Navarra

Artearen Ibilbideak 12 erakusketa prest ditu aurten Baztanen

Gutxienez zortzi erakusketa bisitatzen dutenek zozketa batean hartuko dute parte
Jose Luis Alzugarayk aurten ere antolatu du erakusketa Elizondoko Jaime Urrutia 3.ean.

Aurten ere Baztanen arte eskaintza zabalarekin gozatzeko aukera ederra izanen da udan, Artearen Ibilbidearen edizio berri bati esker. Adierazpide desberdinetako 12erakusketa bisitatzen ahal izanen dira guztira.Aurten gainera, berrikuntzarekin dator Artearen Ibilbidea, izan ere, zortzi erakusketa edo gehiago bisitatzen dutenek Baztango Udalak antolatutako zozketa batean parte hartuko dute eta bi lagunendako afaria, Baztango Zaporeak elkarteko produktuz osatutako xareto bat edo Baztango liburu sorta bat irabaz dezakete.

Zozketan parte hartzeko derrigorrezkoa da 16 urte baino gehiago izatea eta txartela pertsonala da. Aipatu bezala, zortzi erakusketa edo gehiago bisitatu beharko dira eta erakusketa bakoitzaren zigilua bisita egindakoan eskuratuko da, erakusketa bakoitzeko bana. Parte hartzeko orria bete eta irailaren 15a baino lehen entregatu beharko da Arizkunenean. Lehen saria bi lagunendako afaria izanen da; bigarren saria Baztango Zaporeak elkarteko produktuz osatutako xareto bat eta hirugarren saria Baztango liburu sorta bat.

ERAKUSKETAK Erratzun, Joxe Mari Apezetxea eta Roque Lasaren lanak ikus daitezke, Zubietean; Diana Iniestarenak bere tailerrean. Arizkunen, Santxotena museoan Xabier Santxotenaren eskulturak eta Teresa Lafraguaren margolanak; Sasternea etxean, berriz, Xabier Soubeletenak. Elizondon, Jose Luis Alzugarayren erakusketa Jaime Urrutia 3.ean; Memoria bat, mila kolore. Gaztelu bat, mila irudi, Arizkunenean; baita Tomas Sobrinoren margo erakusketa ere, lehen solairuan; Fernan Gorostidirena Jaime Urrutia 15ean egonen da ikusgai; eta Anandaren eta Mila Estebanen margolanak, bi artistek Jaime Urrutia 48.ean duten erakusketan.

01/08/2022