chopin, argazkilaria; Ziomara Hormaetxe, koreografoa eta Ane Abarrategi, ekintzaile eta futurista dira. “Magazine honetan gauzak kontatzeko estilo edo modu desberdin bat, freskoagoa nahi genuen. Gure gonbitaren bitartez beraien lana ezagutzeko aukera dago”. Sormen lan hau gazteei begira egin dute gehienbat, baina gaztetasun ratio horretan jende asko sar daiteke. Muak-en hastapenetan argi utzi zuten partaideek beraien lanak publiko berezi batentzat zela. Jokin Etxeberriak aurkezle lanak bete izan ditu ETBn lehenago eta gidatutako saio horietako bat Burp! izan zen. Bertan ikus zitezkeen gero Muak definitzen duten pintzelkada batzuk. “Azken programa honetan gauza desberdinak egiten genituen, nahiko ganberroak, probokatzaileak, underground ukitu batekin. Irratian ere ibili nintzen, baina baneukan gogoa ukitu desberdin hori zuen lanarekin jarraitzea. Askatasun puntu hori daukan lanarekin jarraitzea”, aurkezlearen esanetan.
Covid-ak sortutako egoeraren ondoren lan egiteko moduak asko aldatu dira. Telelana edo etxetik lan egitearena orokortu egin da gaur egun. Orain ez da leku finko batera mugitu beharrik gure eginbeharrak betetzeko eta jende desberdinarekin izan daitekeen kontaktua estuagoa da urrunago hel gaitezkeelako. Muak-ekoentzat lehendik izandako esperientzia lagungarri izan da eta, gainera, internet bidez kolaboratzaile desberdinak lor ditzakete lanaren arabera. “Azken urteetan talde bat sortzen ari gara, baina beti daude kolaborazio desberdinak. Duela urte batzuk Burp! sortu genuenean Maiana Agorrodyk eta nik, Euskal Telebistari saltzea lortu genuen”. Beraien sormen lanak erakusteko plataforma bat izateak asko lagundu zien momentu hartan. “Egia da ere pandemiaz geroztik on line lan egiten asko ikasi dugula, gauzak bidaltzen dizkiogu batak besteari eta ez dugu hainbeste bilkura egiten. Ez gara egoten elkarrekin lehen bezain beste eta gainera asko herrialde desberdinetan bizi gara. Interesgarria da horrela lan egitea”.
Estilo probokatzailea
Muak taldeak gaur egun gero eta ohikoagoa zaigun lengoaia erabiltzen du bere proiektuak garatzerakoan. Estilo ganberro eta probokatzaile ukitu batekin azken joerak eta sorkuntza artistikoak erakusten dituzte. Jokin Etxeberriak dioenaren arabera, “mezua kontuan hartu behar da, baina baita hau nola adierazi ere. Gaur egun hainbat lengoaia mota ditugu telebistan edo zineman, baina orain internetekoa erabiltzen dugu batez ere eta uste dut gauza asko daudela asmatzeko oraindik”. Muak bezalako guneen bidez, era xume batean, parte hartzaile asko batzeko aukera izaten da. Hala ere, horrelako formatuak egiteko Etxeberriak beharrezko ikusten duena “daukagun askatasuna mantentzea da. Hori dugun bitartean pozik gaude”. Horregatik guztiagatik kolaboratzaile berriak jasotzeko prest izaten dira aurrera daramatzaten lanetan. Ez dute beraien burua talde itxi bat bezala kontsideratzen, baina hala ere ez dute gonbidapen zehatzik egiten. “Gu ez gara masoiak. Nahiko genuke, baina ez gara, kar kar kar. Hortaz, ez dugu egiten gonbidapen zehatzik; gertatu zaigu kasting bat egin genuela fikziozko serie bat egiteko eta Muzker raplaria deskubritu genuela. Ez genuen aukeratu seriea egiteko, baina oso ondo pasatu genuen berarekin, elkarrizketa bat egin genion bere lanari buruz eta gurekin lan egiteko proposatu genion”. Baten batek idatzi ere egin die zuzenean beraiekin lan egin nahi zuelako. “Muak kontzeptu aspektu horretan nahiko irekia da”, sortzailearen hitzetan.
Etorkizunera begira ideia desberdinak planteatzen jarraituko dute. Lehen helburua azken lan hau jaialdi eta bestelako lekuetan aurkeztu eta defendatzea da. “Duela lau urte borroka historiko bat muntatu genuen Olentzero eta Aita Noel aurrez aurre jarrita eta txorakeria batzuk egiten liderrak izan nahi dugu”.